Hitza ez den guztiaren garrantzia

  • Irailaren 30ean Seguran jokatu zen Txapelketa Nagusiko kanporaketaren kronika. Sailkapen taulak hau esan zuen: Jon Martin (673,5 puntu), Nerea Elustondo (665,5), Beñat Iguaran (665,5), Ander Fuentes "Itturri" (629,5), Unai Gaztelumendi (620) eta Felix Zubia (594).


2017ko urriaren 06an - 11:31

- Osea, normala irudiko zaik. Hik daukak kopeta.

Ulertzen nuen Ines sumintzea. Zer gutxiago, bi urtez kasu zipitzik egin ez eta saioan faborez nire ondoan esertzeko eskatuz deitu nion eta. Bi metroko belarriekin amaitu nuen Gipuzkoako Txapelketa, lagunaren oratoria pairatu beharraz. Denbora luzez egon nintzen insomnioak jota, ordu txikietan ohean zilipurdika, Inesen sermoi orojakileak buruan nituela, eta kontua amaitu zen nahiko larri: Orfidalak, begizuloak eta pijama sindromea. Hondoa jota, pare bat erabaki hartu nituen. Bat: “Ines nire bizitzatik atera behar diat, kosta ala kosta”. Bi: “bertso kronikak Rita Oilaskojaleak egingo ditik hemendik aurrera”.

- Orduan zergatik itzuli haiz?

- Tira, badakin, ARGIAkoek nahiko ondo ordaintzen diten…

Kontua da negoziazio prozesu luze eta estu baten ondoren, harrigarriki, lortu nuela Ines konbentzitzea –lezioak emateko duen berezko behar horrek gain hartu zion sumindurari, itxuraz–, eta elkarrekin joan ginela Segurara. Baleko saioa joan zen –puntu erantzunak salbu–: Unai Gaztelumendi lotu antzera, baina ideiaz bizi eta asmotsu; Nerea Elustondo bertsoak oso ondo josiz, ofizio guztietan primeran; Felix Zubiak ez zuen eguna eduki; Ander Fuentes 'Iturri' gorabeheratsu, baina ale onak utziz; Jon Martin oso aise kartzelakora arte; eta Beñat Iguaran borobil ofizio guztietan, eta kartzelakoan goia joz.

Baina Inesek bazuen zeresana, eta saioaren ostean, adiskidetu asmoz atera nion zerbezari dzanga luzea botata, bi ezten jaurti zituen:

  1. “Irakurri ditiat txapelketako epai irizpideak –bai, horretan pasatzen diat denbora librea–. Oso txukun eta egoki zagok dena, baina gauza bat ez dik jartzen: zientifikoki ezinezkoa dela bertso bati zenbaki bat jarri behar dion epaileak irizpide horiek guztiak une berean kontuan hartzea. Bazakiat epaileentzako jarraibideak direla, asmo onez sortuak, baina unea iristean bakoitzak ahal duena egiten dik, eta iruditu zaidak gaurkoan irizpide batek hartu duela pisu handia: 'baliabide paratestualak' deiturikoak –broma gutxi terminologiarekin–. Sentsazioa zaukaat epaileek bereziki saritu dituztela egoki kantatzen dutenak, erritmoa eta isiluneak menperatzen dituztenak, eta, aldiz, behetik puntuatu dituztela auzi horietan traketsago ibiltzen direnak. Adibide garbiena Gaztelumendik hamarreko txikian egindakoa. Txukun asko aritu duk baina 126.5 puntu soilik eman zizkiotek, azken aurren. Ez zieat pisurik kendu nahi kantaera, isilune eta abarrei, baina gaurkoan emaitza desorekatu samar bat eragin dutela uste diat –edo bestela ulergaitzak zaizkidak puntuetan eman diren alde handi batzuk–".
  1. “Hitz egin beharko diagu alferrikako dramatismoaz ere. Epai irizpideetan kapitulu oso bat irekiko nikek horri buruz, nola derrepente hasi beharra dagoen zigortzen. Martinen eta Iguaranen arteko zortziko handia duk adibide garbia. Gaia: astebururo irteten zarete elkarrekin bizikletaz ibiltzera. Joan den asteburuan txirrindulari bat harrapatu zuten bihurgunetik pasatu berri zarete. Eta, lehen bertsoan, Martinek amaitzen dik: “zeinen agudo zimurtzen diren / loreak ta oroimena”. Ofizioak bi lagunen arteko elkarrizketak dituk, eta jar haiteke, testuinguruaren arabera, malenkoniatsuago edo metaforikoago, baina nik ez diat inor ezagutzen bizikletan bihurgune batetik pasa eta tankerako komentariorik egiten duenik. Bereziki estimatu nian Iguaranen erantzun irmoa –hain poetiko ez zaitez jarri / oraingoan Jon, arraio/ toki askotan gertatzen dira/ istripua deitzen zaio–, terrenoa zedarrituz. Erantzun horrek ofizioa tonu sinesgarriago baterantz bideratu zian, azkenerako Martinek berak ere lanaldia ederki borobilduz. Baina hasierako tonuari segiz gero, ez diat pentsatu ere egin nahi zenbat musuzapiren zintza adituko zuan Segurako harmailetan”.

Hori esatearekin bat samurki begiratu zidan, eta supituan ohartu nintzen Inesen suminak asko zuela teatrotik, berak ere ez nauela bi urtean askorik faltetsi, baina txapelketa hasten denean, orduan bakarrik, nik bera behar dudan adina behar nauela berak ni.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari txapelketa 2017
Beltza nagusi

Begirazun zorrotzez ebaki zuen hitz bakoitza Maialen Lujanbiok, eta larrurik beltzenei jarri zien ahotsa euskal plaza entzutetsuenean: amabakarra, prostituta, yonkia izatea hautatu zuen eta subjektu hauen bizitzetara eraman gintuen, erru, erruki zein epai moraletatik urrun... [+]


2017-12-24 | Kattalin Miner
Bazterren aroa, behingoz

Oraindik BECekoa liseritu baino, irentsi beharrean nago. Zer nolako finala eman digun zortzikoteak! Hasi eta buka. Bejondeizuela eta eskerrik asko, egun paregabea biziarazi diguzue!

Beraz bai, pozik nago, oso pozik txapelketak utzitako gazi-gozoak kendu ditudalako... [+]


2017-12-18 | Dani Blanco
Finaleko argazki galeria

Abenduaren 17an Barakaldoko BECen jokatu zen finala, Dani Blancoren iruditan.


Eguneraketa berriak daude