Emakumeak borrokan

Oiolako urtegiaren auzia Bruselara eraman dute hirugarren aldiz

  • 20 pertsona inguru joan dira Bruselara Oiolako urtegiaren egoera aztertu eta neurriak hartu daitezen eskatzera.

Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur
2014ko urriaren 16a
Bruselan egindako protesta. (Arg: Teresa Rodriguez)

Uraren Euskal Agentziak ekainean egindako analisiak litroko 39,40 nanogramo lindano neurtu zituen Oiolako uretan. Zenbaketaren “larritasunaz” ohartuta hirugarrengoz Bruselara jotzea erabaki dutela esan du Javier Vazquez, Oiolako Urtegia Deskonektatzearen Aldeko Plataformako bozeramaileak Info7 irratian egindako elkarrizketan.

Salatu duenez, ez da Oiolako Urtegiak Europar Batasunak ezarritako mugak gainditzen dituen lehen aldia.

Vazquezek esan du, Bruselara jotzen duten hirugarren aldia dela baina ez dutela “beste aukerarik” ikusten: “Hirugarrengoz etorri gara, lehengo egoera berean gaudelako”.

Bidaiaren helburuak, ikerketa batzordea irekitzea eta legebiltzarkideekin batu eta arazoaren aurrean neurriak hartzera “behartzea” direla zehaztu du Vazquezek.

Barakaldoko Udalaren jarrera ere salatu du, Urtegia Deskonektatzearen Aldeko Plataformako bozeramaileak: “Esaten digute denetan urtegirik kontrolatuena dela, baina gero uraren maila jaitsi eta ohartu ere ez dira egiten”.

Urtegia deskonektatuta

Udalak bost aldiz deskonektatu du urtegia Barakaldoko ur-hornikuntzatik. Azkeneko aldiz urriaren 3an. Hala ere, Udalak lidano kutsadura ukatu du. Arrazoia, urtegiko ur-maila baxua dela dio, baina kutsadurarekin zer ikusirik ez duelakoan dago. Vazquezek uste du “zenbat eta ur gutxiago, kutsadura kontzentratuago dagoela, eta beraz, arriskutsuagoa dela”.

Plataformako bozeramaileak gogoratu du, Oiolako urtegiko ura Barakaldoko, Sestaoko eta Alonsotegiko 100.000 pertsonaren etxeetara iristen dela eta dei egin die bertoko zein kanpoko agintariei arazoa konpontzeko.

Gaineratu du, Urtegia Deskonektatzearen Aldeko Plataformaren helburu bakarra, “agintariek okertzen dutena zuzentzea dela”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Oiolako urtegia

Oiolako urtegia kanaletik interesatuko zaizu...
Eguneraketa berriak daude