Kultura politiko berri baten erakusleihoa

  • Jendetza bildu zen larunbatean Bilbon, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak sustatutako eta hamaika eragileren atxikimendua jasotako Alternatiben Herrian (160 eragile inguruk egin dute bat deialdiarekin). "Erakusten ari gara bizi gaitezkeela beste era batera, kontsumoaren alorrean, energiarenean, hezkuntzarenean, elikadurarenean...".  

Irantzu Pastor @irantzupastor  |  Unai Brea @unaibrea
2015eko urriaren 24a
Hasierako ekitaldia (Arg.: Irantzu Pastor)

Gaur egungo eredu soziala gainditzeko alternatibak egon badaudela aldarrikatu zuten larunbateko ekimena prestatzeko lanean aritu diren eragileek. "Erakutsi dugu herri honetan proiektu asko dagoela, nahi dugun etorkizun hori praktikara eramatea posible dela”, esan zuen Mikel Saralegik, Eskubide Sozialen Kartaren izenean.   

Askotariko ikusmoldeak elkarlanean

Alternatiba horiek esparru guztietan daude. Izan ere, Bizi! mugimenduak klima aldaketaren aurkako borrokaren testuinguruan abiarazitako Alternatiben Herrien segidan kokatu dute Bilbokoa, baina esangura zabalagoa emanez.

Hala, ingurumenari eskainitako "Natura gure gaia" guneaz gain, beste lau paratu zituzten Bilboko Alde Zaharraren inguruetan: Bizitza anitzak eta duinak; Arragoa (hizkuntza, hezkuntza eta kulturari eskainia); AuzoEKOnomia; eta Parte hartzea, demokrazia eta subirautza.

Ikusmolde askotako eragileen elkarlanaren fruitua izan da Alternatiben Herria, nabarmendu dutenez. "Eguzki sistemarekin konparatzen dut nik", adierazi zigun Mikel Saralegik, "planeta bakoitzak bere orbita du baina denak eguzki beraren inguruan". Autonomia osoz dihardu eragile bakoitzak, baina elkarlana iraunkorra izateko baldintzak ezarri dira. Beste kultura politiko bat sortzen ari da, Olatz Dañobeitia Ceballosen berbetan.

Maila guztietan burujabe izateko nahia

Alternatiben Herria antolatzeko prozesua bera aurrerapausotzat jo zuen Saralegik, egunean bertan egindako bat-bateko balorazioan: “Auzolanaren beharra sumatu da”. Egunak emandakoaz, berriz, jende asko mobilizatu izana azpimarratu zuen; izan ere, mobilizazio molde desberdinak daudela agerian utzi du ekimenak, haren esanetan.

“Maila pertsonalean, pertsonen arteko harremanetan, naturarekiko loturan, herri moduan… burujabe izateko nahia agertu dugu”, Saralegik aldarrikatu zuenez.

Argazki bilduma

Irantzu Pastorrek ARGIArentzat egindako argazkiak:

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Alternatiben Herria Bilbon kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEAK
Eguneraketa berriak daude