“Interbentzio kirurgikoa” Ertzaintzan


2024ko martxoaren 04an - 05:41
Azken eguneraketa: 09:06

Merezi zuen oihartzunik ez zuen lortu Erne, Esan eta Sipe sindikatuen ohar bateratuak. Tolosako inauterietan Ertzaintzak begian zauritu zuen adingabea ospitalean zegoela, interbentzio kirurgiko baten zain, sindikatu horiek pentsatu zuten une egokia zela operatiboan parte hartu zuten kideak “zoriontzeko” beren “interbentzio kirurgiko profesionalagatik”. Gero betikoek esango dute poliziek ostiak partitzen bakarrik dakitela: bada, ez; umore beltzean ere, txapeldun.

Eta aste batzuetara, martxoaren 3an, umore beltzaren eta interbentzio kirurgikoen erakustaldi berria Gasteizen. Umore beltzetik dezente baitu Espainiako Polizia frankistak 1976an hildakoak omentzen dituen manifestazioaren aurka oldartzeko euskal polizia demokratikoak duen ohitura. Eta interbentzio kirurgikotik, “pertsona talde baten” ustezko portaera dela-eta milaka pertsonako manifestazioaren aurka egitea, berriz ere foam jaurtigaiekin, baina baita furgonetekin eta gomazko pilota ilegalekin ere.

"Poliziaren inguruko eztabaida jarri dute mahai gainean berriz ere Tolosako eta Gasteizko gertaerek"

Dugunaren ispilu dira bi adibideak, ez besterik. Azken hauteskunde sindikaletan Tolosako oharra sinatu zuten Erne, Esan eta Sipek bozen %77,6 eskuratu zuten. Gehitu horri Euspel sindikatuaren %12,9 (Brigada Mugikorreko beltzen artean gehiengoa eskuratu zuen sindikatua, ideia bat egin dezagun). Eskuin muturreko jarrerak eta diskurtsoak ez dituen sindikatu bakarrak, ELAk, bozen %7,8 eskuratu zuen. Hori da argazkia.

Poliziaren inguruko eztabaida jarri dute mahai gainean berriz ere Tolosako eta Gasteizko gertaerek. Lehenik eta behin, garrantzitsua litzateke eztabaida ez abiatzea Poliziaren izaera eta existentzia bera ontzat emanda. Eutsi diezaiogun utopiaren banderari, errealismoak eskertuko digu.

Baina, posibilista jarrita, honatx interbentzio kirurgiko berri baterako proposamena. Demagun, polizia armatu biolento kopuru jakin bat beharrezkoa dela istiluak ekiditeko (?) edo zenbait delinkuentzia motari aurre egiteko. Ba, demagun. Bestelako zenbat funtzio hartzen ditu Ertzaintzak? Trafikoa, bulego lana, eskoletan hitzaldiak, musika banda, salbamendua itsasoan edo mendian, polizia judiziala, ziberdelinkuentziaren jarraipena... Beharrezkoa al da horiek beteko dituzten pertsonak Arkautiko komisarian formatzea eta formakuntza militarra jasotzea? Gauza baterako da ezinbestekoa, soilik: poliziaren funtzio errepresiboa zabaldu eta legitimatzeko, gauza onak ere egiten baititu (“Poliziarik ez”, dioenari erantzun ahal izateko: “Eta nork zuzenduko du orduan trafikoa?”)

"Zergatik ez Trafiko Eskola –eta ez komisaria–, trafikoaz arduratuko diren Trafiko Departamentuko langileak –eta ez poliziak– formatzeko?"

Zergatik ez Trafiko Eskola –eta ez komisaria–, trafikoaz arduratuko diren Trafiko Departamentuko langileak –eta ez poliziak– formatzeko? Eta salbamenduaz arduratuko diren pertsonentzako –ez polizientzako– eskolak, eta... Horrela, lanpostu horietara aurkeztu ahalko lukete gustuz edo kontratuak eskatuta ostiak partitzeko prest ez dauden pertsonak, eta ez lukete beren nortasuna militarizatuko lukeen formazio militarrik jasoko. Interbentzio kirurgikoa, finean, biolentoak isolatu eta ahalik eta jende eta funtzio gutxien kutsatu ditzaten.

Ameskeria eman lezakeena sinplea da alderantziz pentsatuta: suak itzaltzeaz ez da Polizia arduratzen, suhiltzaileak baizik –eta ez da trafikoa gidatzea baino jarduera zibilagoa berez–. Eta, suhiltzaileen artean, gihartsu asko egonagatik ere, ez dira nagusi eskuin muturreko sindikatuak, ideiak eta interbentzioak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Polizia
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Mbolo Moye Doole plafatormak elkarretaratzea deitu du, manteroen aurkako arrazakeria eta indarkeria poliziala salatzeko

Plataformak salatu du indarra neurriz kanpo erabiltzen dela migratzaileen eta arrazializatuen aurka, eta saltzaile ibiltarien aurkako jazarpena etengabe egiten dela, batez ere turismo handiko garaietan, oporraldietan.

Manifestazioa egingo dute ostegun arratsaldean, 19:30ean,... [+]


2024-04-15 | Aiaraldea
Ertzaintzak bi lagun atxilotu eta 22 identifikatu ditu Urduñan

Agintaritzaren aurkako atentatua egitea leporatu diete bi atxilotuei. Ertzaintzak adierazi duenez, bi polizia agente zauritu zituzten igandeko operazioan. 


Beasaingo bi udaltzain zauritu dira komisarian suzko arma batekin tiro eginda

Tiroa “ustekabekoa” izan zela adierazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Batek belaunean zuen zauria eta besteak eskuan.


Eguneraketa berriak daude