Araba Euskaraz: Ikasle ohiak etorkizuneko hazi

  • Ekainaren 17an, Bastidan ospatuko da aurtengo Araba Euskaraz jaia. Arabako Errioxako ikastolako arduradunek erabakia dute lema: Barneratu, barreiatu. 174 ikasle ari dira, denak D ereduan; Arabako Errioxakoak, Burgosekoak eta Errioxakoak.


2012ko ekainaren 09an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12
Bastidako ikastolako haurrak

Altxorra hain da handia / Ontzian ez dela sartzen / horregatik gabiltza gu / barneratuz barreiatzen / Zuk lagundu behar gaituzu /helburu eder hau lortzen / ikastolan zein kalean / beti euskaraz mintzatzen. Horrela ari da Orlando Arreitunandia aurtengo festaren kantaren bertsoetarik batean, eta Bastida Ikastolako zuzendari Ketxu Bedialaunetak adierazi digu haren esanahia: “Euskararen gainean ari gara, jakina. Lehenengo, guk, euskaldunok barneratu behar dugu euskara. Festaren kantak altxorra aipatzen du, euskara dugu altxor hori, aberastasuna dugu, horren kontzientzia izan behar dugu. Ostean, barreiatzea dagokigu, han eta hemen zabaltzea”. Ez da Arabako ikastolen jaia Bastidan egingo den lehenbiziko aldia. 1989an egin zuten estreinakoz eta harrezkero 2004an eta 2008an.

Barreiatze lanetan aspaldi

Lehenago ere euskara barreiatzeko lanean ari dira Bastida Ikastolan. 1979an sortu zen, bederatzi ikasle zirela, eta 174 ikasle ari dira gaur egun, Haur Hezkuntzatik DBHko 1. eta 2. mailako gela bana barne. B ereduan hasi zuen ibilia ikastolak, garai hartan eremu erdaldunean ohi zenez. “Baina orduko irakasleek euskara maila hobea nahi zuten ikasleentzat eta B eredu indartu bat jarri zuten abian lehenengo, eta ondoren, 1996-1997an euskarazko eredua. Haurrak euskaraz bizitzea lortu nahi bazen, beharrezkoa zen ikastolako jarduera aldatzea eta euskara hutsean aritzea”. Ume haien euskal eredu eta eremu bakarra ikastola zenez, egokiago zen ikastetxean D eredua abiatzea. Ereduak eredu, tupust egin ohi du ezagutzak eta erabilerak Bastidan, gainerako euskal herrietan bezala: “Ikasleek maila hobea dute orain. Erabilera formalaz ari gara beti, gelan lantzen diren ikasgaiak ondo bereganatzen dituzte, baina gelatik kanpoko euskarari dagokionean, erreferentziarik ez dute, eredurik ez. Erabilera ez-formala egin behar denean zailago da. Ni, esaterako, ondarrutarra naiz, eta egunero ikusten dut ezberdintasuna”.

Erabilera bizi

Artean ikastolan B eredua indarrean zegoela, bertako irakasle taldeak bat egin zuen erabilerari eragiteko asmoarekin, Euskaraz Bizi proiektuarekin, alegia. Bedialaunetaren aburuz, “Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. maila artean ondo funtzionatzen du proiektuak. Ikasleak zenbat eta nagusiago, zailago da proiektuko Argitxo pertsonaiarekin eta haren ipuinekin bat egitea, eta bestelako bideak asmatu behar izaten ditugu orduan, dela inauteri inguruan egiten dugun kanpaina, dela teknologia berriak erabiliz. Hortik emaitza hobeak lortzen ditugu”.

Beste adar batetik ere ari dira emaitzak jasotzen, baina ez ikastolan, herrian ezpada: “Ikasle ohiak dira laguntzailerik onenak. Lau ikasle ohi ditugu irakasle eta bertan dituzte seme-alabak ere. Nik uste hortik datorrela euskararen etorkizuna Bastidan, ikastolako ikasleen umeetatik. Etxean ere euskaraz egiten dute batzuek”. Transmisio naturala jokoan da Bastidan. Pentsaezina, duela zenbait urte herrian. “Nahikoa duzu tabernara joan euskaraz entzuteko. Hantxe izango dituzu ikasle ohiak, euskaraz hitz egiteko zailtasun handirik gabe. Jaiegun, asteburu eta udan, berriz, euskaldun mordoa biltzen da herrira. 1.200 bizilagun izatetik 7.000 lagun biltzera igarotzen da Bastida”. Eta, bistan denez, euskaldunak dira horietarik asko.

2006-2007an, ikastola berria

Eraikin berria jaso zuen Bastidako Ikastolak duela sei urte. Hil ala biziko erabakia, Bedialauneta zuzendariaren esanetan, ikasleak estu-estu eginda ari baitziren eraikin zaharrean, matrikulazio datuak eskuan zituzten, eta non edo nondik lehertu beharra zegoen. Orduan egin zuten diru inbertsio handiari aurre egiteko ere baliatuko dute, besteak beste, ekaineko festa nagusian bilduko duten dirua. Zorrak kitatzea dute helburuetarik bat, ez bakarra ordea. “Baliabideak ere behar ditugu, proiektua aurrera eramateko. Bestalde, herrian eta inguruan ikastola mugimendua indartu nahiko genuke, proiektua zabaltzeko, sendotzeko”. Bastidan bertan ere bada premia, eta ikastolarekiko eta euskararekiko atxikimendua landu nahiko lukete hurrekoen artean… Izan ere, hiriburu, hiri eta herri handietako ikastetxeetan ez bezala, hainbat lekutako neska-mutilak biltzen dira herri txikietako eskoletan. Bastidakoan, kasu.

Egun, Bastida bertakoak ez ezik, Errioxako Haro eta Casalarreina, eta Burgoseko Miranda Ebroko neska-mutilak ari dira ikastolan, denak euskaraz ari. “Euskaraz ari gara, euskaraz irakasten ditugu irakasgaiak, gaztelania eta ingelesa izan ezik, jakina. Guk euskara eta gaztelania, biak maila berean izan daitezela nahiko genuke, ez bata besteari nagusitzea. Gela barruan egiten dugun lanaz gainera, gelatik kanpo ere saiatzen gara, pilota-eskola eta multi-kirolaren bitartez”. Eskolaz kanpoko ekintzetan, Gorputz Hezkuntzako irakaslea dute begirale eta arduradun. “Horrek asko laguntzen du, euskararekiko sentsibilitatea landu beharrik ez dago harekin, eta ikasleek ere badakite euskaraz ariko direla han”.

Datuen argitan, gurasoen %14 euskaldun dira, eta horretan ere bada zer landurik. Guraso askok ekarri ohi duen kezka, alegia. “Askotan entzun izan dugu: ‘Ezin diot gure umeari lagundu, euskaraz ez dakit-eta’. Baina guraso horrek berak ingelesez ere ez daki, eta hori ez du problema, ez zaio iruditzen eragozpena. Euskararen kasuan, ostera, bai. Kezka hori guraso askoren burutik ezin kendu izaten dugu. Gainera, maila jakin batera iritsiz gero, ez euskaraz, ez gaztelaniaz, ez ingelesez, umeek gehiago dakite gurasoek baino eta, beraz, nahita ere ezin lagundu. Gure helburua da umea bera arduratzea ikasi behar dituen gaiez, gero gurasoei azaltzeko. Horretan ahalegintzen gara”.


Azkenak
2025-05-29 | Gedar
Cintruenigon, besoz beso mobilizatu dira Frente Obrero eta Vox

"Delinkuentziarik gabeko Cintruenigo" aldarrikatu dute, ohi bezala, pertsona migratuak kriminalizatuz.


2025-05-29 | Hala Bedi
Zahartzearen negozioa agerian utzi dute Gasteizen

Zaharren egoitzen negozioa salatzen duten iragarkiak jarri dituzte Gasteizko hainbat markesinatan. Iragarkiok "Gizarte Ondoezerako Foru Erakundea”-ren sinadura daramate.


Fusionatuko diren bi ikastetxeren proiektu berria argitzeko eta adosteko eskatu diote gurasoek Jaurlaritzari

Gasteizko Adurtza eta San Ignacio ikastetxeek fusionatuta hasiko dute datorren ikasturtea, baina eskola berriaren proiektua eta plangintza falta dutela salatu dute gurasoek, beraien ekarpenak noiz eta nola egin jakin nahi dutela. “Parte hartu nahi dugu, guretzat... [+]


Hamasen buruzagia hil du Israelek, Netanyahuk baieztatu duenez

Mohamed Sinwar Gazako Hamaseko burua hilik agertu da, Israelgo armadak Gazan egindako bonbardaketa batean. Hamasek oraindik ez du baieztatu Sinwarren heriotza.


2025-05-28 | Joan Mari Beloki
Istanbul II

Europako lau presidente gudazaleek (Emmanuel Macron, Keir Starmer, Friedrich Merz eta Donald Tusk), maiatzaren 10ean 30 egunetako su-etena exijitu zioten Vladimir Putini. Errusiako presidentearen erantzuna: “Maiatzaren 15ean has gaitezen bakea negoziatzen... [+]


Gutxienez zazpi migratzaile hil dira, Kanaria Uharteetan beren ontzia hondoratu eta gero

Kanaria Uharteetako El Hierro irlan gertatu da ezbeharra: itsasertzetik bost metrora zeudela eman du buelta ontziak. 160 pertsona inguru zihoazen ontzian.


Arabako Foru Aldundia zentral eolikoak inposatzeko “eskumenak inbaditzen” ari dela salatu du Aiaraldeko Mendiak Bizirikek

Herri plataformak adierazi du 'Mendi' zentral eolikoak Orozkon (Bizkaia) ere lurrak hartzen dituela eta plan bereziko onarpenerako aurretiko izapidea abiatzea agindu duela Arabako Foru Aldundiak.


Hiru palestinar hil ditu Israelek, laguntza humanitarioa banatzen ari zitzaien bitartean

Israelek AEBetako enpresa bati eman dio laguntza humanitarioa banatzeko ardura, eta NBEk salatu du laguntza banaketako irudiak “oso larriak” direla. Israelek defendatu egin du banaketa sistema. Jakinarazi dute asteazkenean ez dutela laguntza humanitariorik... [+]


2025-05-28 | ARGIA
Hiltzeko laguntza jasotzea baimentzen duen legea onartu du Frantziako Asanbleak

Eutanasia edo suizidio lagundua gisako hitzak nahita saihestuta, “hiltzeko laguntza aktiboa” baimentzen duen legea onartu du Frantziako Asanblea Nazionalak. Senatuaren oniritzia jasoz gero, 2027an sartuko litzateke indarrean legea, kasurik azkarrenean.


Energia eta telekomunikazio sistema “erresilientea” sortzeko, lankidetza abiatu dute Goienerrek eta Izarkomek

Bi kooperatibek euren arteko elkarlanean "urrats sendoagoak" emango dituztela iragarri dute, energia eta telekomunikazio sistema "erresiliente" bat sortzeko. Deia egin diete herritarrei Itzali sistema, piztu alternatibak manifestuarekin bat egin dezaten.


Erregeen sukaldaria eta sukaldarien erregea

Saint-Cloud (Frantzia), 1810eko apirilaren 1a. Napoleon enperadorea Maria Luisa Austriakoarekin ezkondu zen, eta eztei-tarta ikusgarria Marie-Antoine Carême (1784-1833) sukaldari ospetsuak egin zuen.  

Baina Carême gorteko luxuetatik urrun jaio zen, Pariseko... [+]


Eguneraketa berriak daude