Isil gaitezen, une batez bada ere

  • Osasun etxeko telefono deiaren itxaronaldian, supermerkatuko korridoreetan, kiroldegiko aldageletan... Isilune izan daitezkeen uneak soinuz betetzen ditugu. Zergatik, zertarako? Isiltasunak urduritzen gaitu? Sor diezazkiguken barne gogoetengatik?

    Zortzigarren saioa, eta zortzigarren saioko galdera, hauxe: zer da isiltasuna?


2025eko ekainaren 02an - 08:00

“Zarata mediatikoaren erdian”... ARGIAra harpidetzera dei egiten genien irakurleei, hemen goian, artikulu oro hasi aurretik. Akordatzen? Duela gutxira arte kutxatxo bat zegoen, agian begiratu gabe pasatzen zenuen... eta kutxatxoa desagertu bada ere, komunitatera batzeko ateak zabalik jarraitzen du, e.

Mota askotakoa izan daiteke zarata, baina zarata oro da isiltasunaren aurkakoa. Zaratari adikzioa diogula uste du Eva Domingok. Bera izan da Galdera Basatiak podcastaren zortzigarren eta printzipioz azken saio honetako gonbidatua. Kazetaria ikasketez, kazetaritzaren bidez gizarteari ekarpena egin nahi izan zion Domingok, baina bi haurren ama egin zenean, bere bi haurren jakin minak, kuriositateak eta galderak entzuten hasi zenean, ogibidez aldatu zuen: Jakinmin filosofia elkartearen sortzaileetako bat da, eta ikastetxez ikastetxe, ikasgelaz ikasgela, ikasturteak irauten dituen tailer filosofikoak egiten ditu gaztetxoekin. Prozesu luzeak abiatzen ditu, emaitzek ez dutelako inolako presarik. Gauza askoren artean, isiltasunaren inguruko gogoetak ongi gordeak ditu.

Biek haurrekin lan egiten dutenez gero, txikiek isiltasunarekiko duten loturaz gogoetatu dute Domingok eta Iñigo Martinezek podcastean, baina bestelako hausnarketak ere utzi dituzte: “Benetako drama da kanpoan dabilen zarata izugarri hori gure barrura sartu dela, eta ari zaigula harenganako adikzioa sortzen”.

Zu, entzule, eta kasu honetan irakurle, isilik egotera gonbidatu nahi zaitugu. Isilik egon beharra dago entzuteko, baita irakurtzeko ere.

“Zarata gehiegi dago elkar entzuteko, baita norbere buruari entzuteko ere”. Usu entzuna da esaldi hori. Baina zer egiten dugu horri buelta emateko? Gutxienez, jakin beharko genuke zarata handi horretatik zergatik egin nahi dugun alde, zer nahi edota behar dugun guk, norberak, izaten segitzeko. Eta gizarte moduan behar duguna, Domingoren ustean, isiltasuna da: isiltasuna, gero norbere barnean isiltasuna bilatzeko. Nola sentitzen garen; horri erantzun beharra funtsezkotzat hartu du. Zeren, nabaritzen duenak antsietatea, estresa edota egonezinak bizi dituela, bizitzak ihes egiten diola, agian behar duena horixe da: isiltasuna.

Haurrek zer harreman dute isiltasunarekin?

Galdera hori egin dio Martinezek, eta erantzuna argi du Domingok: haurrei isiltasuna inposatu egin diegu. Isiltasunak dirudi ordenaren seinale: “Zigor moduan bizi dute haur askok isilik egon beharra”.

Bada hor beste kontu bat, elkarrizketaren eta eztabaidaren kulturarena. Izan ere, elkarrizketak eskatzen du bat isilik eta bestea hizketan egotea, normaltasunez garatzea, baina Domingoren esanetan ez daukagu halako kulturarik. Aldiz, eztabaidarena bai: “Eztabaidak badauka bestea zapaltzea, eta hori onartuta dagoenez gure gizartean, hori da irakasten dieguna”. Beraz, nola ipini haurrak elkarrizketan? Askotan, gainera, hainbeste gogoa sentitzen dutenean hitz egiteko, entzuteari uzten diote... Helduok egiten dugun bezala. 

Baina saio hau azkenekoa da. Galdera Basatiak isiltzera doa, isiltzea beharrezkoa delako pentsatzeko, gogoetatzeko, hausnartzeko. Filosofatzeko. Galdera basati gehiegi utzi dizkigute zortzi saioek isildu gabe oraindik ere hizketan segitzeko. Nork daki baina, isildu eta gai ugari horien inguruan gogoetatu ostean, itzuliko ote garen...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Galdera Basatiak
Heldutasuna mito bat da

Irene Lafuente lagun hartuta, heldu izatearen inguruan gogoetatu dute Iñigo Martinezek eta biek Galdera Basatiak podcastaren zazpigarren atalean. Pista bat: "Helduok badugu barnean Peter Pan-en sindromea; nahi dugu dena, nahi bezala, nahi dugunean". Hain helduak al... [+]


Emozioei bai, emotibismoari ez

Sentimenduak izan da gaia Galdera Basatiak podcastaren seigarren atalean, eta horren bueltan zeharkatu dituzte Iñigo Martinezek eta Gari Moyak maitasuna, gorrotoa, tristura, haserrea... Hitz egin dezagun sentimenduen eta emozioen inguruan, baina gogoetatu ere, gogoetatu... [+]


“Postmodernitatearen ezaugarria da dena zalantzan jartzea”

Errealitatea ipini dute zalantzan Imanol Alvarezek eta Iñigo Martinezek podcastaren bosgarren atalean... eta, errealitatea da, saioaren laburpena den artikulu hau, solasaldiko gogoetak brotxa lodiz jasotzera baino ez dela heldu.


Zaintzen dugulako maite dugu, ala maite dugulako zaintzen dugu?

"Maitasuna" hitza darama izenburuan Galdera Basatiak podcastaren laugarren atalak, baina eraman zezakeen "harremanak", "bakardadea", "dependentzia"... Hari mutur ugaritan barreiatu dute Izaro Toledok eta Iñigo Martinezek.


Bai, filosofatu dezagun heriotzaz

Zer nolako harremana dugu heriotzarekin? Zer nolakoa helduek, zer nolakoa haurrek? Adinean gora egin ahala nola aldatzen da heriotzarekiko dugun begirada? Eta nola hitz egin heriotzaz haurrekin?

Bai, gai tabua bada ere, hitz egin dezagun heriotzaz. Hirugarren saio honetan... [+]


Jardin bat zuretzat, Hipatia

Hainbat lorpen kolektiboan soilik egin daitezkeela esaten denean, lerro artean joan ohi da behin kolektiboan pentsatu, gogoetatu eta eztabaidatu ondotik heldu ohi direla, heltzekotan. Baina zerbait lortzeko, ezinbestekoa da pentsatzen jartzea. Ez baitira gauzak besterik gabe... [+]


Haurrak gara behelaino artean

Ardatzean haur filosofia izango duen Galdera Basatiak podcastak, ez alferrik, haur filosofia tailerretan barneratzeko asmoa du. Horixe hitzeman digu Iñigo Martinezek lehen atal honetan. Podcastaren zimenduak ezarri dizkigu, markoa marraztu, eta, batik bat, haurtzaroaz... [+]


Eguneraketa berriak daude