Nazioarteko presioak eragina izan du Namibiako elefanteen salmentaren "porrotean"

  • Joan den urtearen amaieran iragarri zuen Namibiako Gobernuak 170 elefante enkantean jarriko zituela. Animalien eskubideen aldeko taldeen gaitzespen orokorra eragin zuen eta 100.000 pertsonak baino gehiagok sinatu dute ekimenaren aurka. Gobernuko funtzionarioak onartu dutenez, presioaren eraginez, 57 elefante "bakarrik" saltzea lortu dute.


2021eko abuztuaren 27an - 10:38
Azken eguneraketa: 12:40

Namibiako Gobernuak sustatutako elefanteen salmenta oso kritika gogorrak jaso zituen enkantea iragarri zuen unetik. Nazioarteko kritika horien eraginez salmenten herena baino ez da gauzatu, Ips atariak jaso duenez.

Namibiako Gobernuaren iritziz, lehorteak basa-espezie batzuen eta gizakien arteko gatazkak areagotzen ari dira eta horri aurre egiteko, elefanteak haien lurretatik atera eta diru gehien jartzen duenari saltzea bururatu zaie Namibiako funtzionarioei. Animalien babeserako hainbat taldek galzorian dauden espezieen salmenta kritikatu dute azken urteotan. Baina Namibiako enkanteak porrot egin badu ere –57 elefante "soilik" saltu zituzten–, gobernuak ez du baztertu etorkizunean beste salmenta bat egitea.

Agintariek esan dutenez, saldutako elefanteak harrapatu eta haien habitatik aterako dituzte. Saldutako elefanteen artean, 42 nazioartera esportatuko dituztela adierazi dute –helmuga zehaztu gabe– eta gainerako hamabostak Namibian geratuko omen dira,  xehetasun gehiagorik eman ez badute ere.

"Nora doaz saldutako animalia hauek?", galdetu du enkantearekin kritiko agertu den Keith Lindsay biologoak. "Ez dakigu. Ez dago xehetasunik. Ez da gardentasunik izan. Gainera, nondik aterako dira elefante horiek? Eremu batzuetatik hartzen badituzte, elefanteen populazioan inpaktua larria izan daiteke".

Namibiako Gobernuaren arabera, elefanteen populazioak gora egin du azken hamarkadetan, 1995ean 7.500 ziren eta 2019an 24.000. Hala ere, ez dira iritzi berekoak animalien babeserako taldeak. Biztanleriaren benetako tamaina, gobernuak dioena baino askoz txikiagoa dela iradoki dute, 6.000 inguru.

National Park Rescue, Afrika natura parkeak ez ixteko lan egiten duen gobernuz kanpoko erakundeko kide Mark Hileyk ondorengoa adierazi dio IPS hedabideari: "Komunitateei mesede egiteko aitzakiarekin, erreserben kopurua puzten ari dira politikari afrikarrak, beren ondare naturala saldu eta dirua ateratzen ari dira atzerriko potentzia immoralei esker. Baina horrelako jarreren aurka Twitterren idatzitako milioika txio amorratu horiek egiazko konpentsazio garrantzitsu bihurtu arte, haien suntsipena saihestezina izango da".

Hileyren arabera, "Afrikako azken elefanteen egoera ez da oso bestelakoa Brasilgo azken oihan tropikalen egoerarekin alderatuta; pobretutako nazioek beti ustiatuko dute munduko aktibo partekatua beren mugen barruan, munduak haiek babesteagatik ordaina eman arte".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Animalien eskubideak
Animalien askapena EHUn ikergai

Antiespezismoa akademiara hurbiltzeko asmoz zenbait ikertzaile eta ikasleren artean ‘Animalia ikasketa kritikoen EHU/UPVko I. kongresua’ antolatu dute martxoaren 20tik 22ra Leioan. 


2023-09-06 | ARGIA
1.761 ekitalditan zezenak erabili dituzte Hego Euskal Herriko festetan

Herriko festetan, zezenak erabiltzen dituzten ekitaldietan udalek zenbat diru gastatzen duten ikertu dute AnimaNaturalis eta CAS International elkarteek. Hego Euskal Herriko datuei erreparatuz gero, Azkoien eta Azpeitia nabarmendu dituzte.


Eguneraketa berriak daude