Macronen aldeko Bru eta Lasserre, eta ezkerreko Echaniz garaile Ipar Euskal Herrian

  • Macronen aldeko Ensemble hautagaitza nagusitu da bosgarren eta seigarren hautesbarrutian eta orain arteko diputatuek atxiki dute aulkia: Vincent Bruk eta Florence Lasserrek. Laugarrenean, NUPES ezkerreko batasuna nagusitu da, doi-doietarik: Iñaki Echaniz da diputatu berria, 80 bat botoren aldearekin.

Laugarren hautesbarrutiko diputatu berria da Iñaki Echaniz, Biarnoko Oloroeko hautetsi sozialista (Argazkia: La République des Pyrénées)

2022ko ekainaren 20an - 08:56

Argitu dira datorren bost urteetan Ipar Euskal Herriak Frantziako Legebiltzarrean ukanen dituen hiru diputatuen izenak: Vincent Bru (seigarren hautesbarrutian, hau da, Hendaia eta Miarritze arteko Lapurdiko herrietan); Florence Lasserre (bosgarren barrutian, hau da, Baiona, Angelu eta inguruko herrietan) eta Iñaki Echaniz (laugarren barrutian, hau da, Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Biarnoko zati batean).

Hori horrela, azken bost urteetan bezala segituko dute kargu horretan Bru eta Lasserrek, Emmanuel Macronen aldekoek. Bruk botoen %60,2 eskuratu du eta Lasserrek botoen 54,4%.

Laugarrenean irabazi du Macron garaitzeko asmoz ezkerreko alderdi ugarik osatu zuten NUPES batasunak. Horrek dakar azken hogei urteetan diputatu izandako Jean Lassalleri hartu diola aulkia Iñaki Echaniz Oloroeko (Biarnoa) kontseilari sozialistak –Jean Lassalle ez zen aurkeztu eta Julien anaiari utzi zion ardura–. Doi-doietarik lortu du garaipena, 80 bat botoen aldearekin soilik.

Parte-hartzea Frantzia mailan %38,11koa zen arratsaldeko 17:00tan.

Laugarren hautesbarrutian, Annick Trounday (Ensemble) eta Iñaki Echaniz (NUPES) hautagaitzen artean burutu da bigarren itzulia; bosgarrenean orain arteko diputatu Florence Lasserre (Ensemble) eta Sandra Pereiraren (NUPES) artean; eta seigarrenean, orain arteko diputatu Vincent Bru (Ensemble) eta Tom Dubois-Robin (NUPES) dira lehiatu.

Lehen itzuliko emaitzak

Laugarren eremuan, bozen %26,6 bildu zituen iragan igandeko lehen itzulian Troundayk, eta %24 Echanizek. Hirugarren kokatu zen Julien Lassalle (orain arteko diputatu Jean Lassallen anaia) %20,3 eginik, eta laugarren eskuin muturreko Batasun Nazionaleko Sylviane Lopez (%11,6). Bosgarren atera zen Egoitz Urrutikoetxea EH Baiko hautagaia, bozen %10 lorturik –zehaztu beharrekoa da laugarren barrutian sartzen direla Zuberoa eta Nafarroa Beherea baita Biarnoko zati bat ere, hots, eremu osoa hartuz boto abertzalearen proportzioa ttipitzen da–.

Bosgarren bozketa eremuan, botoen %33,9 erdietsi zituen Lasserrek eta %25,1 Pereirak. Hirugarren lekuan kokatu zen Pascal Lesellier eskuin muturrekoa (%13,9) eta laugarrenean EH Baiko Mathilde Hary (%8,9).

Seigarrenean, lehen atera zen Bru (Ensemble) botoen %28,5 bildurik, eta bigarren, aldiz, Dubois-Robin NUPESekoa, %19,5 eginik. Hirugarren lekua lortu zuen Peio Dufau EH Baiko kideak (%14,5) eta laugarrena eskuin muturreko Monique Becker bozen %9,89rekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak 2022
Eskuin muturrak eskerrak Macroni

Zortzi diputatu izatetik 89 izatera pasa da bost urtez eskuin muturra Frantzian. Hori horrela, lehen aldikoz talde parlamentario bat osatu dezake Marine Le Penen RN Batasun Nazionalak, horrek abantaila andana ematen diola: lehenik eta behin, sostengu finantzario kontsekuentea... [+]


Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Analisia
Eskuin muturrak eskerrak Macroni


2022-06-21 | Jakes Bortayrou
Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Analisia
Ustekabeko panorama


Legebiltzarrean zuen gehiengo osoa galdu du Emmanuel Macronek

Presidentearen hautagaitza izan da boto gehien atera dituena, baina gobernatzeko itunak bilatzera behartuko duen beherakada jasan du. Mélenchonen ezkerra eta Le Penen eskuin muturra asko hazi dira. Ipar Euskal Herrian Macronen aldeko Bru eta Lasserre eta ezkerreko Echaniz... [+]


Eguneraketa berriak daude