Lurrak sal ditzaten, Solaria enpresaren “etengabeko presioa” salatu dute UAGAko nekazariek


2023ko abenduaren 7an - 10:39
Azken eguneraketa: 12:04
Parke fotovoltaikoa. // Argazkia: Gobierno Danilo Medina CC BY-NC-ND 2.0
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

UAGA Arabako Nekazari Elkarteak Solaria enpresaren “presioa” eta “jazarpena” salatu du. Solaria enpresak makrozentral fotovoltaikoak eraiki nahi ditu Arratzu-Ubarrundia udalerriko (Araba) 1.100 hektareatan, eta horretarako lur eremu zabalak behar ditu. Gauzak horrela, inguru horietako nekazariei laborantza lurrak erostea du helburu, baina hauen ezezkoaren aurrean, “etengabeko presioa” eta “kolonizazio mehatxua” salatu dute nekazariek.

Nekazariek salatu dute Solariako kideak haien etxe eta lantokietan agertzen direla eta telefonoz deitzen dietela etengabe lurrak sal ditzaten, Berriak jakinarazi duenez. Halaber, nabarmendu dute haien jabetzen inguruko datu konfidentzialen berri dutela, baita datu pertsonalena ere: “Gure datu guztiak dituzte: badakite zenbat lur ditugun, eta gezurrekin xantaia egiten saiatzen dira, esanez batzar administratiboek lurrak saltzearen alde sinatu dutela eta guk ere hala egin beharko genukeela”.

Enpresak “kopuru izugarriak” eskaintzen dizkietela azpimarratu du Arabako nekazari Alfredo Ortiz de Zaratek. Hala ere, ezezkoa askotan eman duen arren, enpresak ez duela amore ematen adierazi du: “Behin eta berriz esan diet ez dudala interesik, baina berriro itzuli dira. Berriro ez bueltatzeko eskatu diet, baina alferrik”. Ertzaintzara salaketa jartzera jo du, baina mehatxurik jaso ez duenez ezin dutela ezer egin esaten diote.

Nekazarien etorkizuna arriskuan ikusten dute UAGAko kideek, haien ustez jabe askorentzat “oso erakargarria” baita enpresak eskainitako dirutza: “Ogibide honek ematen duen baino askoz diru gehiago eskaintzen ari dira, eta, noski, askok amore emango dute”. Berriak jaso duenez, hala ere, “mehatxuen” aurrean geldirik geratuko ez direla azpimarratu dute, eta egoera honen aurrean instituzioen “utzikeria” salatu dute: “Horrela segituz gero, Araba suntsituko dute”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nekazariak
2024ko martxoaren 28
Open Bar

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!