Martxoak 3 elkarteak ohartarazi du adi egongo dela, erakundeek oroimen zentrorako hitzartutakoa bete dezaten

  • Martxoak 3 Elkarteak Eusko Jaurlaritzaren bermea lortu du, erakunde publikoek biktimekin duela bi urte adostutako hitzarmena betetzeko. “Ustekabeko aldaketak” eta “seriotasun falta” salatu ditu hala ere, eta hemendik aurrera adi egongo dela ohartarazi du. Ostiralean, 1976an hildakoei omenaldia eta manifestazioa antolatu dituzte Gasteizen.


2023ko martxoaren 01an - 11:56
Azken eguneraketa: 15:08
Martxoak 3 elkarteak izandako prozesuaren balorazioa egin du. Argazkia: Martxoak 3

1976ko martxoaren 3an Gasteizen Poliziak hildako bost langileak eta egindako sarraskia gogoratzeko oroimen zentroaren inguruko gorabeherek indarra hartu dute, 47. urteurrenaren atarian. Martxoak 3 elkarteak jakinarazi du lortu duela Eusko Jaurlaritzaren aldetik bermea, duela bi urte erakunde publikoek eta Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteek adostutako hitzarmena sinatzeko. “Ontzat hartzen dugu azken momentuan egin duten norabide aldaketa”, azaldu dute elkarteko kideek.

Hala ere, bi urteotan izandako “ustekabeko aldaketak” eta erakundeen “biktimekiko errespetu eta seriotasun falta” salatu du Martxoak 3k, eta adierazi du hemendik aurrera ere adi egongo dela, hitzemandakoa bete dezaten: “Argi utzi dugu proiektua bideraezina dela Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteen protagonismo eta oniritzirik gabe”.

Oroimen zentroak “izaera bizia eta dinamikoa” izango duela diote estatutuek, Martxoak 3k eta Memoria Garak beti aldarrikatu izan baitute zentroak egungo borroken isla eta jarduera-gune ere izan behar duela

2021ean erakundeekin adostutako hitzarmena kolaborazio horizontalean dago oinarrituta: “Lortu dugu bermatzea Martxoak 3 elkarteak zer nolako partaidetza mota eta metodologiarekin lagunduko duen diseinuan, edukietan eta agendan”, azaldu du Martxoak 3 elkarteko Lander Garcíak Hamaika telebistan. “Ikusi beharko da betetzen den hala ez, mesfidantza handia sortu baitute”, gaineratu du.

Urtarrilean Martxoaren 3ko Memorialaren Fundazioaren estatutuak onartuko zituztela jakinarazi zieten Gasteizko Udaletik elkarteko kideei, baina honek lortu zuen bozketa hori gelditzea. Hala, proposamena luzatu zieten erakundeei eta aurreakordio bat lortu zuten. Kolaborazio hitzarmenaz gain, fundazioaren estatutuetan aldaketak adostu zituzten.

“Orain estatutuek jasotzen dituzte egia, justizia, eta biktimen aitortza nahiz erreparazioaren printzipioak”, azaldu dute elkartetik. Gainera, oroimen zentroak “izaera bizia eta dinamikoa” izango duela diote estatutuek, Martxoak 3k eta Memoria Garak beti aldarrikatu izan baitute zentroak egungo borroken isla eta jarduera-gune ere izan behar duela. Bestalde, biktimen elkarteek fundazioaren patronatuan tokia izango dute eta izango dituzten lau bokaletako bat lehendakariorde izango da.

Behin hori adostuta, erabakia “behin betikoa” izatea nahi dute eta negoziazioa “itxitzat” jo dute. “Garrantzitsuena da parte-hartze eta erabakitzeko gaitasun bermeekin aurrera egitea –azaldu dute–. Orain, erakundeen borondate politikoaren baitan dago akordioak betetzea”.

Ekitaldiak eta manifestazioa ostiralean

Beste urte batez ekitaldi ugari antolatu dituzte biktimen elkarteek eta sindikatuek 1976ko sarraskia gogoratu eta salatzeko. Asteazken honetan gertakizunei buruzko proiekzioa eta solasaldia egingo dute Orbain kultur elkartean, adibidez.

Baina ekitaldi nagusia ostiralean izango da, urtemugarekin. Arratsaldeko 18:00etan omenaldia egingo diete poliziak hildako bost langileei Martxoaren 3ko monolitoaren aurrean eta ondoren manifestazioa abiatuko dute hirian barrena.

Barkamenak eta erantzukizunak

Espainiako Gobernuak Martxoaren 3ko oroimen zentroa finantzatzeko 600.000 euro aurreikusi ditu Estatu aurrekontuetan eta fundazioan parte hartzeko “gogoa” azaldu du. Biktimen elkartetik berehala erantzun dute “inola ere” ez direla toki horretan Espainiako Gobernuarekin egongo, “etxeko lanak” egiten ez dituen bitartean.

Izan ere, 1976ko sarraskian Espainiako Gobernuan ardura politikoak izan zituztenek epaile aurrean erantzukizunak argitzeko oztopo ugari jarri izan dituzte beti espainiar justiziak eta Estatuko aparatuek, eta tartean Rodolfo Martín Villa ministro frankista ohia dago.

Zentzu horretan, Gasteizko alkate Gorka Urtaranen ustez, Espainiako Gobernuak Martxoaren 3ko fundazioan parte hartu aurretik “Estatuak barkamena eskatu beharko luke” eta gertaturikoa “ezin dela justifikatu” aitortu.

Urtaranen eskaerari erantzun dio Denis Itxaso Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Espainiako Gobernuaren ordezkariak Radio Vitorian: “Estatu demokratikoa ez da frankismoaren oinordekoa”, esan du. Bere ustez “historia manipulatzen” da horrelakoak esaten direnean.

Hala, Itxasok Trantsizioaren errelato ofizialari heldu dio: frankismoaren orrialde beltza ahaztu eta garai berri bat hasteko denen arteko “paktua” izan zela dioena. Eta bide batez, egindako krimenak zigorrik gabe uzten dituena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1976ko martxoaren 3a
Erkoreka: Tolosako gaztea “istiluetan parte hartzen ari zen”, eta Gasteizko polizia “ondo infiltratuta zegoen”

Segurtasun sailburuak adierazpenak egin ditu astearteko gobernu bilera ostean. Xuhar 16 urteko gaztea bera egin du inauteritan jasotako lesio larrien erantzule, eta Ertzaintzak Martxoak 3ko manifestazioan poliziak infiltratu zituela onartu du, “polizia demokratiko”... [+]


2024-03-05 | Leire Artola Arin
Ertzaintzari erantzukizunak eskatu dizkiote eragile sozial eta politikoek, Martxoak 3ko erasoengatik

Asteazkenerako agerraldi masiboa deitu dute Gasteizko Martxoak 3 plazan, “errepresiorik gabeko Martxoak 3 herrikoiaren alde”. Aske antolakundeak astelehenean egin du protesta, eta atxilotuei elkartasuna adierazi die. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek azalpenak... [+]


Ertzaintzak agente bat infiltratu zuen Martxoaren 3ko manifestazioan, baita lankideek jipoitu ere

Ertzaintzak bere agente bat infiltratu zuen Gasteizko Martxoaren 3ko manifestazioetan, Segurtasun Saileko iturri batek eldiario.es hedabideari baieztatu dionez. Lankideek beraiek jipoitu zuten manifestazioan izan ziren karga eta istiluetan.

 


Martxoaren 3a oroitu du jendetzak Gasteizen, eta Polizia manifestazioaren aurka oldartu da

Milaka herritar batu dira igande eguerdiko manifestazioan. Polizia manifestarien aurka oldartu da Bakea kalean, Corte Inglés parean, eta manifestazioa zatitu du. Bost lagun atxilotu ditu Ertzaintzak eta hainbat zauritu, tartean adineko emakume bat ahoan, foam jaurtigailu... [+]


“Orduko eta oraingo” borroka aldarrikatuko dute Martxoak 3ko sarraskiaren 48. urtemugan

Igandean egingo da manifestazio nagusia, ESK, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek eta Martxoak 3 elkarteak deituta. Palestinari aipamen berezia egin diote lau sindikatuek. Egun berean zein aurrekoetan deialdi eta ekimen gehiago antolatu dituzte hainbat eragilek.


Eguneraketa berriak daude