Nor da nor aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusian?

  • 42 bertsolari hauek hartuko dute parte hastear den Txapelketa Nagusian. Denak ezagutzen al dituzu? Bakoitzaren ibilbideko datu esanguratsuenak ekarri ditugu infografia honetara.


2022ko irailaren 20an - 09:20

Larunbata honetan Getxon eta igandean Arrasaten hasiko du ibilbidea aurtengo Txapelketa Nagusiak. Euskal Herrikoaren ezaugarria da parte-hartzaileek ezin dutela zuzenean izena eman, bertan kantatzeko aukera irabazi egin behar da, bi modutara: batetik, aurreko Euskal Herriko txapelketan finalera iritsi zirenek zuzenean dute aurtengoan parte hartzeko aukera eta bestetik, herrialdeetako txapelketetan goiko postuetan geratu direnek dute aukera Euskal Herrikoan kantatzeko.

Herrialde bakoitzetik zenbat bertsolarik hartuko du aurtengoan parte?

Bertsozale Elkarteak 1986an ekin zion Txapelketa Nagusia antolatzeari (honen aurretik Euskaltzaindiak antolatu zituen, eta lehen lehenik, berriz, Euskaltzaleak eta Euzko Gaztedik elkarrekin). Urte hartan bertan finkatu zituen herrialde bakoitzak Euskal Herrikoan izango zituen kopuruak. Geroztik, proportzioak aldatuz joan dira, eta kontuan hartu behar da, gainera, lehen txapelketa bat antolatzen zutela Arabak eta Bizkaiak, eta beste bat elkarrekin Nafarroak eta Iparraldeak. Denborarekin, herrialde horietako bakoitzak bere txapelketa antolatu zuen eta beraz, Txapelketa Nagusian herrialde bakoitza bere kopurua izatera pasatu zen.

Aurtengo txapelketan, hau izan da herrialde bakoitzak izan duen partaide kopurua, aurreko txapelketako finalistak alde batera utzita: Arabatik 2 bertsolari arituko dira, Bizkaitik 10, Gipuzkoatik 16, Nafarroatik 5 eta Iparraldetik 3. Aurtengo txapelketa jokatu ostean, Bertsozale Elkarteak egingo duen azterketa orokorraren barruan berrikusiko du ea kopuru hauei eutsi edo hurrengo txapelketarako aldaketak egin.

Txapelketako postua baino, bakoitzaren bidea baloratuko bagenu?

"Bere onena ematea", "gozatuz gozaraztea" eta abar izaten ditu bertsolariak helburu txapelketa hasterako, entzuten diren agurretan islatzen denez. Baina behin ikuskizunaren gurpila martxan jarrita, zaila da puntuaketetatik eta taulako postuetatik haragoko (auto)baloraziorik egiten.

Infografia honetara ekarri dugu bakoitzak bere ibilbidean jaso dituen uztaren hainbat datu, aurtengo Txapelketa Nagusian kantatzeari begira esperientzia horiek baliagarri izan daitezkeen ustean: lehenago Txapelketa Nagusiko finalean kantatu ote duen, zenbagarren Txapelketa Nagusia duen, eta herrialdeko txapela jantzi duen. Badira, noski, aurtengo txapelketarako baliagarri izango diren beste datu batzuk, baina leku faltaz sartu ez ditugunak: herrialdeetako zenbat finaletan kantatu izan duen, edo azken urtean egin duen plaza kopurua...

Infografian ikusten diren datuen arabera, bost multzotan antolatu ditugu bertsolariak: egungo txapeldun Maialen Lujanbio, zuzenean finalean kantatuko duena; aurreko txapelketako finalean aritu zirenak; gaur egun herrialdeetako txapeldun direnak; Txapelketa Nagusian esperientzia gehien duten bertsolariak; lehen aldiz parte hartuko dutenak; eta gainerakoak (erne hauekin ere, ez dutelako Txapelketa Nagusian lehen aldia, eta beste datu batzuk begiratuko bagenitu, esaterako beren herrialdeetako zenbat finaletan kantatu duten edo azken urtean zenbat plaza egin dituzten, nabarmendu egingo liratekeelako).

Bertsolarien zaintza emozionalerako eta tabernako iruzkinak egiterakoan bertsolarien lan bakoitza bere neurri edo testuinguruan kokatzeko, ez da gaizki etorriko berriro ere bakoitzaren ibilbideari begiratzea, Txapelketa Nagusiaren fokupean kantatuko dituztenak ibilbidearen barruko pauso bat gehiago moduan ikustea.

Jakinda, bertsoa bezain bat-batekoa eta ustekabekoa dela esperientziak esperientzi eta motxilak motxila, bertsolari bakoitzak saio zehatz batean egingo duena (edo ez duena).


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#2
Zigor Olabarria Oleaga
#3
Estitxu Eizagirre
#4
Gorka Bereziartua
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022
2023-01-10 | Imanol Lazkano
Bertso berriak, txapelketako finalari jarriak

Abenduaren 18an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaletik bueltan jarritako bertsoak.


2022-12-25 | Estitxu Eizagirre
Maialen Lujanbio txapeldun hirugarrenez
Biribil bezain zorrotz

Abenduaren 18an Nafarroa Arena euskararen erresonantzia kutxa bihurtu zuten 13.300 bertsozalek. Finala lehenengoz Nafarroan jokatzeaz gain, historiko bihurtu du finalisten osaerak, lehen aldiz hiru emakume aritu baitira kantuan, eta 55 urteren ondoren, nafar bat (edo... [+]


Iruñeko finala eta borroka ederren ordua

Txapeldunaren azken agurra bularrean kolpeka, bertsozalea bakarrik doa kotxera bidean. Sentsazio arraroak, berriak ditu eztarrian korapilatuta. Atea ixtearekin bat, orain bai, orain lasai askatuko du negarra.


Maialen Lujanbio Zugasti
"Aurten ez nuen baitezpada txapela irabazteko derrigortasun edo anbizioa sentitzen"

Euskal Herriko txapela lortu du hirugarrenez Maialen Lujanbiok abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan jokatu zen bertso finalean. Aldaketaz beteriko finala aipatu du jada txapelketako beterano denak, bai taldearen konposizio, bere sentsazio pertsonal eta lekuarengatik... [+]


Eguneraketa berriak daude