Martxoaren 3ko memoriala Gasteizko San Frantzisko elizan jarriko da

  • Eusko Jaurlaritzak, Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Elizbarrutiak akordioa sinatu dute Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa Zaramagako San Frantzisko elizan jartzeko.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2021eko otsailaren 19an - 11:19
Akordioa San Frantzisko elizan sinatu dute erakundeek eta Gotzaindegiak. Argazkia: Arabako Foru Aldundia.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Informazio publikoa izan behar zena El Correo ordainpeko hedabidearen bitartez filtratu eta egun bat beranduago, akordioa ofizialki aurkeztu dute erakundeek: Gasteizko Zaramaga auzoan dagoen Asisko San Frantzisko elizak hartuko du Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa, eta gunea kudeatuko duen fundazio bat sortzea sustatuko dute lau erakundeek.

Gasteizko sarraskitik ia 45 urte igaro direnean, asmoen protokolo bat elizan bertan sinatu dute Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Juan Carlos Elizalde Gasteizko Elizbarrutiko gotzainak. Erakundeak bat etorri dira gaurkoa "egun historikoa" dela adieraztean.

 

 

 

 

 

Elizaren erabilera lagapena

1976ko Martxoaren 3an, bost langile hil zituen polizia armatuak, elizan bertan eta inguruetan egindako tiroen ondorioz: Jose Castillo Garcia, Bienvenido Pereda Moral, Romualdo Barroso Chaparro, Francisco Aznar Clemente eta Pedro Maria Martinez Ocio. Gainera, ehunka pertsona zauritu ziren.

2014tik ez da elizkizunik egin, eta memoria historikoaren aldeko eragileek urte luzez eskatu dute espazioaren birmoldaketa. Orain, Elizbarrutiak elizaren erabilera lagako dio sortuko den fundazioari, Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroaren sorreran aurrera egin dezan.

Oraingoz, ez dago proiektuaren inguruko informazio handirik, eta hurrengo hilabeteetan ezagutzen joango dira xehetasunak: memoriaren aldeko eragileen parte hartzea, memorialaren edukiak eta kudeaketa edo datak, besteak beste.

Oroimena, egia eta aitortza

"Erakundeen lidergotik eta gizarte lankidetzatik abiatzen den proiektu baten aldeko apustua egiten dugu, erakunde memorialisten, biktimen familiartekoen eta Martxoaren 3ko biktimen militantzia zuten langileen sindikatuen parte hartzea duen proiektuaren aldekoa. Norabide horretan ari gara lanean, eta, horretarako, bilerak eta kontaktuak izan ditugu azken hilotan", azaldu du Artolazabalek.

"Gaur lehen harria jarri dugu hemendik aurrera oroimenaren gune eta elkarbizitzarako itsasargi izan dadin", azpimarratu du Artolazabalek; bere ustez, "oroimenerako, egiarako eta aitortzarako eskubidea ez da preskribatzen". Zentzu horretan, Espainiako estatuaren erantzukizunaz ohartarazi du: "Espainiako estatuak, egindako kaltea aitortzeaz gain, bere autokritikan eta aitorpenean irmoa izan behar du: bidegabea izan zen, erabat bidegabea".

Agertoki berria biktimentzat

ALEAk Martxoak 3 Elkarteko kideekin hitz egin zuen asteazkenean, El Correok argitaratutako informazioen inguruko lehen balorazio bat jasotzeko. Lehenik eta behin, Gasteizko sarraskiaren biktimak biltzen dituen elkartearen proiektua Memoria Gara egitasmoa dela berretsi dute. Orain arte erakundeek "baztertu" egin dute proiektu hori, azaldu dutenez: "Dena Martxoaren 3agatik, baina Martxoaren 3ko biktimekin kontatu gabe", deitoratu dute.

Gainera, akordioaren berri prentsa bidez izan dutela baieztatu dute. Hala ere, aurrerapauso bat dela uste dute: "Oso gaizki kudeatu dute, baina oso albiste ona da; lortu dugu eta orain beste bataila bat hasiko da, fase berri bat. Orain gure borroka kudeaketan izango da, edukietan, memoria eragileen parte hartzean...".

Larunbat honetan, otsailaren 20an, Memoria Gara ekimenak prentsaurreko bat eskainiko du Martxoak 3 plazan, 11:00etan, agertoki berria baloratzeko.

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1976ko martxoaren 3a
Frankismoko dokumentu klasifikatuak argitaratuko dituen legea onartu du Espainiako Gobernuak

Bide parlamentarioa egin beharko du orain. Lege testu honen arabera, 30 urteko epea ezarriko dute sekretuak desklasifikatzeko, eta 45 urtekoa "goi mailako" sekretuendako. Bakoitza hamabost urtez luza daiteke.


Gasteizko greben bideo ezezagunak aurkitu ditu Martxoak 3 elkarteak Erresuma Batuko artxibo batean

Hiru bideo dira (albiste barruan ikusgai). Batak jasotzen du, grebak antolatzea leporatuta, Carabanchelen espetxeratu zituzten Jesús Fernandez Naves, Imanol Olabarria eta Juanjo San Sebastián langileak espetxetik atera ziren unea, 1976ko abuztuan. Beste biak Martxoak... [+]


Manifestazio jendetsua Martxoak 3an Gasteizen Poliziak eraildako bost langileen oroimenez

49 urte eta gero Espainiako Poliziak Gasteizko Maria Sortzez Garbiaren katedralean eraildako bost langileak oroitu dituzte beste behin astelehen arratsaldean. Milaka pertsona batu dira Zaramagatik abiatutako eta katedralean amaitutako manifestazioan. Manifestari guztiek ez dute... [+]


Martxoak 3tik 49 urte
“1976ko Gasteizko greben mugimendua eskola politikoa izan zen”

Martxoak 3ko sarraskiaren 49. urteurrena beteko da astelehenean. Grebetan eta asanblada irekietan oinarritutako hilabetetako borroka gero eta eraginkorragoa zenez, odoletan itotzea erabaki zuten garaiko botereek, Trantsizioaren hastapenetan. Martxoak 3 elkartea orduan... [+]


Memoria bala bat da buruan

1976ko martxoaren 3an, Gasteizen, Poliziak ehunka tiro egin zituen asanbladan bildutako jendetzaren aurka, zabalduz eta erradikalizatuz zihoan greba mugimendua odoletan ito nahian. Bost langile hil zituzten, baina “egun hartan hildakoak gehiago ez izatea ia miraria... [+]


M3moria Auzolana ekimena sortu dute, Martxoak 3ko grebekin loturiko objektuak eta testigantzak biltzeko

Martxoaren 3ko Memoriala hornitzeko erabiliko dira bildutako objektuak. Ekimena ahalik eta jende gehienarengana iristeko asmoz, jardunaldiak antolatuko ditu Martxoak 3 elkarteak Gasteizko auzoetan.


Martxoak 3a “askatasunez” oroitzeko aldarria egin dute

ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek eta M3 elkarteak "herrikoia eta sozialki plurala" den memoria eguna "errepresiorik gabe" egitea eskatu dute. Eusko Jaurlaritzari zuzendutako eskaera da, "iaz ez bezala", aurten manifestatzeko eskubidea bermatzeko... [+]


2024-10-25 | ARGIA
Gasteizen 1976ko martxoaren 3an zauritutako beste zazpi pertsona identifikatu dituzte

Egun hartan Espainiako Poliziak bost langile hil zituen eta dozenaka zauritu. Orain, identifikatu gabeko beste zazpi zauritu aurkitu dituela iragarri du Martxoak 3 elkarteak. Oraindik, alabaina, ez dute lortu zauritutako beste 20 pertsona identifikatzea.


Erkoreka: Tolosako gaztea “istiluetan parte hartzen ari zen”, eta Gasteizko polizia “ondo infiltratuta zegoen”

Segurtasun sailburuak adierazpenak egin ditu astearteko gobernu bilera ostean. Xuhar 16 urteko gaztea bera egin du inauteritan jasotako lesio larrien erantzule, eta Ertzaintzak Martxoak 3ko manifestazioan poliziak infiltratu zituela onartu du, “polizia demokratiko”... [+]


2024-03-05 | Leire Artola Arin
Ertzaintzari erantzukizunak eskatu dizkiote eragile sozial eta politikoek, Martxoak 3ko erasoengatik

Asteazkenerako agerraldi masiboa deitu dute Gasteizko Martxoak 3 plazan, “errepresiorik gabeko Martxoak 3 herrikoiaren alde”. Aske antolakundeak astelehenean egin du protesta, eta atxilotuei elkartasuna adierazi die. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek azalpenak... [+]


Ertzaintzak agente bat infiltratu zuen Martxoaren 3ko manifestazioan, baita lankideek jipoitu ere

Ertzaintzak bere agente bat infiltratu zuen Gasteizko Martxoaren 3ko manifestazioetan, Segurtasun Saileko iturri batek eldiario.es hedabideari baieztatu dionez. Lankideek beraiek jipoitu zuten manifestazioan izan ziren karga eta istiluetan.

 


Martxoaren 3a oroitu du jendetzak Gasteizen, eta Polizia manifestazioaren aurka oldartu da

Milaka herritar batu dira igande eguerdiko manifestazioan. Polizia manifestarien aurka oldartu da Bakea kalean, Corte Inglés parean, eta manifestazioa zatitu du. Bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak eta hainbat zauritu, tartean adineko emakume bat ahoan, foam jaurtigailu... [+]


“Orduko eta oraingo” borroka aldarrikatuko dute Martxoak 3ko sarraskiaren 48. urtemugan

Igandean egingo da manifestazio nagusia, ESK, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek eta Martxoak 3 elkarteak deituta. Palestinari aipamen berezia egin diote lau sindikatuek. Egun berean zein aurrekoetan deialdi eta ekimen gehiago antolatu dituzte hainbat eragilek.


Nerea Martínez, Martxoak 3 elkarteko kidea:
“Instituzioak asko okertuko dira Martxoak 3 elkartearen eta Memoria Gararen gainetik pasatzen saiatzen badira”

Otsaila hilabete garrantzitsua izan da Gasteizko Martxoak 3aren Memoriaguneari begira. Hiru urteko prozesuaren ondoren, hilaren 14ean sinatu zuen Martxoak 3 elkarteak hitzarmena Gogora institutuarekin. Egun bat beranduago, Martxoak 3 Memoriagunea fundazioaren sorrera argazkia... [+]


Martxoaren 3ko Memoriaren Gunerako lorturiko 600.000 euroak erabili gabe gera litezke

Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko eliza birmoldatzeko EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin hitzartutako diru-partida ez du erabiliko Eusko Jaurlaritzak, ez delako eraikinaren "jabe ezta onuradun ere". Hala, Martxoaren 3ko Memoriaren Gunearen proiektuak aurten ere... [+]


Eguneraketa berriak daude