Hitzik gabe

Forever. Martxoak 11, Victoria Eugenia (Donostia). Generoa: maskara antzerkia. Egileak: Iñaki Rikarte, José Dault, Garbiñe Insausti eta Edu Cárcamo. Zuzendaria: Iñaki Rikarte. Aktoreak: José Dault, Garbiñe Insausti eta Edu Cárcamo. Argazkia: Kulunka teatro.

2024ko apirilaren 19an - 11:00

Animalia bat begiratu eta beti triste dagoela pentsatzen duen horietakoa naiz, ez baitu espresioa aldatzen, maskara espresiboak bezala. Noski, ez nabil zuzen.

Antzerkiaren hiru pilareak dira hitza, gorputza eta irudia. Kulunka teatroak haietako bat sakrifikatzea erabaki du berriro ere eta zin dagizuet: ez da inondik ere faltan botatzen. Izan ere, beste biak indartu egiten dira eta hara non sortzen den magia.

Aktoreen lana bikaina da. Eurena ez den aurpegia beraiena egitea eta publikoari hori naturala dela kontatzea ez da batere erraza. Aurpegiko espresioa bakar batean dute finkatuta, baina hamaika dira antzematen direnak. Ikaragarria da Forever antzezlanak kontatzen eta transmititzen duen guztia.

Agertokiaren magiak ikuslea irudimenezko mundura darama, emozioek gainezka egiten duten lekura. Maskarak, paradoxikoa den arren, bizia dakarte eta nolanahi edonor sentiarazten dute istorioaren parte. Antzezlan honen gidoia oso landuta dago, elkarrizketarik ez badu ere. Esaterako, familia baten istorioa kontatzen dute eta, semea jaio berri denean, desgaitasuna duela kontatzeko gurpildun aulki bat besterik ez dute erakusten. Denok ulertu dugu. Nola kontatzeaz gain, esanguratsua da eszenografiak berak sortzen duen irudia. Eszenatokia mugitu egiten baita, birakaria da eta hiru espazio bereizten ditu. Trantsizioak mundialak dira, ia zinematografikoak, pertsonaia bera ikusten baitugu aldi berean desagertzen eta beste aldean agertzen.  

Kulunkak dakarren drama honek asko dauka penatik, baina baita umoretik eta samurtasunetik ere. Eta batez ere maitasunetik. Maiteminduta dagoen bikote baten ilusioa eta zirrara dakarte eszenara, elkarrenganako desira amaigabea. Semea jaiotzean, maitasuna  harenganakoa bihurtuko da batik bat, baldintzarik gabekoa baina baldintzaz betea. Sentimendu horri, nekea, errua, erantzukizuna, kezka, eta beste hainbat emozio batuko zaizkio, obra interesgarriagoa bilakatuko dutenak eta in crescendo batean kokatuko. Pertsonaien garapena mundiala da eta baita dramaturgiarena ere.

Hernanin sortu den konpainia hau nazioartean dabil, eta dagoeneko 30 herrialdeetara eraman dituzte haien obrak. Hainbat sari jaso dituzte antzezlan honekin, esaterako, Max Sariak. Kolaboratzaile ugariko taldea da eta detaileetan nabari da. Antzerki honetan, istorioek ez dute hitzik eta publikoa ere hitzik gabe uzten dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
'Lurrez estali', laborarien errealitatea oholtzara eramango duen Axut! kolektiboaren obra berria

Izurako Latsaga zalditokian egingo dituzte emanaldi guztiak, hamar saio, maiatzaren 31tik ekainaren 16a bitartean. Ximun Fuchsek idatzitako obrak "ikuspegi integratzaile eta kolaboratiboa" du oinarrian, landa eremuko lurraldearen lekukotasunak bildu eta "tokiko... [+]


2024-05-13
Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


“Maite dut Iparraldean antzerkia egitea, uste baitut hemen kodeak ulertzen direla”

Azkainen aurkeztu du Ander Lipusek bere ibilbide artistikoaren inguruko gogoeta jaso duen liburua: Antzerkiaren labirintoan I. Bigarren partea ere badu liburuak, “antzerkilariei gehiago zuzendurikoa” dena bere esanetan, baina Azkaineko irakurle taldeak lehenbizikoa... [+]


Eguneraketa berriak daude