Korda espazio autogestionatua jaio da Gasteizko Alde Zaharrean

  • Kalejira baten amaieran ireki zuten okupatutako lokala astelehenean, Pintore kaleko 51. zenbakian, Zaharraz Harro jai herrikoien hasiera egunean. Auzoan Bizi etxebizitza sareak, Herrizoma elikadura sareak eta Zaharraz Harrok ireki dute espazioa elkarlanean. Korda “auzokideok bildu, elkartasuna antolatu eta borrokatzeko” espazioa izatea nahi dute.


2022ko ekainaren 29an - 06:37
Argazkia: Zaharraz Harro

“Alde Zaharreko herri egituren Korda espazioa sortu da, autogestioa, elkarlaguntza eta auzodefentsa harilkatuko dituen auzoarentzako gunea”, azaldu zieten bertaratutako auzokideei Auzoan Bizi, Herrizoma eta Zaharraz Harroko kideek. Faroloitik abiatu zen kalejira Pintore kaleko 51. zenbakira ailegatzean ireki zituzten ezustean espazio okupatuaren ateak. Gutxi lehenago eman zieten auzokideek hasiera ofiziala Zaharraz Harro jai herrikoi autogestionatuei, Bollerias plazako txupinarekin. Kordaren jaiotza Herrizoma elikadura sareak antolatutako olio eta garagardo dastaketarekin ospatu zuten.

Auzoa bizitzaz bete

Korda Alde Zaharra “bizitzaz betetzeko” eta auzokideen “behar material zein komunitarioak” asetzeko helburuarekin sortu dute. Auzoan Bizik, Herrizomak eta Zaharraz Harrok salatu dute azken hamarkadetan, “krisien aitzakiapean”, egoerak okerrera egin duela gizartean: “Langile klasearen bizi baldintzak okertu dituzte, lehenik existitzen ziren injustiziak agerian utzita; migratuen kontrako eraso zuzena izan da; zaintza lanen pisua emakumeen bizkar gainean erori da; pobrezia eta gazteria kriminalizatu dituzte eta antolakuntza politikoa ere eragotzi dute”. Errealitate horrek auzoan isla duela salatu dute, “auzokideon beharren kontra eta kanpoko interesen alde auzoa eraldatzeko pausuak etengabe ematen ari dira eta”.

Horri guztiari aurre egiteko, hiru eragileek erreminta bihurtu nahi dute Korda, “auzokideok bildu, elkartasuna antolatu eta borrokatzeko” gunea. “Herri egiturak garatu eta indartzeko espazio propioaren beharra dugu. Auzoak herri egiturak behar ditu eta beraz, auzoak Korda behar du”.

Jarduerak aste honetan

Astelehenean ireki zituen ateak Kordak, eta jarduerak hartuko ditu aste honetan bertan, Zaharraz Harro jaien egitarauaren barnean. Asteazkenean, ekainak 29, Prezioen presioa mahai ingurua dago iragarria. Ostegunean afari-merienda egingo dute, “egunero jaten delako”, eta igande arratsaldean bertan emango zaio amaiera ofiziala aurtengo Zaharraz Harrori, destxupina-rekin.

Korda espazioaren irekieraren uneetako bat. Argazkia: Zaharraz Harro

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri mugimenduak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


"Gazteok zutik eta mugimenduan gaude, errealitate gordin baten aurrean"

Askotariko erresistentziak gorpuzten eta aldarrikatzen ditu Aiert Alberdi kantautore oñatiarrak oholtzan zein egunerokoan: gaztea, genero disidentea, euskalduna, langile klasekoa eta herri txikikoa… Musika eta feminismoa ditu indarkeria patriarkalari aurre egiteko... [+]


2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
"Lurra taupaka" festara deitu du Amillubi proiektuak, maiatzaren 11n

Laborantza lur emankorrak ondasun kolektibo bilakatu nahi ditu Amillubi proiektuak. Horretarako herritarren eta hainbat kolektibo eta erakunderen ekarpenak biltzen ari da eta maiatzaren 11rako egun osoko festa antolatu du Amillubin bertan, egitasmoari bultzada emateko.


2024-04-24 | Estitxu Eizagirre
'Zenbat lo' liburua aurkeztu dute Asteasun
Kartzelako hormak zeharkatzen dituen ama-alaben arteko harremana hitz eta iruditara eramana

Nekane Txapartegi Suitzako kartzela barrutik eta alaba kanpotik, elkarri hamaika modutara maitasun mezuak helarazten. Horra Txalaparta argitaletxeko Zenbat lo liburuak jaso duen historia, Iraitz Lizarragaren hitzetan eta Izaro Lizarragaren ilustrazioetan. Iragan hurbileko... [+]


Eguneraketa berriak daude