Mattin Larzabal hil da, Ipar Euskal Herriko kazetaritzan ezinbesteko erreferentzia

  • "Lankide, eredu eta lagun genuen Mattin Larzabal zendu da", dio Gure Irratiak astearte iluntzean plazaratutako txioak. "Hilabete bukaeran 70 urte beteko zituen. 'Lanak galdetzen zuena baino askoz gehiago' eman zion euskaraz egin kazetaritzari.


2020ko ekainaren 03an - 07:59
Mattin Larzabal, 2013an / Dani Blanco

Mattin Larzabal (Aiherra, 1950), Gure Irratia eta Euskal Irratiak sareko kazetari ohia, gaixotasun larri baten ondorioz hil da, 70 urte betetzear zela.

Zuzenbidean lizentziatua Pauen (Okzitania), 1982an hasi zen boluntario Gure Irratian, urtebete berantago profesionalki murgildu eta  erretiroa hartu arteko 30 urteko ibilbide oparo bat egin zuen. "Iparraldeko kazetaritzan ezinbesteko erreferentzia" –Sustrai Colinak ARGIAn idatzi zuen moduan–, 2012ko Ohorezko Rikardo Arregi Saria eskuratu zuen.

"Ez dela desertuan bizi konbentzitu behar da euskalduna"

Erretreta hartu eta urtebete ingurura, 2013ko abenduan, egin zion elkarrizketa Sustrai Colinak. Euskararen egoeraz galdetuta, "kurioski baikorra" dela zioen Larzabalek: "Iparraldean, gaia konplikatua da, baina ikastolak lan handia egiten ari dira, eta eskola elebidunak ere, nahiz eta bertan oro har euskara behar bezain ongi ikasi ez eta etxean ez praktikatu, abiapuntua dira berantago euskarara itzuli nahi duenarentzat. Hazi horrek fruituak eman ditzake, ez berehala, baina sinesten dut jende horrek euskaraz mintzatzeko eta bizitzeko bide eta motiboak xerkatuko dituela. Ikerketa soziolinguistikoek, beste hizkuntzetan eginagatik, euskararen alde den oro baliatu behar dugula diote. Hala, euskara ez menperatu arren euskararekiko axola duen jendea ezinbestekoa da. Ez dela desertuan bizi konbentzitu behar da euskalduna".

Kazetaritzaz ere luze aritu zen aipatu elkarrizketan. Fidagarritasun eta libertatea zaintzearen inguruan galdetuta, halaxe zioen: "Jendeak proiektua eskuz eta hauspoz sostengatzen duelarik, etxean bezala sentitzen da Gure Irratia bezalako egituretan, eta aho-bilorik gabe erraten dizu zer eta nola pasarazi behar zenukeen. Nik askotan sentitu dut lagunarteko presioa analisi interesatu zenbait plazaratzeko. Egia da Gure Irratiaren gisako tresna batek bestelako mezu batzuen hedatzeko balio duela, baina ez dugu kazetari lanean ari garela ahantzi behar. Horri gehitzen badiozu gauzak ez direla nehoiz zuk nahi duzunean eta nahi duzun bezala gertatzen, eta berri saila hasteko hamar minutu eskas direnean halako berrirekin hasi behar zarela ulerrarazten dizutenean, kriki-krakak izaten dira. Adibidez, arratsalderako manifestazio bat deitua baldin bada, goizeko berri sail guziak berri horrekin hasi behar direa? Jakina da antolatzaileak euskal mundukoak direla, Irratiarengandik aski hurbilekoak, baina horrek sistematikoki lehentasuna ematea justifikatzen du? Anitzetan pentsatu dut aktualitatea ez zela hori bakarrik eta beste gai batzuek ere merezi zutela aipamena. Hasten bazara gertakariak, erreakzioak, horren ondoriozko protesta ekintzak eta protesta ekintzen inguruko erreakzio guziak aipatzen, berri sail monografikoa ateratzen zaizu!"


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal irratiak
2014-05-30 | Iera Aranburu
"Sorterrira itzultzeko erabakiarekin ate bat ireki nahi dugu"

Ipar Euskal Herrian bizi izan diren hiru iheslarirekin mahai-ingurua egin dute Euskal Irratietan, haien lekukotasunak jasotzeko. Eztabaida osoa Euskal Irratien webgunean dago entzungai.


Eguneraketa berriak daude