Kazetaritza burujabe euskaldunaren aldeko aldarria

  • Astearte eguerdian aurkeztu du ARGIAk Ez gara neutralak liburua, hedabide honen filosofiari buruzko saiakera. Donostian egindako aurkezpenean, liburuari buruzko xehetasunak azaltzearekin batera, kazetari-lanak gaur egun bizi duen egoerari buruz hitz egiteko baliatu dute ARGIAko kideek.


2019ko urriaren 22an - 14:14
Argazkia: Eneritz Arzallus.

Gorka Bereziartuak idatzi du liburua eta aurkezpenaren hasieran argi utzi duenez, ARGIAren mendeurrenaren karietara argitaratu den arren, hau ez da hedabidearen historiari kontatzen duen liburu bat. “Une batean horrelako liburu bat egitea mahai gainean egon zen, baina aukera hori alde batera utzi genuen”, esplikatu du Donostiako San Jeronimo kaleko udal liburutegiko sotoan egin den aurkezpenean. “Gaur kazetaritza euskaraz egiten ari bagara, naufragio askotatik onik atera garelako izan da. Baina naufragioen ondoren zaila izaten da barkuak osorik berreraikitzea, ontziaren puskak ateratzen dira uraren azalera. Horregatik, liburu hau hamarkaden ondoren azaleratutako zatien bilduma da nolabait”.

Egileak aurkezpena baliatu du gogora ekartzeko kazetaritzaren funtzioari buruzko debateak berriz ere protagonismoa hartu duela gure artean, azken egunetako Kataluniako gertakariei esker. “Kazetariok gure buruari etengabe egin beharko genizkiokeen galderak intentsitate handiz agerrarazi dituzte egun hauetako albisteek”, adierazi du. “Adibidez, nola informatzen dugun aurrez ezarrita zeuden zenbait eskema kolokan ikusten ditugunean. Edo nondik informatzen dugun, barrikadaren alde batetik ala bestetik. Zein hitzekin definitzen dugun errealitatea. Zer erakustea erabakitzen dugun eta zer ez”.

Bereziartuaren esanetan erabaki horiek ez dira neutralak, kazetaritza ezin da neutrala izan, ezta objektiboa ere. Baina enpresa handiek sustatutako hedabideak “objektibatzaile” izaten saiatzen dira: “Beren burua aurkezten dute egiaren kontalari bakarrak balira bezala, gizarte guztiak onartu behar duela dirudien errealitate bat eraikiz”. Eta hori egiteko, ikuspuntu disidenteak zanpatzen dituzte sarritan. “ARGIAk ez dauka hori egiteko asmorik”, gehitu du. Bestelako kazetaritza baten aldeko apustua norbere buruarekin zintzoa izatetik hasten dela adierazi du; baita medio handiek isilarazi edo epaitzen dituzten ahotsei lekua ematetik ere.

Komunikabidearen jabetza, informatzeko askatasunaren gakoa

“ARGIAko kide bakoitzak hedabidearen eguneroko erabakietan eta hautu estrategikoetan zuzenean parte hartzen du eta medioaren jabetzaren parte bat ere berarena da. Saiatu naiz hori zein garrantzitsua den azpimarratzen”, erantsi du kazetariak. Bere ustez, funtzionatzeko modu horrek diferentzia handia dakar hedabide nagusiekiko. “Askotan entzuten dugun mantra da komunikabiderik gabe ez dagoela demokraziarik. Gu pixka bat harago joaten saiatzen gara: uste dugu komunikabideak demokratikoa izan behar duela barrutik ere”.

Kazetaritzaz diharduen liburua da Ez gara neutralak, baina gai horri heltzeko, beste hari asko ere lotu ditu. Ekonomia, adibidez: “Proiektu hau biziarazteko azpiegiturak sortzea eta indartzea funtsezko lana izan delako”. Baita politika ere, hitzaren bi zentzuetan: instituzioetan egiten dena eta herritarrek beren burua antolatzeko hartzen dituzten erabakiak. Gainera, barne eta kanpo begiradak uztartzen ahalegindu da, ARGIAren barrenetan gertatzen dena Euskal Herriko eta munduko aldaketekin harremanetan jarriz.

ARGIA Jendeak aste honetan jasoko du liburua etxean, aldizkariarekin batera. Komunitateko kide ez direnek ere eskura dezakete ARGIAren Azokan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIAk 100 urte
2019-12-20 | Garazi Zabaleta
Duzunaritze argiaren mendeurrenaren lekuko

2019a urte berezia izan da ARGIArentzat, esku artean duzun ale hau ere bada horren adibide. Ehun urte betetzea ez baita lorpen makala, are gehiago euskarazko hedabide txiki batentzat. Ospakizunek forma ezberdinak hartu dituzte urte oso honetan zehar eta, nola ez, landa eremuko... [+]


2019-12-20 | Jakoba Errekondo
Barietatea eta aniztasuna

Duzunaritzeko kultura ezagutzeko aukera izan dugu 111 hostoz eta orriz jantzi liburuaren aurkezpen egunean. Argiak mendea bete duen ospakizun saila borobiltzeko egun gustagarria. Ehun urtetako kazetaritza goratzeko nekazaritzaren alorrean oinetakoak zikinduz ibiltzea baino bide... [+]


2019-12-19 | Estitxu Eizagirre
Mendeurrenak hiru opari: bata jendeari, bestea ARGIAri, handiena Euskal Herriari

Urte biribil honek opari bana egin digu Argia Jendeari, Euskal Herriari eta komunikazio proiektuari. Zabalduko ditugu?

 


2019-12-13
Astean asteko historia
2018ko apirilaren 27a


2019-12-12 | Koldo Izagirre
Astean asteko historia
1990eko martxoaren 11

2019-12-04 | Koldo Izagirre
Astean asteko historia
2013ko urriaren 13a

Eguneraketa berriak daude