Gu Euskal Eskola Publikoa garelako izango dira


2022ko abenduaren 14an - 08:00

Asko hitz egiten ari da egunotan Eusko Jaurlaritzak aurrera atera nahi duen Hezkuntza lege aurreproiektuaz, eta horrek izugarri pozten nau, gizarte heldua garen seinaletzat jotzen baitut.

Zentzu honetan, alde batetik, Euskal Eskola Publikoaz Harro (EEPH) plataformak egindako lana eskertu beharrekoa dela deritzot, Hezkuntza lege aurreproiektuaren inplikazioak aztertu, kritikatu eta zabaldu egin dituelako hasieratik Euskal Hezkuntza Publikoaren aldeko defentsa gogotsua eginez; eta bestetik, STEILAS, LAB eta ELA sindikatuak ere eskertu beharrekoak direla deritzot, euskal hiritar heldu gisa, haiek egindako greba deialdiengatik ez balitz, Jaurlaritzatik jada inolako eztabaidarik gabe, gardentasun falta osoz eta euskal hiritarrak artalde otzan adingabe gisa tratatuz, gauzatuta egongo litzatekeelako hizpide dugun Hezkuntza lege aurreproiektu hori.

EEPH plataformak eta aipaturiko sindikatuek Jaurlaritzari leporatzen dioten puntu nagusien artean, sistema duala mantentzearena dago, hau da, zentro kontzertatu eta ikastolen pribilegioak mantentzearena, haiei gaur egun jasotzen dutena baino oraindik diru publiko gehiago emanez. Hori dela eta, azken egunotan ikastolen aldeko artikuluak atera dira esanez “Euskal Herriak ikastolak behar dituela biziraungo badu”.

Euskadiko politikan betidanik izan dugu abertzaletasuna ezker eta eskuinaren banaketaren gainetik. Hau da, garrantzitsuago izan da historikoki guretzat abertzalea izatea, ezkerrekoa izatea baino. Eta are gehiago, horren urruna ez den iragan batean, horrek zentzu osoa zuela pentsatzen dut: ikastolak sortu ziren garaian, debekatuta zegoen euskaraz mintzatzea, geure kulturari eta nortasunari eutsi badiegu hein handi batean ikastolei esker izan da. Baina gaur egun egoera oso desberdina da, zirkunstantziak aldatu egin dira, eta zorionez euskara jartzen ari gara Hezkuntza Publikoaren ardatz. Izatez, Euskal Eskola Publikoan egiten dugun lana, ikastola askotan egiten denaren parekoa da. Euskararen alde egiten dugu gure zentroetan, ikastolek baino baliabide askoz gutxiago izanik. Noski, ikastolak funtsezkoak izan dira gure Herria egiteko, baina baliteke haien funtzio historikoa jada amaitua izatea.

Ondorioz, ikastolei ere bihotzez eskerrak emanez egindako lanagatik, haiei bideratzen zaien diru publikoaren iturria mozteko garaia heldu dela pentsatzen dut. Aitzindari izan zarete lehenengo, eta ondoren bidelagun itzelak, plazer bat izan da zuekin bidea egitea. Baina orain lekukoa guri, Euskal Eskola Publikoari pasatzea dagokizue. Ikastolak izan zinetelako gara, eta gu Euskal Eskola Publikoa garelako, izango dira.

Nagore Portillo Bilbao, irakaslea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude