Apirilaren 21eko 13:00ak dira Gasteizko Alde Zaharreko Errexala elkartean. Gasteizko ondarrutarrek urteroko hitzordua daukate: “famaun bazkaxe”. Aurtengoarekin seigarren urtez jarraian antolatu dute bazkari hau eta tantaka datoz Kutxi kalean dagoen elkarte honetara.
Norbait iritsi ahala, kobratzearekin batera hasten dira galdeketak, batik bat adinekoenak: “Zu barrixe za. Ze familixataku za?” eta pare bat lotura egin ostean ezezagun izatetik lagun izatera pasatzen da iritsi berria. Pixkanaka badoa giroa berotzen eta adin guztietako jendea ageri da bere zapia lepoan jarrita. Horietako batzuek urte osoa eman dute elkar ikusi gabe, beste batzuek astero-astero ikusten dute elkar eta beste batzuek ezustean egiten dute estropozu Gasteiz bezalako hiri bateko kaleetan. Bazkal arteko tarte hori aprobetxatzen da egunean jartzeko eta herriko nobedadeak aipatzeko.
“Lekatxarrik ez dou nahi, e?”, entzuten da kalean. Poteatzera irten da 50 pertsonako koadrila hau, denak ondarrutarrez hitz egiten. Nabaritzen da hitzordu honek sortzen duen ilusioa. Ez da gutxiagorako, Rosak (Kresalaku) dio denetariko jendea egoten dela, ideologia guztietakoa, eta Gasteizen egin dutela askok lehenengo harremana, ez Ondarroan.
Mahaian esertzeko ordua iritsi da eta adinaren arabera kokatu dira. Tradizioak dio “Patateroak ei gara” bertsoarekin inauguratzen dela bazkaria eta horrela egin dute aurten ere. Duela sei urte idatzitako bertsoak ereserki bihurtu dituzte dagoeneko. Platerak pasa orduko bolumena eta ondarrutarren animoa igoz doaz, eta Rosa “animatzaile soziokulturala” hasten da kantari, Ondarroako kantak, batik bat. Paregabeko giroa dago barruan, eta baita kalean ere, eta argazki ofiziala ateratzeko kanpora joan dira ondarrutarrak. Gasteizera egun pasa etorritako Lekeitioko musika banda bat topatu dute kalean, baina arazorik ez: bi herrien arteko adiskidetze inprobisatua egin dute, elkarrekin kantatuz eta ondarrutarren argazki ofizialean ere lekeitiarrei tokitxo bat eginez.
Espainiatik jende asko etorri zen bezala, Gasteizera ere Euskal Herriko beste txoko batzuetatik jende andana etorri zen. Gipuzkoatik etorritako fabrikak, euskalduntzen ari zen administrazioa eta irakaskuntza izan ziren Gasteizera etortzeko arrazoi nagusiak, eta ondarrutarrak ere ez ziren salbuespena izan: ehunka eta ehunka etorri ziren. Duela 40 urte elkartu ziren horietako batzuk afari bat egiteko Portalonen eta bi urtez jarraian antolatu zuten 30entzako afaria; hor zen Rosa, adibidez.
Ondoren, ia 25 urteko etenaldi bat egon zen inolako hitzordurik gabe, harik eta Rosa bera eta Getxo (denek dute ezizen bat Ondarroan) elkartu ziren arte: “hau ein bir dou!” esan eta dozena erdiren artean antolatu zuten afaria. Bakoitzak bere ezagunen zerrenda egin zuen lankide, bizilagun edo Ondarroako ezagunekin eta animatu zen jendea. Urteak joan diren heinean, teknologiarekin batera ere hobetzen omen doa afariaren antolakuntza: posta elektroniko zerrenda daukate, whatsapp taldea ere bai, eta komunikazioa estuagoa da orain.
Aurtengo hau da bazkaria udaberrian egin duten lehenengo urtea, hainbat arrazoi tarteko udazkenetik udaberrira atzeratu batitute. “Aurten ez dou ein behar, ala?”, baina iritsi da udaberria eta iritsi da urteroko hitzordua.
Bazkari honetako zazpi antolatzailerekin elkartu gara asteazken buruzuri batean eta lehen galdera, zuzenean bihotzera: “Nolakoa da Ondarroarekin daukazuen harremana?”. Jasonek erantzun du lehena: “Ni ondarrutarra na, nire errautsak Ondarrura eroango dodaz”. Ez da gasteiztarra sentitzen, baina hala ere ez litzateke Ondarroara joango bizitzera. Gehienek buruarekin baietz diote, ados daudela. Baltza, ordea, herrira bizitzera joango litzateke eta Katuk honi galdetu dio ea zer egingo duen otsailaren 22 batean Ondarroan. “Ba Gasteizko gauza bera!”. Barreak.
“Badakizue zeren falta sumatzen dudan? Itsasoa!”. Denek baietz. Herrira iristean lagunak zain daude poteorako, baina ‘gasteiztarrek’ lehena itsasoari egiten diote bisita. Rosak uda guztia herrian pasatuko luke eta Agurtxu, Gasteizko lehenengo urteetan, Ondarroara joaten zen ostiral arratsalde guztietan. Ez dute beraiek bakarrik pentsatzen euren hurrengo bisitan, Ibanen amak galdetzen baitio: “Seme, bi hilabete daramatzazu etorri gabe!” eta bera ere kontziente da denboratxo bat pasatu dela herrira azkenengo aldiz joan zenetik.
Belaunaldi aldaketaz galdetuta, mahaiaren bueltan daudenek azpimarratu dute gazteak ilusioz etortzen direla bazkarira. Ondarroan jaiotako horien seme-alabak ez omen dira denak ondarrutarrak sentitzen, baina koadrilak dituzte bai Gasteizen eta baita Ondarroan ere. Euskaraz ere bietara, gazteenak ondo moldatzen baitira batuaz eta ondarrutarrez. Adibidez, Ketxuk kontatzen du bere alaba unibertsitatean ondarrutar batzuekin elkartzearekin batera hasi zela ondarrutarrez hitz egiten. Azalaneku Jasonek dio askotan “gudu emozional bat” egoten dela egoera horietan (bikote mistoetan, batik bat) eta kasu horretan, “herri gabeko umeak izan baino, nahiago nuen gasteiztarrak izan zitezen”. Orain patatero peto-petoak dira, bere berezitasunekin.
Jakina, seme-alaba bakoitzak desberdin ikusten du euren gurasoen herriarekiko harremana eta Baltzak komentatu digu alabak Ondarroa ez duela ezta argazkietan ere ikusi nahi, baina behintzat “semi pixkat engaina dot”!
Gasteizen igarotako urteen ostean, hemen zeharo integratutako familiak dira, baina bakoitzak bere bizipenak ditu Gasteizera etortzerakoan: Katu frankismoan kanpora joan zen eta trantsizioarekin batera, Euskal Herrira itzuli nahi zuenez, Gasteizera aldatzea erabaki zuen. Rosa bere bizilagun ondarrutarra Olabide ikastolara irakasle etorritakoa zen, baita Jasone ere, urte batzuk geroago, Bastida eta Armentia ikastoletan. Euskara dute, hain zuzen, ogibide mahai honetan bildutako gehienek, Ibon euskara irakaslea baita eta Ketxu Bastida ikastolako zuzendaria.
“Ondarroan 24 orduz bizi gara euskaraz” eta mutur batetik beste mutur batera igaro ziren Gasteizko ondarrutarrak. Inork ez zuen kalean euskaraz egiten eta euskaraz egiten hasten zirenean jendeak erreakzionatu egiten zuen. “Habla en cristiano”, “Tú eres vasca, ¿no?” eta batzuetan zalantza zeukaten ea Euskal Herrian edo Burgosen zeuden.
Batzuek hasieratik lortu zuten, baina Getxok giro euskalduna beranduago topatu zuen, “ghetto batean bizitzearen urte ilunak pasatu ostean”. Edonola ere, aho batez esaten dute Gasteiz asko euskaldundu dela, eta izango dute zerikusia horretan beraiek ere.
Asteazken gaua da, baina ondarrutarrak hor dabiltza hitz eta pitz, Errexalan prestatu duten afariaren inguruan hurrengo urteko bazkariari buruz hitz egiten. Baietz, antolatuko dutela, eta agian autobusa hartu eta Ondarroan bertan egingo dutela hurrengo bazkari famatua. Horrelako hitzorduetan indartzen dute beraien nortasun bikoitza, eskuzabal hartu dituen Gasteiz anitzak eta euren izaera zizelkatu duen Ondarroak osatutakoa.
Asteburuan, Errekaleor auzoko urteurrenaren jaiak ospatuko dira, programazio zabalarekin. Gudari Eguna bitarte, umeentzako ekimenak, herri bazkaria eta kontzertu eta DJ sorta polita bilduko dira.
Ostiral honetan manifestazioa antolatu dute Gasteizko lorezainek, greba mugagabea hasi zutenetik sei hilabete beteko diren egunean. “Gatazka konpontzeko aurrerapausoak urriak izan dira”, salatu du enpresa batzordeak aste hasieran. Irtenbide bakarra “soldata... [+]
Asteburu honetan jakin dugu, Palestinarekin Elkartasuna plataformako kideen bitartez, Israelek 33. FCI/IGP Munduko Txapelketan parte hartu duela, Gasteizen ospatu den nazioarteko txakur lehiaketa batean. Duela egun batzuk izan genuen txapelketaren berri, baina Israel ez zegoen... [+]
Ohiturari jarraituta, astelehenean Olarizuko zelaietan agurtu dute uda gasteiztarrek. Aurtengoa, ordea, desberdina izan da, egunak argitu duenetik presente izan baitira lorezainen aldarrikapenak, greba hasi zutenetik ia urte erdia bete denean.
Larunbat honetan Gasteiz Euskararen Hiria ekimenak hartuko du Gasteizko Andre Mari Zuriaren plaza. Goizean hasi eta gauera arte, “euskararen aldeko festa handia” izatea nahi dute euskalgintzako eragileek, kirol jarduerak, kultur emankizunak edo arratsaldeko... [+]
Global Sumud Flotillak deituta, dozenaka ontzi itsasoz ahaleginduko dira Israelek ezarritako blokeoa hausten. Ekimenera mundu osoko aktibistak batu dira, tartean lau euskal herritar. Deialdiari babesa adierazteko, Gazarako Mugimendu Globaleko Euskal Herriko delegazioak hainbat... [+]
Ontzidia abuztuaren 31n irtengo da Bartzelonatik. Euskal Herriko lau kide joango dira bertan, munduko beste 40 herrialdeetako solidarioekin batera.
50 maliar inguru ari dira kalean bizitzen Gasteizen beren asilo eskaeren ebazpenaren zain. Eusko Jaurlaritzak Oñati eta Tolosako harrera zentroetara mugituko ditu Espainiako Gobernuaren pasibotasunaren aurrean, horren eskumena baita eskaerak ebaztea eta ostatu alternatiba... [+]
Ostegunean eman dituzte asilo eskaera tramitatzeko lehen txandak: bederatzik lortu dute, irailerako. Eusko Jaurlaritzak ebazpena arintzea, eta migiratzaileak ostatzeko zentroetara mugitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Mugimendu Feministak azaldu duenez, Fermin Muguruzaren kontzertuaren aurretik gertatu ziren erasoak. Horiez gain, beste hiru eraso zenbatu dituzte: hiru gizonak atxilotu ditu poliziak.
Gasteizko lorezainen grebak lau hilabete bete ditu, langileek salatu dute Enviser enpresak eta Gasteizko Udalak blokeatu dutela auzia, bilera berririk ez dutelako egin uztailaren 7tik.
GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak salatu dute Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak gogor kargatu zutela "giro lasaian" egiten ari ziren ekimenaren aurka. Lau atxilotu, 11 identifikatu eta hamarnaka zauritu utzi zituzten Poliziaren esku hartzeari buruzko bestelako... [+]
Bi aste barru hasiko diren hiriko jaietan txosna jartzen utzi ez dietela salatzeko kanpaldia egin nahi zuten Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Andre Maria Zuriaren plazan. 20:30ak aldera, ertzainak oldartu egin dira kanpaldian zeudenen aurka, eta bi... [+]
Gasteizko hainbat auzotan ezarri dituzten “Moros fuera de España” kartel eta pegatinak ikertzen ari da Ertzaintza. Irun, Hernani, Barakaldo… Ez dira kasu isolatuak, eta “etorkinen kontura jarraitzaileak irabazi nahi dituen ideologia” ikusten du... [+]
Langilea uztailaren 15ean hil zen eraikin baten estalduraren konpontze lanak egiten zebilela, eta ostegunean jakinarazi du ELA sindikatuak. Estaldura apurtu, eta altueratik erori zen. Guztira 31 langile hil dira Hego Euskal Herrian 2025ean, bostgarrena Araban.