Orain arteko jendetsuenetakoa izan da aurtengo ArteDrama Euskal Laborategia

  • Egunero batezbeste 150 ikusle elkartu dira Aulestiko frontoian. 2022ko ArteDrama Euskal Laborategia topaketak Pazko Astean egingo dituztela iragarri dute.

Argazkia: Iasone Parada

2021eko urriaren 01an - 13:45
Azken eguneraketa: 15:48

Jendetsua izan da aurtengo ADEL. Ediziorik jendetsuenetakoa. Eta gozatua hartu dute parte hartzaileek, aktore zein ikastaroetako ikasleek eta irakasleek, antolatzaileek eta zelan ez, ikusleek. Sormena hartu eta eman egin behar da, eta hamaseigarren urtez hori zintzo bete dute Artedramaren bidelagun zaharrek zein berriek.

Ander Lipus Artedramako kideak gogora ekarri du urtero-urtero erantzun ona izaten dutela. “Zorionez, aurtengoa ere oso ondo atera da. Dena oso ondo joan da. Hamaseigarren edizioa izan da, erraz esaten da, baina badira jada batzuk”.

Berrikuntza nabarmena izan dute aurtengo topaketek: emanaldi guztiak frontoian egin dituzte, eta “jende asko” ibili da. Egunean batez beste 150 bat ikusle eduki dituzte: “Uste dut inoiz baino jende gehiago ibili dela egunero. Kontuan hartu behar da ez zirela Pazko Asteko egunak, lanegunak ziren, eta hala ere jende kopuru polita ibili da frontoian. Horrekin ere oso pozik gaude. Astearte batean 150 pertsona egotea 21:00etan kristoren arrakasta da euskal teatroarentzat”. Beraz, balorazio “oso positiboa” egin dute.

Irailaren 20tik 25era sei emanaldi hauek eskaini dituzte frontoian: Amua (Axut kolektiboa), Antigone (Horman Poster), Lurrun Minez (Mauma Kolektiboa), Iluntzen (Mairu), Porno VS. Afrodita (Benetan Be Teatroa) eta Atzerrian Lurra Garratz (Huts Teatroa eta Artedrama).

Erreleboa hartzeko harrobia

Ikusteko, sortutakoa erakusteko ez ezik, ikasteko, sortzeko, sormena lantzeko ere bada Artedrama. Eta zeregin horretan aritu dira Lea Espazioan ikastaro trinkoak jaso dituzten hamalau ikasleak. Lipus izan da irakasleetako bat eta talde “oso bikaina” eduki dutela azpimarratu du: “Ikasleak oso gustura egon dira ekarri ditugun proposamenekin, hau da irakasleek eman dituzten ikastaroekin. Ikusi dute zein betea den egiten dugun programa, eta oso intentsoa dela. Baita ere ikusten dutelako, aurten nahikoa argia izan da hori, dituzten irakasleek gero euren antzerki lanak ematen dituztela, eta euren proposamenak ikustea oso interesgarria egin zaie. Jende oso gaztea izatea oso pozgarria da, badagoelako harrobia, Dantzertin eta Madrilen ikasten dabiltzan gazteak dira. Erreleboa badatorrela ikusteak poza ematen du, antzerkia ikasteko gogoz jendea badagoela ikusteak. Hori deskubritzea polita izan da”.

Ikasleak eta irakasleak mundu berrietan zehar murgildu dira, eraiki eta deseraiki egin dute, joko eszenikoa bere egin dute, eta sorkuntza eta nortasuna lantzean, maitasuna ekintzetan adierazi dute.

Argazkia: Olatz Gorrotxategi.

Bestalde, urtez urte Artedrama posible egiten dutenen babesa eta laguntza nabarmendu du Lipusek, Aulestiko Udalagaz lankidetzan eta herritarren laguntzagaz egiten baitute. “Urtero herritarren inplikazioa handia izaten da: Lea Espazioa daukagu ikastaroetarako, Ilunzar tabernak afariak ematen dizkie taldekoei musutruk, norbanakoek etxeak uzten dizkigute gauza batzuetarako… Sekulako inplikazioa dago herritarren artean. Horrek proiektua herrikoiagoa egiten du. Herriak bere hartzen du jaialdia baita ere, eta hori eskertzekoa da. Herriarekin batera sortzen den jaialdia da; herriak asko eskertzen du, eta hori igartzen dugu. Askotan herritarrak hurbiltzen zaizkigu esatera jaialdia Aulestin izateagatik eskertuta daudela”.

Betiko datara buelta

Hamaseigarrena agurtuta, hazazpigarrenari begira daude jada. Eta 2022ko Artedrama Euskal Laborategia Pazko Astean egingo dutela iragarri dute. Ohiko egutegira bueltatuko dira. “Hamazazpigarrena laster, sei hilabete barru izango da, apirilean. Gogotsu gaude, hurrengora begira orain, eta ea topaketa hauekin aurrera jarraitu ahal dugun, eta egoera pixka bat gehiago normalizatzen den eta Pazko Astean egiten dugun”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artedrama Euskal Laborategia
Artedrama topaketak antolatu dituzte Aulestin

Hainbat ekintza eta tailer eskainiko ditu Artedrama Arte Eszenikoen plataformak irailaren 20tik 25era bitartean. Informazio guztia dago eskuragarri ekitaldiko egitarauan eta webgunean.


Iraganeko mamuak

Dei batek gure mundua dardarka jarri dezake. Dei batek denbora eten eta unibertsoan arrakala sor dezake. Dei batek orbainak ireki ditzake, erraiak airean utzi, odolustu arte.


Atzerrian lurra garratz
Bidaia bat esan nahietara

Aurora Mora 40 urteko aktore kolonbiarrak lau urte daramatza Euskal Herrian. Performance baten estreinaldiaren bezperan notizia jasoko du: ama hil egin da. Orduantxe hasiko dira galderak.


Pandemia arte eszenikoetan
Antzerkiaren hauskortasuna agerian

COVID-19ak ekarri digun egoera guztiz ari da aldatzen kultura, tartean, artea eta sorkuntza. Neurriak ez dira sektore guztietan berdinak izan eta antzerkiari zauri ugari ireki dio. Komatik esnatzen ari bada ere, arte eszenikoen munduaren barruan denetariko egoerak daude... [+]


2020-02-02 | Lander Arretxea
Edurne Azkarate, aktorea
"Antzerkiak gai deserosoak arakatzen ditu, baina helburua ez da pedagogikoa"

Ezohiko ibilbidea duen aktorea da Edurne Azkarate (Oion, 1993). Valladoliden egin zituen interpretazio ikasketak, baita lehen aktore lanak ere. Poloniako konpainia batean egonaldia egin zuen gero. 2017an, eta euskal antzerkiaren berri apenas izanda, bere ibilbidea Euskal Herrian... [+]


Eguneraketa berriak daude