Lau zutabek bat egingo dute Donostiako greba feministaren mobilizazio nagusian

  • Donostiako Mugimendu Feministak martxoaren 8ko greba feministan antolatutakoaren berri eman du ostiralean, Donostiako Emakumeen Etxean egindako prentsaurrekoan. Emakumeok* planto grebaren antolakuntzako kideek dei egin diete emakume guztiei “beren mina eta amorrua, lanak, eskaerak eta gorputzak ikusarazi”, eta muga guztiak gaindituko dituen greba feministarekin bat egin dezaten.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U  |  Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta
2018ko martxoaren 02a
Donostiako mugimendu feminista prentsaurrean, Emakumeen Etxean (Arg: mugimendu feminista)

Grebara ateratzeko “motiborik” ez dela falta esan dute: “Eredu ekonomiko kapitalista eta neoliberal honek zapaldu egiten gaitu, kultura patriarkal honek baztertu eta objektu estereotipatu bilakatzen gaitu, gizonezkoek emakumeok gutxietsi, jipoitu, eta erailtzen gaituzte”.

Horregatik guztiagatik, eskatu dute emakumeek grebarekin bat egin dezaten, modu batera edo bestera: mobilizazioetan parte hartuz, zaintza eta ugalketa lanak ez egiten, besoko morea janzten edota balkoietan amantalak eskegiz. Bestalde, egun horretan ez kontsumitzeko deia egin dute, bereziki “enpresa eta merkataritza gune handietan”.

Martxoaren 8ko arratsaldeko mobilizazioan, lau zutabe aterako dira, bakoitza hiriko leku batetik: lan, ikasketa, zaintza eta kontsumo zutabeek Boulevard-en egingo dute bat, eta ekitaldi nagusia egingo da bertan.

Asteburu honetako ekintzak

Martxoaren 8aren aurreko beroketari jarraipena eman nahi dio mugimendu feministak, eta astebururako ekintzak antolatu ditu:

Larunbatean, martxoaren 3an, "Kaleak eta grebak gureak dira. Emakume* langileen borrokei buruzko irakurketa ibiltaria" egingo da, 12:00etan San Martin merkatutik abiatuta. Irakurketa eta performance-ak egingo dira Donostiako kaleetan zehar.

Igandean, Lilatoian, korrikalari zein ikusleei grebaz informatzeko argibideak eman eta bat egiteko dei egingo diete.

Martxoaren 8ko ekintzen egitaraua

  • 11:00etan bizikletada desobedientea Amara Berriko Arcco merkatalgunetik Boulevardera.
  • 11:45ean Etxeko langileen elkarretaratzea, Udaletxe aurrean.
  • 12:00etan sentada Boulevardean
  • 12:30ean, performance-a Plaza Berrian (Konstituzio Plazan).
  • 14:00etan Tuperfest etxetik ekarritako bazkaria  Gipuzkoa Plazan, kontsumo grebaren harira.
  • 17:00etan Ginkana zirikatzailea, Gipuzkoa Plazatik
  • Arratsaldean, manifestazioa, zutabetan:

Ikasleen zutabea: Ibaetatik, 19:15ean.

Soldatapeko lanen zutabea: Egiako Justizia Jauregitik, 19:30ean.

Zaintza lanen zutabea: Groseko Anbulategitik, 19:30ean.

Kontsumo zutabea: San Martin merkatalgunetik, 19:35ean.

Zutabe bakoitzak hura ezaugarritzen duten zenbait elementu eta ikur eramango ditu. Eta guztiek bat egingo dute ibilbidean, eta amaieran, Boulevardean.

  • 20:00etan, ekitaldi nagusia Boulevardean.
  • 00:00 Greba amaierako festa: "Ezin badugu dantzatu hau ez da gure greba Guardetxean".

Eta gizonezkoek zer?

Gizonek badutela zeregina esan du mugimendu feministak: zaintza lanez arduratu, lankide emakumezkoen greba eskubidea babestu eta enpresa handietan kontsumoa mugatu, besteak beste. Arratsaldeko mobilizazioetan ere parte hartu ahal izango dute, baina “lehen lerroan egon gabe” eta “emakumeak zuzendu gabe”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: M8 greba feminista  |  Feminismoa  |  Donostia

M8 greba feminista kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEAK
Eguneraketa berriak daude