“Oraindik ez da aski preziatu AHTrekin lortutakoa”

  • Legazpi, 1947. Hedabideetan eta administrazio politiko lanetan aritua. Espainiako Kongresuko diputatu izan da azken bi legealdietan EAJren izenean. Ez da berriz aurkeztuko: “Erabaki bat hartu dut oraingoz, Madrilera ez joatea” esan digu, politikan segitzearen asmoz galdeturik.


2011ko azaroaren 13an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
"Orain arte ezker abertzalearentzat inkoherentea Madrilera joatea zen. Orain, zer nahi dute? Burua zuritu. Ikusiko dugu zer den koherente edo inkoherentea izatea"

Ez zara Espainiako Kongresurako aurkezten berriz ere. Arrazoia?

Bizitza profesionalean ez dut sekula lan berean zortzi urteko epea gainditu. Gipuzkoako Diputazioan zortzi urtez egon nintzen, gabinete buru lehenik eta gero diputatu. “Orain, bizitza laboralean amaitzear zaudela ez duzu lege hori beteko?” galdetu diot nire buruari.

Badakizu, beti espekulatzen da...

Ez dago besterik. Hautagai izateko alderdiak “prest zaude aurkezteko?” galdetzen dizu. Nire kasuan, eskualdeko buru Joseba Egibarrek deitu eta “uzteko erabakia hartuta daukat” esan nion. Harritu zen, bestela pentsatzen baitzuen. Azaldu nizkion nire arrazoiak. Arrazoi absoluturik ez dago noski, edo gutxitan.

Zein da Madrilgo esperientziaren balantzea?

Pertsonalki oso aberasgarria izan da. Kontestuz aldatzea oso aberasgarria da nornahirentzat. Kontestuz aldatu eta lan berrietara joaten zarenean aberasten zara. Praktikan ikusi dut hori. Ofizio berria ikasi behar izan nuen, ez bainintzen parlamentaria ordurarte izan. Politikaren ofizioa ezagutzen nuen, Gipuzkoako Diputazioan, baina ez hori zehazki. Madril oso gutxi ezagutzen dut, eta Madrilgo politika are gutxiago orduko hartan. Zortzi urte hauetan politika zer den ezagutu dut, zer jende dagoen politikan, jendearen arteko harremanak nolakoak diren. Ofizioa ikasi dut, ez parlamentari bezala soilik, politika barrutik ezagutu ahal izan dut, Kongresuaren barruko eraketa zehazkiago zein den. Joan nintzenean baino askoz gehiago dakit.

Kazetari aritu ondoren politikari bihurtu zinen. Nola ikusten dituzu hedabideak politikariaren ikuspuntutik, nola politika kazetari senetik?

Joko bat egiten dut horretan, konbentzimenduz egin ere, eta da: politikarien artean komunikabideak defendatu ditut, eta komunikabideen artean politikariak. Biak ala biak dira beharrezkoak. Askotan, komunikabide zenbaitek “politika nik egingo dut” eta politikari batzuek “komunikabideak nik maneiatzen ditut” nahi izaten dute. Nik ez bata ez bestea defendatu dut. Oreka behar da, eta hori ez dago une onean. Uneon oreka une txarra dagoenez, bai politikariak bai komunikabideak oso irudi txarra hartzen ari dira. Balorazioetan oso baxu dabiltza biak, bakoitzak bestearena behar adina ez duelako errespetatzen.

Badugu zer ikasia ofizio hauetan ari garenok.

Bai. Politikariak, ez dut zalantzarik esateko, komunikazioaren auzi hau ez du behar bezala lantzen. Iruditzen zaio bestea zor zaiola. Alegia: “Nik edozein gauza esaten dut nahi dudan bezala, eta nolanahi, eta kazetariak jakin behar du titular ona egiten. Areago, neuk idatziko nukeen testua baino hobeto idatzi behar du kazetariak”. Ez, ez, hori politikariaren egitekoa da, komunikazioa bere egitekoa da. Komunikabideak egingo du berea. Eta bestalde, noski, komunikabideei esan behar zaie, ez jartzeko politikarien ahotan eurek esan nahi dutena. Ez idatzi informaziorik gabe eta aurreiritziekin, alegia.

Bi legealdi eman dituzu Kongresuan. Egiguzu zortzi urteko balantzea.

Zapatero presidenteak bizi izan duen aldi bera ezagutu dut. Madrilera iritsi eta inpresio hau hartu nuen: presidentea zela presidentea izatea pentsatzen ez zuena [Zapatero], aldiz, oposizioan zegoena [Rajoy], burutik sekula ez zitzaion pasa ez zela presidentea izango. Horrek desoreka sortu zuen. Beraz, lehenengo lau urteak hori egonkortzeko behar izan ziren, finkatzeko, bien aldetatik. Zapatero aingerutxo bat bezala heldu zen eta errealitateak pixkanaka zera erakutsi zion: “Aizu, presidentea zara”. Presidentea zara, kontestu batean, politikaren indar harremanen munduan. Izan ere, batzuetan, bazirudien mundu berri bat inbentatzera zihoala. Adibidez, Espainiako Ejertzitoa Irakeko gerratik atera zuenean. Jende askok “honek dena konponduko du” esaten zuen. Baina agintea, agintea da. Zure agintea ez dago mundu honetatik aparte. Bera ere errealismora etorri zen. Bigarren agintaldian, krisia etorri zen, ametsetan inondik ere pentsatu ez zuena, eta oro har, inork ere ez. Bere programan langabezia desagertuko zela idatzita zegoen, pentsa.

PP, aldiz, nola ikusi duzu?

Aznar joan berria zen, eta guretzat, adibidez, ematen zuen mundua aldatzera zihoala. Rajoy iritsi zen, alderdian arazo pila zeukan, ikaragarriak. Beraz, bere mundua gobernatzen hasi behar izan zuen, oposizio modu bat aurkitzen. Nik ohore bat daukat: Zapaterok galdu zuen lehen bozketa Kongresuan, neuk presentatutako mozio batengatik. Mozioa AHTri buruzkoa zen. Guk, IU, CiU eta abarrek boto horiek bagenituen, eta lehenengo aldiz lortu genuen PPk botoa guri ematea. Orduan, PP gehi besteok irabazi genion Zapaterori. Hau da, PP pixkanaka etorri da joko parlamentario normalizatura, hain normalizatua, ulertzeko diot, zortzi urteren ondoren berak gobernatuko duela berriz ere.

Artean, zein izan da EAJren esperientzia edota ekarpena?

Lehen legealdian egokitzea oso gogorra izan zen. Akordatu Ibarretxe lehendakaria Kongresura joan zela, eta zer-nolako erantzuna eman zioten. Aznarren agintaldia pasa arren, PSOEk jarrera onik ere ez zuela ohartu ginen. Ondoren etorri zen EAJ Eusko Jaurlaritzatik botatzea, PSOEk eta PPk bat eginda. Gu haserre ginen noski, baina talde bezala lortu genuen berregokitzea, gure egoera finkatzea. Eta hasi ginen esan bezala, PPrekin bozketa bat irabazten eta ezker-eskuin mugitzen, gurea lortzeko.

PSOErekin akordioak lortu dituzue, krisi ekonomikoak “behartuta” nolabait.

Bai, baina gurekin bezala, akordioak beste batzuekin egin zitzakeen. Berak boto batzuk behar zituen, eta jaso zitzakeen CiUrenak edota ERCrenak. Baina geuk lortu dugu hori, talde parlamentario baten abilitatea da hori. Zu baldintzatzen zaituen kontestuan zure rola aurkitzea.

Horrek ekarri zuen, esaterako, Kontzertu Ekonomikoaren blindatzea.

Bai, besteak beste. Niretzat oraindik ez da aski preziatu AHTrekin lortutakoa. Zapaterorekin moldatze berezi batera iritsi ginen. Ez da bakarrik AHT egingo duzun edo ez, baizik eta Eusko Jaurlaritzari AHTren parte handia egiten uztea. AHT Kontzertu Ekonomikoaren xedapen baten arabera egingo du Gobernuak. Hori egin izan ez balitz, nik zalantza handiak ditut Gipuzkoako AHT egingo ote zen. Egingo zen Burgostik Bilbora, Gasteizen barrena, baina Gipuzkoako adarra... Gainera, hori gure eskumenaren erabilera bermatzea da, Kontzertu Ekonomikoa ez baita gauza erretorikoa.

AHT aipatua: Gipuzkoan sektore asko kontra dauka.

Bai. Baina hori beste debate bat da.

Baina, zuk nola ikusten duzu auzi hori?

Nik ikusten dut, gizarte guztietan izan direla eta badaudela abiadura handiko trenaren kontrakoak beti. Kongresuan ikusi dut, Kataluniako edota nornahiko guztiek “hori nire etxean egin dezaten azkar” eskatzen. Nik ez nuen guztiek eskatzen zuten hori buruan, aitzitik, AHT nahi ez izateak nire buruarengan gehiago pentsarazi dit beste ezerk baino. Izan ere, Kongresuko eztabaidan Mediterraneoko edo Atlantikoko korridorea aukeratzekoa zen. Europa eta Estatua konektatu beharra dago Pirinioen alde batetik. Beti hala izan da. Ezin baituzu mendi puntetatik korridore zabala egin, ertzetatik baizik. Norteko ferrokarrila ere hala egin zen. Beraz, zer zentzu dauka beti konexio bide izan direnak AHTren konexio bidea ez izatea?

ETAren osteko aroa heldu da. Horrek Estatuaren marko sozio-politikoaren birmoldatze beharra ekarriko al du?

Bai, baina ez bake prozesuarengatik, bestela, behar delako baizik. Ez dezagun pentsa, gauzak atzekoz aurrera jarrita konpontzen direnik. Aspalditik daukagu hoti aztertua EAJn, –eta PP eta PSOEko diputatuekin ere bai– eta nik beti defendatu dut birmoldaketa ezinbestekoa dela, gusta ala ez gusta. Kontua da nola egiten den, egin baitaiteke zu gabe, edo zure iritziaren kontra edo zure iritziarekin kontatuz eta adostutako kontestu batean. Gauza bat da bake prozesua, eta beste bat, kontestu horretan errealitate sozio-politiko ekonomikoak exijitzen digun berregituratze sendoa Estatuko administrazioan eta ekonomian. Hori da datorren legealdiko zeregina.

Amaiur Espainiako Gorteetan izango da. Iñaki Antiguedad hautagaiak neurrian parte hartuko dutela adierazi digu orriotan. Areago, euren kasuan inkoherentea litzatekeela orain, eguneroko politikan normaltasunez jardutea...

Inkoherentzia handiagorik egiten ez badute, ongi doaz. Nik apustu egiten dizut inkoherentzia handiak egingo dituztela, han eta hemen. Ez dakit zer den neurrian parte-hartzea. Astelehenetan bai, eta asteazkenean ez, goizean bai, arratsaldean ez.

(...)

Kontua da parlamentari izan edo ez, lan egin edo ez. Ez dago besterik. Beste gauza bat da parlamentari izan eta lan ez egin, lan mugatua egin soldata kobratuz. Bakoitzak ikusi behar du zer egin nahi duen. Badago gauzak justifikatzeko modu asko, baina horrek ez nau kezkatzen, haiek jakingo dute.

Alegia, eurek diotenez, hainbat lege ez dira aprobatu gabe geratuko haiek Madrilen ez daudelako adibidez.

Hori baino ez badute egiten...

Ezkor zara.

Izan ere, orain arte inkoherentea Madrilera joatea zen. Orain, zer nahi dute? Burua zuritu. Ikusiko dugu zer den koherente edo inkoherentea izatea.

Zalantzati zaude. Bilduren efektua izan da lehenik, orain Amaiur dator.

Gauza bat gaizki egin da: gauza asko lotu zaie behar ez ziren gauzei, zenbat gauza baldintzatu dira... Zu legalizatuko zaitugu, baldin eta... Hor daude lege antiterroristaren akordioa edo espetxe politika. Hau da, zuk gizarteratze lana egin behar duzu ETA egon ala ez. Batzuei gustatzen zaie dena nahasian eramatea, niri ez. Nik ez dut ETAk indarkeria utzi behar izatea ni demokrata izateko, ETAk tiro eman dionari nire babesa emateko ez dut horren beharrik izan. Demokraziak bere legeak ditu eta zuk ezin dituzu baldintzatu. Badatoz gure esparrura, politikara, ikusiko dugu duela lau –edo zortzi edo hamabi– urte defendatzen zutena defendatzen segitzen duten edo ez.

Baina, Bildu, adibidez, ez da soilik ezker abertzalea.

Nik esan ohi dut alderdirik gabeko jende baten bilgunea dela batetik, eta bestetik jenderik gabeko alderdi bat dela.

Dena dela, EAJk jipoia hartu zuen Bilduren aldean Gipuzkoako hauteskundeetan, EAJren porrota izan zen nolabait.

Jipoia hauteskundeen emaitzen ondorengo kudeaketan izan zen, ez hainbeste hauteskundeetan. Izan ere, demokrazian botoa zuk kudeatu behar duzu. Nire alderdiak tratua egin izan balu PSOErekin edo PPrekin eta Bildu kendu izan balu, hori ere demokratikoa izango zen. Halere, ez dakit denak ados egongo ziratekeen horretan. Gestio demokratikoa egin da eta egoera horretara eraman gaitu, ados. EAJren emaitza txarrak baino botoen kudeaketak ez dela behar zuena izan uste dut, eta “porrot” antzeko batera eraman duela zuk diozun bezala. Nik horrela sentitzen dut...

Horretan ez duzu bat egin alderdiarekin.

Nik eginahalak egin nituen Bilduri ez uzteko Gipuzkoako Diputazioa. Nire jarrera pertsonala da, mila motibo tarteko, gipuzkoarrentzat interesgarria zelako beste gobernu bat izatea.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Abiadura Handiko Trena
AHTren Ezkio-Itsasoko loturak “arazoak” dituela dio Espainiako Gobernuak eta Gasteizkoaren alde egin du

Oscar Puente Espainiako Garraio ministroaren esanetan, Nafarroarekin lotura egiteko aukerarik "onargarriena" Gasteizkoa da, Ezkio-Itsasoko ibilbideak "konplexutasun teknikoak" dituelako.


AHTren obrak eta Renfe: murrizketak eta buruhausteak Gipuzkoako tren zerbitzuan, zazpi urtez

2017an Gaintxurizketan tunela zulatzen hasi zirenetik etengabeak izan dira AHTko obrek Renferen tren zerbitzuan eragindako murrizketak eta kalteak. Orain, Espainiako Garraio Ministerioak iragarri du udaran hainbat astez etenda egongo dela zerbitzu hori Hernani eta Irun artean... [+]


2024-04-22 | Ahotsa.info
Sakanak tren publiko eta sozialaren aldeko apostua egiten du

Manifestazio jendetsua egin dute Altsasun AHTren lanak gelditzea eta gaur egungo trenbidea hobetzea eskatzeko.


Larunbatean manifestazioa egingo dute Altsasun: “Trena benetako garraiobide bihurtu dadin”

AHTren kontrako eta trenaren aldeko eragileek deituta, manifestazioa egingo dute Altsasun apirilaren 20an, larunbatarekin, tren-azpiegiturak berritu eta trenen maiztasuna handitzea eskatzeko. Alternatiba bat badagoela gogorarazi dute deitzaileek eta azterketa hori aurrera... [+]


Baskoien beste herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Nafarroan eta AHTren lanek suntsitu ditzaketela salatu dute

Muru Artederreta herrian, Murugain izeneko muinoan, Burdin Aroko herrixka baten horma agerian geratu da, AHTren lanentzako laginak hartzen ari zirela.  Bizilagunen hango elkarteak salatu du trenarentzako tunel baten ahoa eraikitzeak harresiaren zati bat suntsituko lukeela.


Julio Villanueva (AHT Gelditu)
“Abiadura Handiko Trenik gabeko Nafarroa posible da”

Abiadura Handiko Trenaren inguruan mintzatu dira zenbait ekintzaile asteazkenean Iruñeko Zabaldin osatu duten hitzaldian. Italiako Val Susa bailarako adibidea bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan dute han sortutako mugimenduaren ordezkari bat etorri delako... [+]


Iñaki Arriolak dio AHTren lanak amaituta ikusteko oraindik “urtetxo” batzuk beharko direla

Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak onartu du herritarrak "nekatuta eta haserre" daudela obren iraupenarekin. "Euskal Y" deiturikoaren hormigoizko azpiegituraren lanak 2025ean amaituko direla hitz eman du, baina gaineko egitura guztia eta hiriburuetarako... [+]


AHT eta tren sozialerako egungo trenbidea egokitzea eskatu dute Altsasun

Nafarroa Trenaren Alde, Araba Trenaren Alde eta Goierriko AHTrik Ez plataformek Altsasun egindako prentsaurrekoan egin dute eskaera: tren lasterrak soilik erabiltzeko trenbide-azpiegitura berriak eraikitzeko proiektuak geldiaraztea, gaur egungo tren-azpiegiturak berritzea eta... [+]


Eguneraketa berriak daude