Maiatzaren 8an izango da Herri Urrats, Senperen

  • Bi urtez ohiko jaialdia egin gabe egon ostean Senpereko aintzirara itzuliko da Ipar Euskal Herriko ikastolen festa. Asteazkenean iragarri dute aldarrikapena eta festa batuko dituen egitaraua.


2022ko apirilaren 20an - 15:50
Argazkia: Guillaume Fauveau

Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen festaren urteroko hitzordua Senpereko aintziran izan ohi zen. Maiatzaren 8an egingo dute aurtengo jaialdia, bi urteko etenaldiaren ostean. Seaskaren bosgarren kolegioa zabaltzeko izango dira aurtengo Herri Urratseko etekinak. Izan ere, ikasle kopurua handitzen ari da azken urteetan eta leku beharrean dira. Senperen bertan eraikiko dute ikastetxea, eta datorren urteko ikasturterako prest eduki nahiko lukete.

"Itzulera" izango da Herri Urratsen aurtengo leloa, eta lehen logoa izan zen zapata berreskuratu dute. Azken urteetan Seaska aurrera ematen ari den borrokei oihartzuna eta indarra emateko baliatuko dute jaia. Programa oparoa antolatu dute aurtengorako ere, eta horretan indar berezia egin dute, azpimarratu dutenez. Ohi bezala, Senpereko aintziraren inguruan kokatutako lau gune nagusi izango ditu jaiak: Araba, Lapurdi, Nafarroa eta Gipuzkoa guneetan. Araba gunean izango da haurren txokoa, baina baita hainbat kontzertu ere: Pauline eta Juliette, Mutxikoak, Kilimak, Albosax, Xiberoots, Astobaba eta Trikidantz erromeria taldea. Kontzertuak 10etan hasiko dira eta 20:00etan bukatu.

Lapurdi gunea janari loturikoa izango da, eta Artxeroak eta bertsolariak ere arituko dira. Bazkaria girotzeko, gainera, Nat eta Watson izango dira. Nafarroa gunean ere kontzertu ugari izango dira. Taulara igotzen lehena Lizeoko ikasleek osatutako Laparrak taldea izango da. Gero, Aho zakil Konekxion eta Aguxtin Alkhat arituko dira. 14:00etan Donostiako Skakeitan taldea igoko da eszenara, bira oso berezi baten lehen kontzertua izango dena eskaintzeko. Ostean, Arrasateko Des-kontrol taldearen txanda izango da. Urte batzuetan jo gabe egon ostean, beraien 25. urteurrena ospatzeko antolatu duten biraren lehen data izango da Senperekoa. Willis Drummond taldea igoko da oholtzara gero, eta Aguraingo Dupla bikoteak itxiko du gunea.

Herri Urratsek, gainera, badu beste ikastolen jaiek ez duten gune berezi bat, dantzari eskainitakoa. Aurten ere dantza emanaldi ugari izango dira Gipuzkoa gunean, eta Tristan Murgi abeslariak eta ZEZE taldeak itxiko dute bertako egitaraua. Zabaldu, baina, Estitxu Robles kolegiko gazteek egingo dute, Dantzaz konpainiarekin egindako ikastaldiaren emaitza erakutsiko baitute Herri Urratsen. Ondoren, K-balet, Herri Urrats Kantauz, Wazza Panda Famili, Topa Noka izango dira, eta dantza erakustaldiekin bukatzeko Kimua Dantza Kolektiboak GenEroa beraien azken lana taularatuko dute.

Itzulera abestia, Zetak taldearen eta Erramun Martikorenaren eskutik. Kukai dantza taldeak parte hartu du bideoklipean.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri Urrats
Muga Zero taldea da Herri Urratseko lehen maketa lehiaketaren irabazlea

40 taldeen artetik garaile atera da Muga Zero punk-rock taldea.


Euskaraz abesten duten taldeen maketa lehiaketa antolatu du Herri Urratsek

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festak “aukerak ireki” nahi dizkie euskal musikagileei. Urtarrilaren 3an amaituko da izena emateko epea, eta otsailean iragarriko dute irabazlea. Saria maiatzaren 12an Herri Urratsen zuzenean jotzea izango.


2023-05-15 | ARGIA
"Elkartasun uholdea" behar du Seaskak, ekaitzak Herri Urrats festa zapuztu ostean

"Ekaitz erauntsiak Herri Urratsen 40. urteurrena ospatzeko geneukan ametsa zapuztu du. Besta bere handitasun osoan ezin ospatze horrek milaka euroko galera ekonomikoa ekarri dio Seaskari; hori dela-eta, deialdi zabal bat egiten diogu euskal jendarte osoari".


Software libre eta euskaldunak txokoa izango du Herri Urratsen

Igande honetan, maiatzak 14, urtero bezala Ipar Euskal Herriko ikastolen Herri Urrats festa ospatuko da Senpereko lakuaren inguruan. Aurten, Ilargikoop ikasle kooperatibak bere txoko propioa izango du Xiberoa gunean. Elkartenetekin batera egun osorako egitaraua antolatu dute:... [+]


Eguneraketa berriak daude