“Larunbateko burujabetza ekintzarekin anomalia politiko bat egitera goaz”

  • “Burujabetza ekintza masiboa” antolatu du euskal errepublikaren aldeko Ehun mugimenduak larunbaterako, ekainak 4, Irungo Ficobatik abiatuta. Larunbateko deialdiaz, Ehun mugimenduaren helburuez, independentismoaren eta burujabetzen aldeko borrokaren indargune zein ahulguneez edo eraldaketa soziala bultzatzeko moduez hitz egin dugu mugimenduko kide Unai Apaolazarekin.


2022ko ekainaren 01ean - 07:14

“Burujabetza ekintza masiboa” iragarri duzue larunbat eguerdian. Zer kontatuko dezakezue ekintzaren inguruan?

Deitzen dugun lehenbiziko burujabetza ekintza izango da, lapurtu diguten hori praktikan jarriko dugu. Aldebakarreko ekintza da, baimenik eskatu gabe burutuko da. Bide hau hasteko momentuan garrantzitsua da gehiengo zabal batek begi onez ikusten duen ekintza izatea; esan dezakegun gauza bakarra da gehiengo oso-oso zabal batek oso begi onez ikusiko duela egingo duguna. Mozorrotuta joatera gonbidatu dugu jendea baina mozorrorik gabe ere hartu daiteke parte, horregatik ez dadila inor geratu etxean. Tonua alaia izango da, txaranga bat, bertsolariak, trikitiaren doinuak entzungo ditugu. Animatzen ditugu herritar guztiak bertaratzera, berezia izango da, polita, pozik itzuliko dira etxera.

Prentsaurrekoan azaldu zenuten larunbateko ekintza "burujabetza iraultza"-ren abiapuntua izango dela. Zer da burujabetza iraultza?

Burujabetza iraultzak oinarrian irakurketa bat du: burujabetzak lapurtu dizkigute hainbat esparrutan, eta askotan mugatzen gara burujabetzak lapurtu dizkiguten horiei mesedez eman diezazkigutela eskatu edo erregutzera. Guk diogu horrek ez duela funtzionatzen, eta historiari begiratuz gero funtzionatzen duena dela burujabetzak praktikara eramaten hastea esparruz esparru. Euskal errepublikaren helburua lortzeko ere hori da bidea, askotan egin den bezala, askok egin duten bezala: intsumituak, ikastolak, Rosa Parks-ek... Gu urrats hori egitera goaz, uste dugu jendea erakarri dezakegula horrela.

Abiapuntua izanik, hurrengo urratsak prest al dituzue?

"Burujabetzak lapurtu dizkigute hainbat esparrutan, eta askotan mugatzen gara burujabetzak lapurtu dizkiguten horiei mesedez eman diezazkigutela eskatu edo erregutzera"

Baditugu batzuk pentsatuta, aurrerago plazaratuko ditugu. Halere, guk Ehunetik egingo dugunaz harago, gauza garrantzitsu bat: Ehun diskurtso bat sortzen ari da, eta arrazoibide hori jendartearen esku uzten dugu bere kabuz erabili dezan. Alderdien logiketatik ihes egiten duen diskurtsoa, logika horretan sartuz gero gauzak aldatzea zaila delako, beti dutelako inertzia egoeraren kudeaketara mugatzekoa eta guk, burujabetza guztiak berreskuratu eta euskal errepublika eraiki nahi dugun heinean, egungo markoa gainditu nahi dugu.

Alderdi politikoek statu quo-a aldatzeko egiten duten diskurtsoa ez da sinesgarria, ez da errealista. Ehunen, gure txikitasunetik, bestelako diskurtso bat sustatu nahi dugu, sinesgarriagoa dena. Historiari begiratuz gero statu quo-a ez da aldatu kudeaketatik, baizik eta egon delako talde edo jende multzo bat esan duena, "honaino", eta eraman duena praktikara justua iruditzen zitzaiona. Ehun hori da, erreminta edo bide bat edonork bere egin eta erabili dezan. Beti ere egunerokoan eragiten diguten arazoetatik abiatuz euskal errepublikaren beharra mahai gainean jartzeko. Herritarrak animatzen ditugu erreminta hori eskutan hartzera.

Martxoan Gu prest gaude dokumentua aurkeztu zenuten, burujabetza ekintzetan parte hartzeko prest dauden herritarrak izena eman dezaten. Zer harrera izan duzue?

Kopuru zehatza ez dakit baina bizpahiru aste direla 300en bueltan zeuden izen-emateak. Dena den, ekintzetara herritar guztiak deitzen ditugu, edonor joan daiteke. Askotan definitzen dugu Ehun anomalia politiko moduan, ez gara alderdi bat, ez sindikatua, ez Euskal Herrian ohitua gauden egitura motan. Eta larunbateko burujabetza ekintzarekin anomalia politiko bat egitera goaz, jendea animatzen dugu gerturatu eta anomalia horretan protagonista izatera.

Aldebakartasunaren alde egiten duzue, aldebikotasunarena baino bide errealistagoa dela. Bada desiorik eta giharrik aldebakartasunerako?

Espainiako eta Frantziako estatuen aurrean bide erreal eta sinesgarri bakarra aldebakarrekoa da, Espainiak eta Frantziak ez digutelako sekula emango ez autodeterminazioa, ez energiaren, etxebizitzaren edo beste arlo batzuen inguruan burujabe jokatzeko aukera. Aldebakartasunera derrigortuta gaude.

Aldebikotasunaren alde dauden alderdiek tranpa egiten dute. Esaten digute ez dagoela aldebakartasunerako indarrik, beraz, egingo dugula statu quo-aren kudeaketa ona, eta gero, jende asko garenean, aldebakartasunera egingo dugula. Historiak erakusten digu, ordea, eta Kataluniak ere, ondo eta esparru egokian erabilitako aldebakartasuna dela jendea erakarri eta oinarria zabaltzeko gaitasuna duena. Beti hasiko dira lau katu, intsumisoak edo ikastolak hasi ziren bezala, baina egoki eraginez gero baldintzak sortuko dituzte. Aldebikotasunak indartuko zaitu eta, igual bai igual ez, aurrerago aldebikotasun batean sartu zaitezke bentaja egoera batean.

Gu egiten ari garena da baldintzak sortzen hastea. Ez gara tontoak, ez gara fantasiosoak, zaila da, badakigu zein egoeran gauden, baina uste dugu buelta emateko diskurtso eta egiteko modu berriak behar ditugula.

Euskal Herrian "independentzian sinesten ez duen independentismoa" dugula esan zenuen Hala Bedi irratian eginiko elkarrizketa batean. Nola berreskuratu sinesmen hori?

"Beti hasiko dira lau katu, intsumisoak edo ikastolak hasi ziren bezala, baina egoki eraginez gero baldintzak sortuko dituzte"

Hori Unai Apaolaza moduan esan nuen, baina ni sinetsita nago horretaz. Sinesteko bide bat behar duzu, adibidez euskal errepublika helburu duena, baina gaur gaurkoz ez da biderik seinalatzen. Arazoak konpontzeko markoa Espainia eta Frantziako estatuak badira, zertarako independentzia? Ez da euskal errepublikarik behar arazoak konpontzeko. Independentzia folklorizatzea, momifikatzea dakar horrek, eta diskurtso horiek plazaratzen ari dira. Horren atzean dagoena da ez dela bide horretan sinesten, hori transmititzen da. Independentismoaren erreferentzia nagusia denak, EH Bildu batek, ez badu bide bat seinalatzen, independentismoari kalte izugarria egiten ari zaio nik uste.

Alderdi eta erakundeekiko distantzia markatzen duzue. Egitekorik ematen diezue euskal errepublikaren eraikuntzan?

Alderdiak beharrezkoak dira, hori azpimarratzen dugu beti. Baina statu quo aldaketa egoera batean lehentasuna jendarte antolatuak hartu behar du. Zergatik? Lehentasuna alderdiek badute aldaketa ezinezkoa da edozein iraultza, independentzia edo dena delako prozesutan. Alderdiak direlako gauzen egoera kudeatzeko erremintak. Ez dut esaten hori ez denik egin behar, baina ezin du lehentasuna izan. Erritmoa eta agendak alderdien esku baldin badaude, erritmo eta agenda horiek izango dira instituzionalak. Egunero ikusten ari gara.

Katalunian hausnarketa hori egin dute, jendarte aktibatuak erritmoa eta agenda markatzeko gaitasuna izan behar du. 2017an hori gertatu zen, eta heldu ziren heldu ziren tokiraino: orain alderdiek hartu dute lehen lerroa eta ikusten da zein den egoera.

Bada dioenik, ordea, Kataluniako 2017ko ikasgaietako bat dela: horrela ere ezin da.

Baina inoiz baino gertuago egon ziren. Irakurketa ezberdinak egin dira, ni bat nator Albano Dante Fachinek egiten duenarekin: hor bazegoen herri bat prest zegoena, atzera egin zutenak ez ziren izan kalea hartu zuten herritar antolatuak, baizik eta alderdiak; akatsa izan zen oraindik ere legitimitatea alderdiei eta agintari politikoei eman zietela herritarrek.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Independentismoa
Naziometroaren seigarren neurketa
Gehiengoa euskal estatuaren alde legoke “adostutako” erreferendumean, gatazkarik sortzen ez badu

Euskal Burujabetzaren Barometroaren seigarren neurketa aurkeztu dute asteartean Donostian. Euskal Herriarekiko atxikimendua da nagusi oro har, baina Nafarroan Nafarroarekikoa gailentzen da. Euskara ez dago euskal sentimendua azaltzeko gako nagusien artean, baina gaztelera eta... [+]


“Euskararen patua independentziarekin lotzen badugu, euskarak jai egin du”

Xabier Zabaltza Perez-Nievas historialaria, idazlea eta EHUko irakasleak 'Euskal Herria heterodoxiatik' izeneko liburua plazaratu berri du. Bertan dio Euskal Herria ezinbestean euskara eta euskal kulturaren bidez eraiki behar dela eta horretarako funtsezkoa dela euskara... [+]


Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Mikel Oteiza, Atarrabiako alkatea: “Gure eraikinetatik euskalduntasunarekin lotura duten ikur eta adierazpen guztiak modu basatian ari dira ezabatzen”

Tristeziaz hartu du Atarrabiako alkateak Nafarroako Justizia Epaitegi Nagusiaren epaia. Euskal Herriko armarria ezabatu beharko du herriko frontoiko hormatik. “Bere garaian ikurriña kentzera behartu ziguten bezala” adierazi du Euskalerria Irratian Mikel... [+]


2024-02-19 | Leire Artola Arin
Bizi baldintzen gogortzea eta pribatizazioaren areagotzea izan dira Talaia Feministaren 2023ko ondorio nagusiak

Otsailaren 17an ezkerreko 170 emakume feminista subiranista elkartu dira Oreretako Lekuona aretoan, 2023ko sei gertakari aztertu eta Talaia Feministaren behin betiko txostena adosteko. Euskal Herriko trantsizio feministarako proposamenak egiteko lehen pausotzat jo dute dosierra... [+]


2024-01-31 | Karmelo Landa
Independentzia nola?

Euskal Herriaren eta Kataluniaren independentzia aztergai da atzerrian. Nevadako Unibertsitateak, Renon, Ameriketako Estatu Batuetan, liburu mamitsua argitaratu berri du, ingelesez, Pro-independence movements in the Basque Country and Catalunya [Independentziaren aldeko... [+]


2023-07-13 | Ilargi Manzanares
Herrien frantsesezko izenak ezabatu dituzte dozenaka seinaletatik

Espraiarekin estali dituzte Ipar Euskal Herrian gutxienez 25 frantsesezko izendapen panel. Uztailaren 10ean hasi zuten ekintza, eta U14 kolektiboak egiletza aldarrikatu du. Bihar manifestazioa deitua dute Donibane Lohizunen.


Zertarako beharko lukete herriek independentzia?

Berriz ere, euskararen aferak hartu ditu azkenaldian lerroburuetako batzuk. Epaitegi batek euskararen eskakizuna zuen lanpostu baten baldintzen kontra deliberatu duela. Inkesta soziolinguistiko batek esanguratsuak diren datuak eman omen dituela. Lapurdi, Baxenafarroa eta... [+]


2023-02-01 | Lide Iraola
Erbesteratu katalanek arrazoi politikoak argudiatu ahal izango dituzte euroagindua ukatzeko

Belgikaren argudioa indargabetu egin du Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak, eta beraz, buruzagi independentistak Espainiaratzeko Goreneko epaileak eginiko eskariak atzera ere balioa hartu du. Hala ere, Espainiako Justiziak "gabezia sistemikoak" dituela dio... [+]


2022-07-23 | Nekane Txapartegi
Nor garen eta zer izan nahi dugun...

Eguneroko ariketa inkontzientea gai bilakatu da Euskal Herriko egonaldian. Ez daramazkit egun asko eta jada arnasa estutu zait behin baino gehiagotan... Begirale moduan nabil ene herria bilatu eta berrezagutu nahian. Lehen ez ote nituen gauzak ikusi nahi edo atzerapauso galanta... [+]


Olatu berria Eskoziatik?

Denbora azkar pasatzen da, are gehiago pandemiaren eraginez bi urte hain geldo eta arraro bizi ostean. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak, ekain amaieran, iragarri zuen 2023ko urrian herrialdearen independentziari buruzko kontsulta berria egiteko asmoa duela, eta horrek... [+]


2022-06-28 | Karmelo Landa
Irlandarrak eta gu

Irlandarrek bere hizkuntza galdu dute eta ingelesa irabazi. Zer gehiago irabazi dute? Zer gehiago galdu? Astebete egin dut Dublinen, James Joyce-ren Ulysses nobela mardulean oinarri hartzen duen Bloomsday jaialdia bizitzen eta aztertzen.
Lehenago ere ibili izan naiz Irlandan,... [+]


Eguneraketa berriak daude