Legebiltzarrean zuen gehiengo osoa galdu du Emmanuel Macronek

  • Presidentearen hautagaitza izan da boto gehien atera dituena, baina gobernatzeko itunak bilatzera behartuko duen beherakada jasan du. Mélenchonen ezkerra eta Le Penen eskuin muturra asko hazi dira. Ipar Euskal Herrian Macronen aldeko Bru eta Lasserre eta ezkerreko Echaniz garaile atera dira Ipar Euskal Herrian, Jenofa Berhokoirigoinen artikulu honetan sakondu daiteke.

Emmanuel Macronek legegintzaldi batez gehiengo absolutuarekin agindu du, oraingoan itunak bilatu beharko ditu ezkerrarekin edo eskuin muturrarekin.

2022ko ekainaren 20an - 08:59

577 diputatuetarik 351 lorturik, Frantziako Legebiltzarreko gehiengo osoa lortu zuen 2017an Emmanuel Macron presidenteak, etorriko ziren bost urteetan nahi zuen politika bideratzeko aukera eskuratuz. Hori ez errepikatzea zuen xede NUPES ezkerreko alderdien arteko koalizioak. Helburu hori lortu du: 245 diputatu ditu Ensemble! izeneko Macronen aldeko hautagaitzak –289 behar dira gehiengo osoa lortzeko–. Hala eta guztiz ere, eskuineko Errepublikarrak alderdiak 61 aulki lorturik eta eskuinean kokatzen diren beste 11 diputatu izanik, pentsatu dezakegu legeak bozkatu ahal izateko gehiengoa osatzen lortuko duela Macronek.

Eskuineko diputatuen botoa beharrezko duela, aurreikusi daiteke are eskuinerago tiratuko duela berea Macronek. Parean, ezkerra izanen du oposizioko indar nagusi, azken bost urteetan baino anitzez pisu gehiagorekin gainera: 131 diputatu lortu ditu NUPESek eta ezkerrean kokatzen dira beste 22 hautetsi ere. 2017an ezkerra ez zen aurten bezala baturik aurkeztu eta 45 diputatu lortu zituen Alderdi Sozialistak, 17, berriz, ezker muturreko Jean-Luc Melenchonen Frantzia Intsumisoa alderdiak.

Emaitzen infografia.

Gehiengoa lortzea zuen NUPESek amets, Melenchon lehen ministro izendatu eta Macronen politika liberal eta eskuindarrari bidea mozteko Parlamentutik. Ez du lortu eta ezkerreko alderdien arteko batasun gazte eta berri hau iraunaraztea eta sendoaraztea izanen du ondoko egun eta urteetan erronka nagusi.

Ezberdintasunak alde batera utzi eta adostasunak lehenestea lortu zuten lehendakaritzako hauteskundeen biharamunean Alderdi Sozialistak, Europe Ecologie alderdi ekologistak, Alderdi Komunistak eta Frantzia Intsumisoak. 2027ko presidentzialei begira, batasuna iraunaraztea dute orain ardura, hemendik bost urtera eskuin muturrari bidea mozteko gisan.

Abstentzioa da bozketa hauetako garaile nagusia: %53,7 ez da joan bozkatzera eta beste %3,5k zuri edo baliogabeko bozka-papera jarri du.

Eskuin muturra 8tik 89ra

Datu kezkagarria da eskuin muturreko Batasun Nazionalak lorturiko emaitza: 89 aulki lortu ditu, 2017an baino 81 gehiago. Bozketaz bozketa indartuz doa Marine Le Penen alderdia. Bi itzulien artean Macronen aldekoek ia hein berean jarri dituzte ezker muturra eta eskuin muturra; eta presidentzialetan beharrezko zuen fronte errepublikarra aldi honetan ez du bultzatu; alderantziz, ezker muturrak zekarren "arriskua" eta "desordena" aipatu izan ditu. Frantziako Gobernuak badauka bere ardura eskuin muturraren gorakadan.

Ipar Katalunian Le Penek lautik lau

Ipar Kataluniako lau barrutietan Le Penen eskuin muturrak irabazi du. Hori aldaketa handia da, orain bost urte lautik bakarrean irabazi baitzuten eta beste hiruak Macronen alderdiarentzat izan ziren, Vilaweben irakur dezakegun bezala.

Bretainian Molac berriro hautatuta

Hizkuntza gutxituen eta murgiltze ereduak zabaltzearen alde ekintzaile erreferentzial bilakatu den diputatua berriro hautatu dute Bretainian: Paul Molac. Horez gain, Macronen alderdia nagusitu da nabarmen Bretainian.

Korsikan abertzaleek lautik hiru

Korsikarrek lau diputatu aukeratu behar zituzten igandean. Horietatik hiru abertzaleak izango dira eta bat Macronen alderdikoa, Corse Matin egunkarian irakur daitekeenez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak 2022
Eskuin muturrak eskerrak Macroni

Zortzi diputatu izatetik 89 izatera pasa da bost urtez eskuin muturra Frantzian. Hori horrela, lehen aldikoz talde parlamentario bat osatu dezake Marine Le Penen RN Batasun Nazionalak, horrek abantaila andana ematen diola: lehenik eta behin, sostengu finantzario kontsekuentea... [+]


Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Analisia
Eskuin muturrak eskerrak Macroni


2022-06-21 | Jakes Bortayrou
Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Analisia
Ustekabeko panorama


Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak
Macronen aldeko Bru eta Lasserre, eta ezkerreko Echaniz garaile Ipar Euskal Herrian

Macronen aldeko Ensemble hautagaitza nagusitu da bosgarren eta seigarren hautesbarrutian eta orain arteko diputatuek atxiki dute aulkia: Vincent Bruk eta Florence Lasserrek. Laugarrenean, NUPES ezkerreko batasuna nagusitu da, doi-doietarik: Iñaki Echaniz da diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude