Hasi da tortura kasuengatik Mau Mauen epaiketa Britainia Handiaren aurka

  • Kenyako Mau Mau matxinadan indar kolonialek torturatu egin zituztela argudiatuz, hiru kenyar bigarren aldiz saiatuko dira Britainia Handiko Auzitegi Gorenean kasuarekin aurrera egiten. Urteetan luzatzen ari den bataila legala "une erabakiorrera heldu da" Financial Times egunkariaren arabera, orain gutxi beren arrazoiak frogatzen dituzten dokumentuak aurkitu dituztela adierazi baitute.


2012ko uztailaren 17an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-03-03 13:51:30
Salaketa jarri duten hiru herritarrak.

Kenyan britainiar kolonialismoaren aurka 1952 eta 1960 bitarteko Mau Mauen matxinadan, "era guztietako tortura fisikoak" pairatu zituztela adierazi dute, "bortxaketa, zikiratzea, kolpeak eta heriotza barne".

1952ko urrian Britainia Handiko gobernuak Larrialdi Egoera ezarri zuen Kenyan. Helburua: Mau Mauak kontrolatzea. Zenbait informazio iturriren arabera, abiatutako gudan herrialdean zeuden 40.000 zurietatik 40 hil ziren. Afrikarren artean berriz, 15.000 hil zituzten eta 150.000 herritar preso izan zituzten, gehienak Mau Mau mugimenduarkein zerikusirik ez zutenak.

Salaketa jarri duten hiru kenyarrak, denak 70 eta 80 urte artekoak dira: Paulo Nzili, Wambugu Wa Nyingi eta Jane Muthoni Mara. Nzilik dio bahitu egin zutela eta Mau Mauen matxinadan parte hartzera behartu zutela sei hilabetez. Nyingi eta Marak diote ez zutela sekula parte hartu mugimenduan. 

2011ko apirilean egindako adierazpenetan, epaitegian Nzilik azaldu zuen atxilotuta zegoen bitartean zikiratu egin zutela ofizial zuriek;Nyingi larri kolpatu zutela 11 herritar hil zituzten gertakari batean; eta Mara bortxatu egin zutela militar britainiarrek.

Laugarren herritar bat ere borroka legal honetan izan da hasieratik, Ndiku Mutwiwa Mutua, baina 2011ko uztailean hil zen. 

Hirukoteak nahi du Britainia Handiko gobernuak barkamena eska dezala, eta kolonia garaiko torturaren biktimei erreparazio ekonomikoa emateko neurriak hartzea.

Kasua defendatzeko zailtasunak

Hiru kenyarrok salatzen dute beren kausa defendatzeko zailtasunak dauzkatela eta lekukoak lortzea bereziki kostatzen zaiela, "lekukotza zuzena emango luketen gehienak hilda daudelako". Horrez gain, abokatuek diote garaiko artxibo sekretu bat aurkitu dutela azken urtean kolonialismo garaiko 15.000 bat dokumenturekin –era berean konturatu dira dokumenturik inkriminatzaileenak suntsitu egin zituztela britainiarrek–. Lekuko zuzen batzuk oraindik bizirik daudela ere gehitu dute.

The Guardian egunkarian elkarrizketatu duten Caroline Elkins Harvard Unibertsitateko irakasle eta Pulitzer saridunak dio, dokumentuen suntsiketa masiboa "Britainia Handiak Kenyan utzitako ondare koloniala eta bertako artxiboa berregokitzeko saiakera" izan zela.

Salbatu ziren dokumentuek hamarkadetan biziraun dute Britainia Handiko gobernuaren ikerketa zentroan, segurtasun neurri zorrotzekin. Bertara jotzen dute segurtasun eta inteligentzia agentziek informazio bila. Beteranoen abokatuek artxibo horien berri izan zutenean eta kontsultatzen utzi zietenean, argi geratu zen –abokatuaren hitzetan– kolonia ofizial eta polizia agenteek bazekitela presoek bortxaketak, kolpeak, eta exekuzio sumarioak pairatu zituztela. Umeak ere hil zituzten.

Abokatuek prentsari adierazi diote badakitela Britainia Handiko Armada izan zela gehiegikeria "sistema sortu, mantendu eta aplikatzearen" arduraduna. The Guardian-ek dokumentuotako kasu bat nabamentzen du: zortzi ofizial zurik "atxilotuak bizirik erre" zituzten eta horien aurkako epaiketa abiatu bazen ere, amnistia eman zieten.

Informazio gehiago:

Kenyak oraindik nozitzen ditu duela 50 urteko kontraintsurgentziaren zauriak. Pello Zubiriaren erreportajea ARGIAn (2008).

Kenyan jirafak lasai zeuden baina herritarrak haserre. Pello Zubiriaren erreporteajea ARGIAn (2008).

Garai hartako propaganda zerbitzuek Kenyari buruz emandako informazioa topa daiteke sarean.

 

Eta hemen Mau Mauen matxinadari buruzko bideo bat, ingelesez hau ere.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude