Normandiako lehorreratzea Hondarribian

  • Alarde tradizionalaren inguruko Hondarribiko herritar talde batek astelehenean adierazi zuen emakumeek herriko jaietako desfilean parte hartzeko eskubidea dutela. Horrek orain arte ezagutu gabeko egoera eragin du bi hamarkada baino gehiagoz luzatu den gatazkan. Eta kontuak desfile militarrekin zerikusia duenez, egoera ulertzeko ez dator gaizki konparazio beliko bat.


2019ko urriaren 09an - 14:22
Astelehenean Alarde tradizionalaren inguruko hainbat gaztek adierazi zuten emakumeek desfilean parte hartzearen alde daudela.

Estatubatuarrak onak dira beraien balentriak pelikuletan kontatzen. Horregatik dago hain iltzatua imajinario kolektiboan, adibidez, II. Mundu Gerrako Normandiako lehorreratzea. Duda gutxi, operazio militar hark garrantzia izan zuen naziek Europa osoan hartuak zituzten posizioak atzeratzen joan zitezen, baina gerra hura xeheki aztertu dutenek askotan nabarmentzen dutenez –antikomunista porrokatuak ez badira behintzat–, alemaniarren azken porrotaren eragile nagusiak sobietarrak izan ziren, pelikuletan kontatzen dena gorabehera. Normandiaren garrantzia bigarren frontea irekitzea izan zen, ordurako Errusian onenak emanda zegoen Alemaniako armadari problemak multiplikatu zitzaizkiolako.

Hondarribiko Alardearen gatazkan ere momentu normandiarra iritsi da: astelehen honetan desfile tradizionalaren inguruko hainbat herritarrek egindako adierazpenak garrantzi handia dauka, lehenbiziko aldiz Jaizkibel konpainiaren ingurukoa ez den talde batek adierazi duelako emakumeek Alardean desfilatzeko eskubide osoa dutela. Alarde tradizionalean atera diren hainbat pertsonak azken urteetan pribatuan adierazten zuten horixe bera, baina dimentsio publikoa emateak bigarren fronte bat ireki die emakumeak parte hartzearen aurka daudenei.

Aurretik ordea, ekialdeko frontean sakrifizio handiak egin ondoren lortu du Jaizkibel konpainiak geroz eta jendetsuagoa izatea, Kale Nagusiko posizioei eusten aritu den Betiko Wehrmachta erretirada jotzen hasi den arte. Eta hau ez denez film estatubatuar bat, gertatu denaren kontakizuna egitean ez litzateke albo batera utzi behar asteleheneko Normandia urtetako Stalingrado gogorren ondorioz iritsi dela.

E eguna: 1944ko ekainaren 6a. Mendebaldeko lehorreratzearen ondoren, oraindik urtebete baino gehiago luzatu zen II. Mundu Gerra; Der Untergang pelikula ikusi duenak badaki nola bukatu zen hura porrota onartu nahi izan ez zutenentzat. E eguna: 2019ko urriaren 7a. Hondarribiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak –bietan EAJ da nagusi– erabaki beharko dute ireki den fronte berriaren aurrean zer egin. Momentuz udalak argitaratu duen oharrak “bizikidetza”-ren markoan jarraitzen du, “berdintasuna” aipatu gabe; eta Batzar Nagusietan asteazken honetan gertatu dena ikusita, badirudi erakunde foralean ere haize berak jotzen duela.

Gerra-parteak erakusten du une honetan ordezkari instituzional horiek jarrera atzerakoiagoa dutela emakumeek jaietan parte hartzeari dagokionez, Alarde tradizionaleko partaide batzuek baino. Alkateak eta Hondarribian bizi den diputatu nagusiak solasaldi bat egin beharko dute diskriminazioa iraunarazteko sortu zen Alarde Fundazioarekin Arma Plazako bunkerrean. “Orain zer”, galdetuko du une batean agintariren batek, “behingoz amore eman eta kontu honetan salba daitekeen ohore apurra salbatu, ala historia honetan definitiboki gaiztoen gisa geratu arte egoskortu?”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondarribiko alardea
Jaizkibelek elkarrizketa mahai bat bideratzeko eskatu dio Hondarribiko alkateari

Konpainia parekideak 2023ko jaien eta irailaren 8ko alardearen balorazioa egin du, eta aurtengoa "urte pozgarria" izan dela azpimarratu. Nabarmendu du udalak egindako keinuek lagundu dutela elkarbizitza espazioak sortzen, baina alarde baztertzaileari ere harrera egitea... [+]


Jaizkibeli ere harrera egin dio lehen aldiz Hondarribiko alkateak

Arartekoak ostiralean jakinarazi du azkenean ez duela alarde baztertzailea agurtuko. Halere, Hondarribiko alkateak, Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen sailburuordeak emakumeak baztertzen dituen alardeari harrera egin diote.


"Nor dira haiek, guztiona den ondarearen inguruan herri osoaren izenean hitz egiteko?"

Hondarribiko alardearen bezperetan, alarde tradizionalaren baitatik sortutako proposamenez, udal aldaketak zabaldu ditzakeen ateez eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak iragarritakoaz (alarde tradizionalari eta Jaizkibel konpainia parekideari egingo diela harrera) hitz egin dugu... [+]


Hondarribiko hurrengo alkatearentzako gutuna plazaratu du Guztion Alardeak

Hauteskundeen ondoren zabalduko den aro berri honetako alkatea "konponbidearen alkate bilakatzea" espero du Guztion Alardeak.


Guztion Alardeak egindako proposamenekiko desadostasuna agertu du Alarde Fundazioak

Bilera izan berri dute bi aldeek. Guztion Alardeak bere diagnostikoa eta zenbait gogoeta plazaratu zituen bilera horretan, eta fundazioak hauekiko desadostasuna agertu zuela esan dute.


Eguneraketa berriak daude