Jaurlaritzak azpikontratatutako legeak eta planak

  • Naiz hedabidean Iñaki Iriondok landutako erreportajean azaldu du nola Jaurlaritzako kontseilariek aurkeztu ohi dituzten egitasmoak askotan azpikontratatuta egindakoak izaten diren. Iriondoren hitzetan "oso estua ez den baheketa eginda", 30 inguru aurkitu ditu: lege aurreproiektuak, plan orokorrak, gobernu estrategiak... hauek egiteko ordaindu izan diete Jaurlaritzako sailek kontsultoria enpresa, abokatu eta unibertsitateko irakasleei. Eta batzuetan, diru publikoz ordainduta egindako txosten horiek ondoren alderdi politikoek proposamen moduan aurkezten dituzte.


2021eko maiatzaren 04an - 11:08
Turismo kontseilari Javier Hurtado eta Iñigo Urkullu lehendakaria 2021eko urtarrilean. Hurrengo lau urteetarako turismo estrategia lantzeko 211.000 euroko kontratua egin zion Jaurlaritzak Bartzelonako THR enpresari. Argazkia: irekia.eus.

Jaurlaritzak legeak edo plan estrategikoak egiteko azpikontratatutako hamaika kasuren berri eman du Iñaki Iriondo kazetariak Naiz hedabidean. Aipatzen duen kontratu garestienetako bat 211.750 eurokoa da, Bartzelonako THR-i emandakoa, 2020ko turismo plan estrategia ebaluatu eta hurrengo lau urteetarako ikuspegi estrategikoa lantzearen truke.

Segurtasun Plan Orokorra LKSren eskutik

EAEko Segurtasun Plan Orokorra aurkeztu zuen Josu Erkoreka lehendakari ordeak apirilaren 28an. Hau LKS Next kontsultorak sortu du, eta Gara hedabideak kontratua eskuratu du. Iriondok azaltzen duenez, "2019ko uztailean [LKSri Jaurlaritzak] egin zion lehen eskaera 205.700 eurokoa izan zen, eta 2021eko martxoaren 22an beste 64.130 euro gehitu zizkioten, 'plan honen jarraipena egitea errazten duen erraminta informatikorako'". Garak eskuratu duen kontratuak jasotzen duenez, honen helburuen artean dago EAEko segurtasunari buruzko "hausnarketa estrategikoa egitea, identifikatu ahal izateko indartu behar diren eremu gakoak". Garak jakinarazi duenez, Segurtasun Sailak idatzita utzi du ez dagoela hori egiteko baldintzetan eta kanpo kontrataziorako beharra duela justifikatu du.

LKS Coop.-i esleitu zitzaion beste kontratu bat 50.995 eurokoa izan zen, 2021-2025erako Bide Segurtasunerako Plan Estrategikoa egiteko, Trafiko Zuzendaritzarentzat.

RGI eta enplegu planak

Iriondok jaso dituen adibideen artean, hauek daude:

2014an EAEko Udal Legearen aurreproiektua eskatu zion Administrazio Publiko eta Justizia sailak zuzenean, lehiarik gabe, Kataluniako Estudi Consultoria Sector Public SL enpresari, 21.659 eurogatik.

2017an RGIarentzako Legea idazteko arreta tekniko-juridikoa azpikontratatu zioten PricewaterhouseCoopers Tax & Legal SL enpresari, 21.779 euroren truke. Iriondok gogoratu du bere garaian Podemosek salatu zuela kontratazio hau, eta "Gobernuak lana ordaindu ostean, ez zuela lege proiektua aurkeztu: EAJ eta PSEk erregistratu zuten testua lege proposamen gisa, horrela tramiteak eta dokumentazioa aurreztu ahal izateko".

Euskal Enpleguaren Estrategia aurkeztu du apirilean Idoia Mendiak. 2020ko uztailean Jaurlaritzak Enplegubide Euskadi 2030 Aldi Baterako Enpresa Elkarteari azpikontratatu zion estrategia honentzako edukiak eta oinarrizko dokumentuak sortzeko lana, baita "kontsentsua lortzen duen Euskal Enplegu Estrategiaren amaierako edukiak idaztea, diseinatzea eta maketatzea". 55.000 euro ordaindu zikion horretarako. Iriondok gogoratu du ez dela lehen aldia enplegu estrategia azpikontratatu dutena: 2015-2020 epekoa S&F SL-ri eskatu ziote, 66.550 euroren truke.

Osasun Sailak PKF Attest ITC SL enpresa kontratatu zuen , 71.390 euroren truke, Euskadiko osasun publikoaren lege-aurreproiektua egiteko beharrezko informazioa emateko.

Ingurumen saila

Iriondok dio Iñaki Arriolaren Ingurumen Saila izan zela bere legegintza-eginkizunetarako ekimen pribatura gehien jo zuena. Naiz-eko artikuluan aipatzen ditu Klima Aldaketari buruzko Legearen aurreproiekturako laguntza juridikoa emateko Ekoiureplus SLL enpresari 18.090 euroko kontratua egin ziola eta aurreproiektu hori bera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle bati eskatu ziotela, 21.175 euroren truke.

Iruñeko Opuseko Unibertsitateko katedradun bati "Euskadiko Ingurumenean Esku Hartzeko Legearen aurreproiektua idaztea" agindu ziotela ere jaso du Iriondok, eta lan hau 17.000 euro ordaindu zuela Jaurlaritzak.

"Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko Legearen aurreproiektuaren zirriborro berria idaztea" Itsas-Adar Elkartea SLri esleitu zion Iñaki Arriolak: prezioa 17.848 eurokoa izan zen.

Ingurumen Legearen aurreproiektua EHUko irakasle bati eskatu zitzaion, 7.744 euroren truke.

Kirol klub eta profesionalen aholkularia, orain Jaurlaritzaren aurka orain Jaurlaritzarentzat

Naiz-eko artikuluak azaltzen duenez, 2018an Landaberea & Abogados enpresari eskatu zioten jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko lanbideei buruzko legean Legeiltzarrean egin zitzaizkion zuzenketak kudeatzea, 17.787 euroren truke. 2020an, legean jasotako txosten teknikoen balorazioa egiteko eskatu zieten 7.260 euroren truke. "Bingen Zupiriaren Kultura Sailak aurreko legealdian ordaindutako txosten horien ondoren, une honetan proiektua EAJren eta PSEren lege-proposamen gisa erregistratuta dago Gasteizko Legebiltzarrean" oroitarazi du Iriondok eta gehitu du, kirol-zuzenbideko adituen bulego hori, oso bideratuta dagoela kluben eta profesionalen aholkularitzara, batzuetan Administrazioaren aurkako prozeduretan, eta erakundeekiko lankidetza-hitzarmenak errazten dizkiela.

Kultura Sailak azpikontratatutako beste lan bat Euskadiko Artxiboen Legearen aurreproiektua egitea izan zen, 2017an: Madrilgo Carlos III Unibertsitateari 21.175 euro ordaindu zizkion horretarako.

2019ko azaroan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak 54.450 euroko kontratua egin zion Broseta Abogados SLPri, Datu Pertsonalak Babesteko Euskal Legearen balizko aurreproiektua edo proposamena egiteko.

Emakundek 2019an "Emakumeen eta gizonen berdintasunerako lege-aldaketaren aurreproiektuaren zirriborroa" idazteko abokatu bikote bati 5.203 euro ordaindu zizkion. Urte bereko urrian, Ibain Consultoría SLri esleitu zitzaion proiektu bera egiteko laguntza, 9.075 euroren truke.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Azpikontratazioa
Urteko lanaldia 108 ordukoa izatea eta soldata %20 igotzea lortu dute Hondarribiko lorezainek

Elai Serbitzuak azpikontratatutako enpresako langileek 115 eguneko greba egin dute eta behin akordioa lortuta bertan behera utzi dute. Langileen akordioa “oso positibotzat” jo du ELAk.


Beste greba ziklo bat hasi dute Osakidetzako garbiketako azpikontratatutako langileek

Martxoaren 20an hasi eta bi aste iraungo du sindikatu guztiek deitutako grebak. Lehen egunean mobilizazioak egin dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.


Kantabriako errepideen ustelkeria sarean nahasita dagoen enpresa batek Gipuzkoan mantentze lanak egiten ditu

Kantabrian, obra publikoen kontratazioetako ustezko ustelkeria sarean nahasita egoteagatik atxilotu zuten API Movilidad enpresako Jose Luis Blanco, beste hainbat pertsonarekin batera. Enpresa horri, besteak beste, errepideak mantentzeko kontratua esleitu dio Gipuzkoako... [+]


Istiluak izan dira Osakidetzako azpikontratatutako langile garbitzaileen lehen greba egunean

Aste osoan egingo dute greba. LAB sindikatuak jakitera eman duenez, hainbat langile zauritu dituzte eta euretako bat larrialdietara eraman behar izan dute. Sindikatuaren arabera, lau langile identifikatu eta bi atxilo hartu dituzte.


Eguneraketa berriak daude