'Maite zaitugu, maita gaitzazu zuk ere'. Twitter euskaratzeko kanpaina berria abian

  • Twitter euskaratzeko eskatuz bigarren kanpaina bat abian da. Joseba Kamiok eman zion hasiera Maite zaitugu, maite gaitzazu zuk ere mezuarekin. Sortzaileak adierazi duenez, helburua euskal erabiltzaileek egunero mezu hau Twitter-eko administratzaileei bidaltzea litzateke, hauek itzulpen sistema euskarari ere ireki diezaioten.

2011ko azaroaren 24a
Kanpaina abiatu zuen mezua

Mezu hau izan zen hasiera:

"We love u. Please, do love us back". "One twit per day" campaign to get @ in basque language. Help us meet the future #basquetwitter

Euskaratuta honela litzateke:

Maite zaitugu, mesedez, maita gaitzazu zuk ere. "Egunero twit bat" kanpaina @Twitter euskaraz lortzeko. Lagun gaitzazu etorkizunarekin bat egiten #basquetwitter

Twitter bidez eman dituen azalpenetan dio kanpaina "sinpatiko" bat hobetsi duela, eta erabiltzaile kopuru jakin batetik gorak bat egitea  lortuz gero, eraginkor izan daitekeela. Kanpaina automatizatzea proposatu du Kamiok bere blogean, Buffer tresna erabilita. Honekin, erabiltzaileak aldez aurretik prestatuta utzi ditzake egunero era automatikoan bidaliko dituen mezuak.

Gaur goizean Twitterreko euskal komunitatean protagonismo handia izan du kanpainak eta asko izan dira mezu bera bidali dutenak.

Ez da Twitter euskaratzeko eskatuz abiatzen den lehen kanpaina. Aurretik, beste plataforma bat erabiliz, ARGIAko kazetari Lander Arbelaitzek atxikimenduak lortzeko kanpaina bat abiatu zuen, kataluniarrek egindako kanpaina bat egokituz. Bertan, bederatzi hilabetetan ia 1.900 atxikimendu bildu dituzte euskal erabiltzaileek eta oraindik ere atxikimenduak hazten doaz.

Twitter plataforma munduko webgunerik garrantzitsuenetako bat da, 200 milioi erabiltzaile dituela estimatzen da, eta egunean 65 milioi mezu bidalizen direla zerbitzu hau erabilita. Itzulpengintza zerbitzu bat dauka, eta erabiltzaileen laguntza eskatuta zerbitzua hizkuntza batera eta bestera itzultzen ari dira. Gauzak honela, Twitterreko euskal eta kataluniar komunitateak sare soziala presionatzen ari dira itzulpena euren hizkuntzetara ere ireki dezaten.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Twitter

Twitter kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
Eguneraketa berriak daude