Auzapez aldaketa Maulen: Labadot komunista jakobinoa garaile

  • Zuberoako hiriburuan lehia estua izan da eta parte-hartzeak nabarmen egin du gora. Lehen itzulian baino 200 pertsona gehiago joan da botoa ematera. 547 boto eskuratu dituen Mixel Etxebest orain arteko auzapezari gailendu zaio Louis Labadot komunista, 615 botorekin. Aitzina Maule zerrendako Beñat Elkegaraik 473 boto lortu ditu.


2020ko ekainaren 28an - 18:57
Louis Labadot artxiboko argazki batean.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

2014an bezala aurten ere ez da aliantzarik posible izan ezkerreko zerrenden artean. Botoen %37,6 bildurik lehen indarra ateratako Louis Labadot komunista jakobinoak ez ditu onartu aliantzarako Beñat Elkegarai abertzaleak (botoen %28,9) jartzen zizkion baldintzak (tartean, Labadotek sostengatzen ez duen Euskal Hirigune Elkargorako aulkia Elkegaraien zerrendari bideratzea). Hori horrela ezkerretik bi hautagai izanen dira Mixel Etxebest auzapez zentro-eskuindarrari aulkia hartzeko lehian.

Internazionalaren doinuz ospatu du garaipena Labadotek.

Lehen itzulian egungo alkate Etxebestek behera egin zuen. Ondorengoa izan zen emaitza: Louis Labadot (Union Citoyenne) %37,6; Mixel Etxebest (Agir Ensemble) %33,4; Beñat Elkegarai (Aitzina Maule) %28,9. Duela sei urte hiru zerrenda horiek lehian ziren sozialistekin batera (%13 lehen itzulian), eta aldi honetan horien bozak banatu egin dira ezkerreko bi zerrendetan. Mixel Etxebestek bultzatu proiektu batzuek (Agerria hotel jatetxea eta Espartiñaren Etxea) eztabaida handiak sortu dituzte eta horrek azal lezake bere beherakada.

Bigarren itzulian hiru zerrendak aurkeztu dira 23 kontseilukideen lortzeko.

Maule eta beste herrietako datu ohargarri bat azpimarratu zuen Allande Etxartek artikulu honetan: biztanlegoaren %30ak ez du boto emateko eskubiderik –adin txikikoa delako– eta beste %30ak ez du bozka emateko aukera erabiltzen. Ondorioz biztanleen erdiak baizik ez du hauteskundeetan parte hartzen. Adibidez, Maulen 3.217 biztanle bada eta 1.635 boto baliagarri izan ziren lehen itzulian.


Herriko bozak 2020 kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...