Maiatzaren 6tik 15era egingo da Pantailak Euskarazek antolatutako aktibazio sozialerako ariketa. Helburua, hamar egunez soilik euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzea da. Ariketan izena eman daiteke maiatzaren 6ra arte.
Bigarren aldia da Pantailak Euskarazek Pantailaldia ariketa antolatu duela. Aurrekoa ere Euskaraldiaren testuinguruan egin zen, eta Euskal Herri osora zabaltzen den ekimen haren bultzada baliatu nahi dute, hain zuzen, Euskaraldia 15ean hasiko baita. Helburu bikoitza du ariketak, batetik, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa eta sortzea bultzatzea, eta, bestetik, erakunde publikoak “euskararen aldeko pausoak ematera” gonbidatzea, pantailen testuinguruan euskarazko produkzioa urria baita. Herritarren erronka da hamar egunez pantailetan euskaraz bizitzea. Antolatzaileek parte-hartzaileei eskatzen diete telebista, streaming plataforma, zinema, sare sozial eta bideojokoak euskaraz kontsumitzea eta sortzea. pantailakeuskaraz.eus/pantailaldia webgunean izena eman eta parte-hartzaileak euskarazko ikus-entzunezko baliabide digitalen zerrenda jasoko du, baita hamar egunetan erronka betetzen laguntzeko agenda proposamena ere.
2022ko edizioan 500 herritarrek hartu zuten parte. %77k euskarazko baliabide berriak ezagutu zituen egun horietan eta %64k adierazi zuen ikus-entzunezkoak sortzeko eta kontsumitzeko orduan hizkuntza ohiturak aldatzeko balio izan ziola erronkak.
Pantailak Euskaraz eragile antolatzaileak hainbat eragileren babesa jasoko du: ARGIA, Berria taldea, Hamaika TB, Kanaldude, Tinko Euskara Elkartea, zinea.eus, Game Erauntsia elkartea, Euskal Encodings eta zernonikusi.eus.
Astean zehar ikusteko hainbat proposamen
Maiatzak 6: Gaelikozko Kneecap filmaren proiekzioa, euskarazko azpidatziekin, Bilboko Kafe Antzokian. 20:00etan.
Maiatzak 7: Mugikorra eta ordenagailua euskaraz konfiguratu (lehenhitza.eus webgunean informazio gehiago).
Maiatzak 8: gamerauntsia.eus webgunean euskarazko bideojokoen zerrendatik bat aukeratu, hura deskargatu eta euskaraz jokatu.
Maiatzak 9: ARGIA multimedia kanaleko dokumental bat ikusi (www.argia.eus/multimedia).
Maiatzak 10: Zinema euskaraz, gure eskubidea! Herriko zinema aretora joan eta euskarazko filmik ez badago, euskararentelefonoa.eus helbidean salaketa jarri.
Maiatzak 11: berria.eus-en Ikasgelako bideo bat ikus-entzun.
Maiatzak 12: zernonikusi.eus aplikazioa deskargatu eta euskarazko eduki bat ikusi.
Maiatzak 13: euskal-encodings.eus webgunean plataformek euskaraz eskaintzen ez dituzten filmetako bat euskaraz gozatu.
Maiatzak 14: Hamaika Telebista, Kanaldude ala Primeran plataforman Urak eginen du bide euskarak ikus-entzunezkoetan bizi dituen erronkei buruzko dokumentala ikusi.
Maiatzak 15: Euskaraldian zehar ere, pantailetan euskaraz bizi.
Aste osoan zehar egiteko hainbat ideia ere eman ditu Pantailak Euskaraz ekimenak. Batetik, jendea animatu dute hamar egunez soilik euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumituta eta sortuta edukitako bizipenak sarean elkarbanatzera #pantailaldia traolan. Bestetik, zernonikusi.eus webgunean bilaketa eginda plataformetan, Youtuben eta zine aretoetan euskaraz dauden gustuko edukiak topatzea gomendatu dute. Hirugarrenik, euskaldunak telebista euskaraz ikustera gonbidatu dituzte, ETB1, ETB3, Hamaika TB, Kanaldude, Primeran, Makusi eta Tokiko Euskarazko Telebistan.
ARGIA astekariaren 2916. zenbakian Gorka Peñagarikano Goikoetxeak idatzitako Pantailaldia. Sortzea ez da nahikoa, ohiturak aldatzen ez badira erreportajea irakurri ahal izango da. Maiatzaren 7tik aurrera, argia.eus-en ere egongo da. Peñagarikanok euskarazko ikus-entzunezkoen egoeraren berri eman du eta horretarako Pantailak Euskaraz, Zer Non Ikusi eta Azpitituluak.eus-eko kide banarekin egon da.
Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztu dituzte datu "kezkagarriak". Euskaraz eskaini diren estreinaldi kopurua ez dela %1,6ra iritsi ondorioztatu dute. Erakunde publikoei eskatu diete "herritar guztien hizkuntza eskubideak" zinemetan ere... [+]
Nazioarteko ordainpeko streaming plataformetan, Amazon Prime Video eta Netflix izan ziren lehenak euskarazko edukiak eskaintzen, eta orain Max gehitu zaie (2024 arte HBO edo HBO Max izan dena). Pantailak Euskaraz-ek azpidatziak moldatu ditu, eta EITBk bikoizketak eskaini, eta... [+]
Ikusiker Ikus-entzunezkoen Behategiak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) 2.800 ikasleri egindako galdetegiaren arabera, plataforma digitaletan gazteek edukiak ez dituzte euskaraz kontsumitzen. Horrekin “arduratuta”... [+]