Martxoaren 3ko biktimentzat justizia eskatu dute milaka lagunek Gasteizen

  • Aurten, emakumeek eta herri mugimenduek hartu dute protagonismoa.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko martxoaren 05an - 09:15
Martxoaren 3ko mobilizazoak Gasteizen (Arg: Arabako Alea)

Milaka lagun elkartu dira larunbat arratsaldean Gasteizko kaleetan, 1976ko martxoaren 3an Zaramaga auzoan Poliziak hil zituen bost langileak gogoratzeko eta "justizia" eskatzeko. Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda gogora ekarri dituzte milaka pertsonak, lehendabizi, 18:30ean Martxoak 3 plazan egindako omenaldian.

"42 urte igaro dira, 42 urte Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Peredarentzat, zein Tarragonan eta Basaurin hil zituzten Juan Gabriel Rodrigo eta Vicente Antonentzat, justizia eskatzen", azaldu dute Martxoak 3 elkarteko ordezkariek, Martxoak 3ko plazako omenaldian. Era berean, 2017an hil zen Koldo Larrañaga apaiza eta zinegileari aipamen berezia egin diote, "sarraskiaren lehenengo irudiak grabatu zituen lagunari". Gainera, elkarteak eskerrak eman dizkio gizarteari, "borroka bizirik mantentzeagatik". 

Aurten, emakumeek protagonismo berezia izan dute, eta 1976an "frankismoaren matxismo estrukturalari" aurre egin zioten emakumeak ere omendu dituzte. Zentzu horretan, martxoaren 8ko grebarekin bat egin du Martxoak 3 elkarteak, bertan parte hartzeko deia luzatuz.

Azkenik, Espainiako Bankuaren eraikinean egingo duten biktimen memorialaren eredu "baztertzailea" salatu dute, bertan martxoaren 3ko biktimek ez dutelako lekurik izango: "Errealitatearekin zerikusirik ez duen kontakizun bat inposatu nahi digute. Fraga Iribarnek sortutako alderdiak erabakitzen du nortzuk diren 'biktima' eta nortzuk ez". Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari eta Gasteizko Udalari proiektu hau ez babesteko eskatu die.

Emakumeak, protagonista

Omenaldia amaitzean, milaka gasteiztar manifestazioan abiatu dira Andre Maria Zuriaren plazaraino. Manifestazioaren buruan, lehendabizi, emakumeak izan dira, 'Guztion indarrak batuz aldaketa gauzatu' lemadun pankarta eramaten. Ondoren, Martxoak 3 elkarteko kideak, herri mugimenduko eragileak eta mugimendu feministako kideak izan dira. Amaitzean, azken hauek hartu dute hitza, Gasteizko erdigunean egin duten ekitaldian.

1976ko egun horietan eta ondorengo urteetan, emakumeek izan zuten papera ikusarazi nahi izan dute, "protesta horien kontakizun osatugabea irudikatu dugulako". Hori dela eta, "autokritika"  egin, eta emakume horiek "berriro ez ahazteko" eskatu dute mugimendu feministako bozeramaileek. Besteak beste, emakume hauek "protestak egiten, zaurituak zaintzen eta sarraskiak eragindako minari aurre egiten" egon zirela gogoratu dute. Emakume horietako batzuk Andre Maria Zuriaren plazan izan dira, beren testigantza ematen, tartean, Mertxe Gutierrez Zaramagako bizilaguna, Romualdo Barrosoren arreba Eva Barroso eta Amparo Lasheras kazetaria.

 

Informazio hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1976ko martxoaren 3a
Erkoreka: Tolosako gaztea “istiluetan parte hartzen ari zen”, eta Gasteizko polizia “ondo infiltratuta zegoen”

Segurtasun sailburuak adierazpenak egin ditu astearteko gobernu bilera ostean. Xuhar 16 urteko gaztea bera egin du inauteritan jasotako lesio larrien erantzule, eta Ertzaintzak Martxoak 3ko manifestazioan poliziak infiltratu zituela onartu du, “polizia demokratiko”... [+]


2024-03-05 | Leire Artola Arin
Ertzaintzari erantzukizunak eskatu dizkiote eragile sozial eta politikoek, Martxoak 3ko erasoengatik

Asteazkenerako agerraldi masiboa deitu dute Gasteizko Martxoak 3 plazan, “errepresiorik gabeko Martxoak 3 herrikoiaren alde”. Aske antolakundeak astelehenean egin du protesta, eta atxilotuei elkartasuna adierazi die. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek azalpenak... [+]


Ertzaintzak agente bat infiltratu zuen Martxoaren 3ko manifestazioan, baita lankideek jipoitu ere

Ertzaintzak bere agente bat infiltratu zuen Gasteizko Martxoaren 3ko manifestazioetan, Segurtasun Saileko iturri batek eldiario.es hedabideari baieztatu dionez. Lankideek beraiek jipoitu zuten manifestazioan izan ziren karga eta istiluetan.

 


Martxoaren 3a oroitu du jendetzak Gasteizen, eta Polizia manifestazioaren aurka oldartu da

Milaka herritar batu dira igande eguerdiko manifestazioan. Polizia manifestarien aurka oldartu da Bakea kalean, Corte Inglés parean, eta manifestazioa zatitu du. Bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak eta hainbat zauritu, tartean adineko emakume bat ahoan, foam jaurtigailu... [+]


“Orduko eta oraingo” borroka aldarrikatuko dute Martxoak 3ko sarraskiaren 48. urtemugan

Igandean egingo da manifestazio nagusia, ESK, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek eta Martxoak 3 elkarteak deituta. Palestinari aipamen berezia egin diote lau sindikatuek. Egun berean zein aurrekoetan deialdi eta ekimen gehiago antolatu dituzte hainbat eragilek.


Eguneraketa berriak daude