Oinarri politikoei dagokienez, jauzi kualitatiboa eragin duen greba feminista

  • Martxoaren 8ko grebaren balorazioa egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. “Aurten, arrakasta kuantitatiboaz gain, jauzi kualitatiboa eman dugu gure aldarrikapenak eta oinarri politiko feminista, antikapitalista eta antiarrazistak sendotu ditugulako”, adierazi dute ordezkariek.


2019ko martxoaren 11n - 15:43
(Argazkia: Greba Feminista)

Astelehenean, Donostiako Emakumeen Etxean egin dute agerraldia Mugimendu Feministako hainbat kidek, ostiraleko greba orokorraren balorazioa publiko egin asmoz. Grebak izandako arrakasta nabarmendu dute, eta era batera edo bestera lagundu dutenei zorionak eman. “Grebak jarraipen masiboa izan du, zenbatezina da herriak kalea hartzean duen indarra, horregatik ez dago zifrarik martxoaren 8an gertatutakoa jasoko duenik”, adierazi dute. Arrakasta, aipatu bezala, kuantitatibotik harago doala azpimarratui nahi izan dute, diskurtso politikoari dagokionez eman den jauzi kualitatiboa nabarmenduz.

Grebaren izaera internazionala azpimarratu dute, eta martxoaren 8ko grebara 140 herrialdetik gora batu direla jakinarazi. “Heteropatriarkatu kapitalista sistema globala da eta herrien burujabetza ezinbestekoa den bezala, behar-beharrezkoak ditugu elkartasun nahiz aliantza internazionalistak”, nabarmendu dute.

Mobilizazioek hiri, herri zein auzoetan izandako erantzun positiboaren aurrean, grebaren izaera deszentralizatua lehenesteko erabakian berretsi dira: “Euskal Herri mailan koordinatu gara, argi baitaukagu indarrak batzea eta aliatzea dela gure bidea, eta herri gisa eraiki nahi ditugula alternatibak. Horrela, eraldaketarako eragile nahiz subjektu anitzak batu gara (…) Elkarrekin ahaldundu eta politizatu gara, eta hori da gure garaipen nagusia”.

Bidea luzea egiteko

Grebak barnebildu dituen bost ardatzak aztertu dituzte –zaintza, kontsumoa, soldatapeko lana, pentsionistak, eta ikasleak–, eta ardatz orotan aintzat hartzeko lorpenak badirela jakinarazi. Hala ere, “urrats handia” eman arren, helburuak lortzera bidean egiteko asko dagoela adierazi dute. Besteak beste, emakumeek* dohainik egiten dituzten lanak sozializatzetik eta emakume* guztien greba eskubidea gauzatu ahal izatetik urruti garela aipatu dute. Nagusitzen den familia eredua ere jo-puntuan jarri dute: “Euskal Herrian dugun familia eredua logika patriarkaletan eraikitzen da, zaintza lanak feminizatuz eta pribatizatuz, eta bereziki emakume arrazializatu nahiz migranteon esplotazioan oinarrituz”. Erakunde nagusiek gauzatzen dituzten politikei ere egin zaie kritika, hauek “merkatuaren etekinen menean” jarraitzen dutelako eta “emakume* langileon esplotazioa indartzen” dutelako. Ez dute aipatzeke utzi indarrean jarraitzen duen indarkeria matxista. Guzti honen aurrean, “bizitzak erdigunean jarriko dituen paktu sozial berri” baten eskariari eutsi diote.

Salaketak

Balorazioarekin batera, zenbait salaketari ere eman zaio bide. Batetik, “emakumeon* bizi eta lan baldintza prekarioen arduradun zuzenak diren Nafar Gobernu eta Eusko Jaurlaritzaren, Iberdrola bezalako enpresa handien edota patronalen” grebara batzeko saiakerak salatu dituzte. Keinu sinboliko gehiagorik ez zaiela onartuko jakinarazi dute, eta Mugimendu Feministaren aldarrikapenak “arduraz entzun eta horiek gauzatzeko konpromisoak har ditzatela” exijitu: “Ekintza, politika eta aldaketa feminista errealak nahi ditugu, eta ez dugu onartuko kapitalaren edota gizon batzuen interesek jarri dezaketen inongo toperik”.

Bestetik, poliziak grebalarien kontra izandako jarrera oldarkorra ere salatu dute. Jakinarazi dutenez, Euskal Herri mailan 60 grebalaritik gora identifikatuak izan baitziren.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: M8 greba feminista
Greba feminista burutu dute Ipar Euskal Herrian

Frantziako Estatu mailan bideraturiko greba feministari lotu dira Ipar Euskal Herriko sindikatuak eta talde feministak ere. Soldatapeko lanean, zaintzan eta kontsumoan bideratu dute greba.


Kaleak betetzeko antolatu gaitezen

Hilabeteren buruan feministok emakume* langileon egunean kaleak hartzera aterako gara. Urteroko zita dugu, urtez urte gogoz antolatu eta prestatu duguna. Pasa den astean atzera begirada arin bat egin genuen Portugaleteko asanbladan, 2018ko eta 2019ko greba feministak... [+]


Gezurrak, iruzurrak eta manipulazioak Guardia Zibilak M8ko manifestazioaz idatzitako txostenean

Guardia Zibilak informazio faltsuak eta adierazpen manipulatuak sartu zituen M8ko manifestazioari buruzko txostenean, Espainiako Gobernuari pandemiaren hedapenaren errua leporatzeko, manifestazioa baimendu izanagatik. Txosten horrek ekarri du Moncloak Madrilgo erkidegoan duen... [+]


2020-03-09 | Zuriñe Rodriguez
Zuriketa morea Gasteiztik at

"Oso azkar goaz", "baina helduta goaz" esan zion emakume batek beste bati Gasteizko Olagibel kalean, justuki Ertzaintzaren komisaldegiaren parean. Eguerdiko 12:30ak ziren gutxi gorabehera. Aldi berean, toki berean, "Gora borroka feminista!" oihuak... [+]


Eguneraketa berriak daude