Laborarien hitza gizakiaren eta animaliaren arteko harremanez

  • Laborari eta abeltzain txikien eredua defenditzen dutenek, alegia frantsesez "agriculture paysanne" eta Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganbarak "laborantza herrikoia" deitzen dutena, argudio sail osoa dute antolatua aspalditik azken hamarkadotan nagusitzen ari den nekazaritza industrialari aurre egiteko. Aldiz, erronka berria dute giza mugimendu aurrerazaleen artean askoz hurbilagokoak dituztenei, animalien eskubideak defenditzen eta haragiari uko egitea aldarrikatzen dutenei, erantzutea.


2019ko abuztuaren 12an - 12:42

Gure inguruan, batik bat ELB Euskal Herriko Laborarien Batasunak egin du urteotan abeltzainen posizioa indartzeko ahalegina. Orain Confederation Paysannek –Conf-ek– liburu batean bildu ditu gai minbera honen inguruko argudioak: “Baserritarrek diotena gizakiaren eta aberearen arteko harremanaz. Abelazkuntza herrikoia aldarrikatuz”. Hemen euskaratuta aurkezten ditugu dokumentu horren pasarte hautatuak.

 

Laborariok ez dugu erori behar gure kontrako jarreren karikaturetan, horiek ‘extremismoetara’ mugatuz. Militante begano asko ‘ondo egiteko’ borondatez ari dira. Korronte beganoaren arrazoia ez dezagun mugatu soilik konplot ekonomiko-industrial bati. Gure gizartean gertatzen ari diren abere produkzioen deriba industriala, hiritartzea eta indibidualizatzea arrazoi inportanteak dira.

Kontra-produzentea da erantzuntzat tradizio hutsera jotzera, “beti horrela izan da” bezalako argudioetara. Tradizioak sekula ez du balio izan ezer justifikatzeko. Honek bide ematen die beganoei are aurrerago joateko  esklabismoaren eta  menperakuntza maskulinoaren kontrako borrokak eta abelazkuntza debekatzeko beren borrokaren arteko parekatze eztabaidagarrian.

Lasaitasunari eutsi behar zaio abelazkuntzaren aldeko aldarrikapena egiteko. Era berean, ez dugu beldur izan behar onartzeko gaurko abelazkuntzaren zenbait puntu ilun. Zenbait baldintzatze ekonomiko eta politikok (prezioen apaltzeko joera, arau industrial desegokiak, hiltegiei eskatzen zaien errentagarritasuna…) batzuetan behartzen dituzte baserritarrak animaliekiko logika tamalgarrietara, sarritan aldi berean galtzen dituztela beren autonomia eta jakintza praktikoa. Hori dela eta, industrializazioaren kontrako borrokak bat egiten du nekazarien ongizatearen eta animaliekiko tratu onen aldeko borrokarekin.

Beren ideologia kosta ahala kosta inposatu nahi izateak ez ditu beganoak bihurtzen alerta jotzaile. Ekintza sinboliko baketsuak egitea ekintza molde errespetagarria da, guk geuk ere erabiltzen ditugu. Aldiz, abeltzainen, hiltegietako langileen eta harategietakoen kontrako jazarpen psikologikoak zabaltzea, saiatzea beste gizakiengan shockak eragin eta horien kontrako bortizkeria psikologikoa erabiltzea, hori arbuiagarria da erabat. Ezin onartuzkoa da horrela ari denak bere buruari alerta jotzaile deitzea. Beraz, erantzun diezaiegun gizakiaren eta aberearen arteko harremanez herritar askok dauzkaten galdera legitimo eta gero eta handiagoei.

1.- “Inmorala da animaliak hiltzea plazerragatik”

Abere ekoizpenen industrializazioak, egia da, galdera moral handi bat ezartzen du, batik bat ikusten denean zein eragin dauzkan hiltegietako langileen gain ezartzen zaizkien lan erritmo beldurgarriekin, ingurumenean eta osasunean dakartzan kalteekin.

Hala ere, animalien bizitza ziklotik urruntzeak erakusten du nola naturarekiko gizakiaren urruntze sentsibilitatezko, moral eta metafisikoa. Gu ekosistema baten, lurralde baten, parte gara. Abelazkuntza da gizakiak, beren animaliak eta beren lurraldea estu lotzen dituzten harremanen forma garatu bat. Kontua da jakitea: zer nolako bizimodua nahi dugu? Abereekin bizi nahi dugu? Ala nahi duguna da natura basatia dena –paradoxikoki bere “askatasuna” emateko- mugatu eta guk jarraitzea bizitzen naturarik gabeko guneetan (hiri, hormigoi…) gai sintetikoz inguratuta?

Abelazkuntza herrikoia estuki lotuta dago kokatzen den lurraldearen baliabideei. Polilaborez eta abelazkuntzaz osatutako sistemen koherentziak naturarekiko harreman erreal bat baimentzen du, ezin da ukatu edo esan jokabide inkontziente bat dela. Baserritarrek hitz egin dezakete beste inork baino gehiago naturarekiko harreman berezi horretaz; hau sarritan galdu egin da hiritartu –baita landa guneetan ere- den gizarte batean. Abeltzainek, beren eguneroko harremanengatik, aspalditik dakite abereak gai direla gauzak subjektiboki sentitzeko. 

Heriotza arbuiatzeak sintoma bezala erakusten du mendebaldeko kultura nola urrundu den ahalik eta gehien hiltzeko prozesutik. Hala ere, heriotzak eragiten dituen beldurra eta nazka hazi egin da aldi berean. Baina ez dago bizirik heriotzarik gabe. Eta izaki biziekin lan egiten duenak badaki organikoa elikatzen dela organikoz. Sufrimenduaren arbuioa legitimoa da alferrikako sufrimendua denean, eta ondorioz krudela. Alabaina, guk gure gain hartzen dugu osoki heriotza emateko beharra abelazkuntzaren zikloaren baitan. Sufrimendua berezkoa du biziak.

2.- “Hiltegiak itxi beharra dago”

Hiltegiei buruzko eztabaida publikoak [Frantziako estatuan] baimendu du  argi egitea luzaz ezkutua eta iluna zen hiltegien gaiaz, heriotzarekiko urruntze orokortuaren eta agro-elikadura industrial eta estandarizatuaren desbideratzearen ikur diren horiez. Desafioaren aurrean, guk [Confederation Paysannek] proposamen zehatzak landu ditugu: hurbileko hiltegiak, mugikorrak eta etxaldeetakoak, lan erritmoen arintzea, lanpostuen txandakatzea, langileen formakuntza, ofizioei balorea handitzea, abereen garraio denboren laburtzea.

3.- “Animalia espezieak giza espeziearen maila berean daude: antiespezismoak nagusitu behar du

Ez dugu antiespezismoaren filosofia noiz iritsiko zain egon behar izan ulertzeko gizakia naturaren parte dela eta espezieen arteko hierarkiarik ez dela ezarri behar. Honek ez du ukatzen badirela harreman trofiko, ekosistemikoak, lurralde jakin bakoitzean kokatuak. Beganoak berak ez dira antiespezistak, zeren eta espezieen arteko muga ezartzen baitute,  animalien –gehien bat ugaztunen- eta gainerako izaki bizidunen artean. Hau oinarritzen da izaki bizi bakoitzaren sentientzian: gauzak subjektiboki nabaritzeko ahalmena, esperientziak edukitzekoa. Kontzientzia eta sufrimenduarekin du zerikusia. Baina justifikatuta ote dago muga hori? Ez diegu begirunea zor gainerako izaki bizidunei abere sentienteei dieguna? Onargarriak ote dira landareentzako eta intsektuak bezalako abere ornogabeentzako hain kaltegarriak diren laborantza moduak? Begirunea izaki bizidun guztiei zor zaie eta baita ekosistemen baliabideei ere (lurzoruak, ura, airea…).

Landareen laborantza ere bizi da hainbat animalia txikiren suntsitzearen bizkar. Are gehiago, zenbait espezieri utziko balitzaie ugaritzen, konkurrentzian sartuko lirateke soroek gizakiarentzako sortzen duten elikadurarekin (basurde, untxi…). Nola uste dute beganoek jokatu behar dela abere horiekin? Esterilizatuz? Hesituz? Gizakien populazioa zorrozki murriztuz?

Oreka kontua da dena, eta naturak daukan produzitzeko ahalmenarena. Animaliekin bizitzea gizarte hautu bat da, horiekiko hautatzen den bizimodua bezala. Gizarteen arabera, hainbat oreka garatu dira, beti ere abereekin batera, hasi artzain jendarte nomadetatik eta Indiako gizarte hein batean begetarioanoa arte. Abereak ziklo ekonomikotik deusezteak ez lezake ekarri horien desagertzea baizik edo zenbait gizaki pribilegiodunen apetaren mende uztera baizik (hiritarrentzako edo turistentzako aukera…).

4.- “Abelazkuntzaren debekuaren aldeko borrokak aurrerapen morala dakar berekin, esklabismoaren edo maskulinoaren menderakuntzaren kontrako borrokaren maila berean”.

Animalien domestikatzea – eta horren osagaia da baserritarren abelazkuntza- ezin da esan menderakuntza modu bat denik. Abereduna izateak ez dakar gizarte mailan gora egiterik bestelako biztanleen kaltetan. Munduan mila milioi pertsona inguru bizi dira abelazkuntzatik eta horietako asko herritar txiroenen artekoak dira. Abelazkuntza herrikoiak laguntzen die beren elikadura segurtasunean eta biziraupenean. Aurrerapen moral bat berez da unibertsalista. Horregatik, ezin da esan inuitak edo Mongoliako nomadak esklabistak direnik.

Abelazkuntza herrikoia oinarritzen da landarearen eta animaliaren arteko osagarritasunean, naturaren zikloekin egiten du lan gizakientzako keta animalientzako inguru harmoniatsu bat lortzeko. Harmonia handiagoa ote legoke abelazkuntzako aziendarik gabe? Gure paisaiak sortu dira elkarri oso lotuta dauden giza eta natur historia batetik, bien arteko lotura honen fruitu dira. Gero eta hiritarragoa den giza populazioak eguneroko bizimoduan naturarekiko jasaten duen urruntzeak eragiten du deskonexioa naturaren eta kulturaren artean, biziaren eta heriotzaren artean, nekazaritzaren eta elikaduraren artean.

Dudarik gabe industrializazioak ekarri du izaki bizien errentagarritasun logika justifika ezin bat. Logika hau suntsitzailea da gizakiaren ongizatearentzako, klimarentzako, ingurumenarentzako eta animalientzako ere bai. Baina errukirik gabe izaki bizidun ororen gain eragiten du. Produkzio animalien industrializazioaren aurka borrokatzeak ez dakar inolaz ere abelazkuntza herrikoiaren arbuiorik. Sistema ekonomiko eta finantziero gaizto eta berdintasunik gabea da guk auzitan jartzen duguna bere osotasunean.  Sistema honek ezarri du hiritarren, baserritarren eta animalien zapalkuntza, bakoitzak daukan indar ekonomikoaren araberakoa.

Beganoen estrategia bat da beren bidea Historiaren norabidean mugimendu progresisten baitan kokatzea, beren entzulegoa konbentzitzeko: “Etorkizunak arrazoi emanen digu”, “aurrerapena hortik doa”, eta abar. Badirudi bere bidea borroka humanisten, feministen eta sozialen multzoan kokatzeak ematen diola indar handiagoa berek ‘antiespezista’ deitzen duten tesiari, inondik ere unibertsala eta intelektualki oinarritua ez dagoen tesiari. Berentzako hartuz antiespezismoa hitza, beren buruak ‘ongiaren’ aldean kokatzen dituzte. Alabaina, beren tesiak antiespezistatik ez dauka izena baizik, izaki bizien hierarkizazio berri bat ezartzen baitute kontzientzia eta sentientzia kontzeptuetan oinarrituta. Horren aurrean, guk nahiago dugu izaki bizidunen ikuspegi sistemiko bat, animaliak bezala begetalak, intsektuak eta landareak sailkatuko ez dituena beren sufritzeko ahalmenaren edo (ondo ezagutzen ez dugun) kontzientziaren edo beste ezelako irizpideren arabera. Gu geu ere oreka ekologiko horren parte gara. Oreka hau –egia mingarria horixe da- ahuldu dute gizakiaren ekintzen, tartean nekazaritza industrialak, izan animalien edo landareen produkzioan. Geu gara, nekazariok, horren biktima nagusienetakoak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Beganismoa
Begano eta abeltzain txikien arteko aliantza

Azken urtean COVIDaren ondorioz, abiadura handian izugarrizko aldaketak eman ditu gure bizimoduak. Egoera berriak gure elikadura ohituretan ere aldaketak ekarriko dituela dirudi.

Aurten izan naizen hainbat baserritan, kezkaturik, artifizialki sortutako haragi sintetikoaz hitz... [+]


Beganoak erabat oker ari dira

Gutxi dira, baina entzulego harrigarria daukate. Esaten dutenak badaukanez zuzentasunaren itxura osoa, hau da, emozioi eta ongiaren eta gaizkiaren moral binarioari dagokiena, orduan egia izan behar du. Abelazkuntza eta haragiaren abolizionismoaren bertsio politiko eta muturrekoa... [+]


Animaliak hazi, hil eta jateaz
Beganismoa ingurumenaren mesede ala kaltegarri?

Ingelesezko Wikipediak laburbiltzen duenez, beganismoak aldarrikatzen du uko egitea animalietatik eratorritako produktu orori, bereziki elikaduran, eta hari lotuta doa animaliak ondasuntzat erabiltzea arbuiatzen duen filosofia. Beganismoaren baitan zenbait kategoria bereiz... [+]


2019-08-09 | William Gildea
Zergatik bihurtu begano?

William Gildea Britainia Handiko Vegan Society elkarteko zuzendaritzako kideak azaltzen ditu jendeak dauzkan arrazoi ugariak begano bihurtzeko, abereen produktuak murrizte hutsetik harago joanda. Artikulu hau Why Go Vegan izenburuz argitaratu du agroekologia britainiarrean... [+]


2019-08-09 | ARGIA
Zer da beganismoa?

Beganismoaren inguruan Nor taldeak zabaldutako lana da, testu motz eta irakurterrazez osatua, gizakiz besteko animalien aurkako zapalkuntzari buruzko oinarrizko gakoak jartzen ditu mahai gainean. Promoviendo El Veganismo taldearena da jatorrizko testua, Ochodoscuatro argitaletxe... [+]


Eguneraketa berriak daude