Gizonen pelikulak bakarrik Euskadiko Filmategiaren urteurrenean: zinema-munduko emakumeek emanaldi alternatiboa prestatu dute

  • Euskadiko Filmategiak 40 urte beteko ditu aurten; Kimuak katalogoak berriz, 20. Eta bi efemeride horiekin lotuta antolatu dituzten emanaldietan, ez dute emakumeek zuzendutako lan bat bera ere programatu. Horren aurrean, zinema-munduko hainbat emakumek emanaldi alternatiboa prestatu dute apirilaren 26an.


2018ko apirilaren 25an - 11:44
Mirentxu Loyarteren 'Euskal emakumeak' filma proiektatuz aldarrikatuko dute euskal zinemaren historian emakumeek izan duten lekua (argazkia: Dani Blanco).

Ekimenaren berri ematearekin batera, antolatzaileek adierazi dute Filmategiaren eta Kimuaken urteurrenetan “ezinbestekoak izan diren pelikulak ospakizun honetatik kanpo” geratu direla. Horietako bat da Mirentxu Loyarteren Euskal emakumeak, Ikuska saileko 12. filma izan zena eta euskal emakumeen “errepresentazio konplexu eta anitza” aurkezten duena, antolatzaileen iritziz.

Horregatik aukeratu dute lan hori apirilaren 26an, 20:30ean Azpi Kultur Elkartean (Mundaitz 14, Donostia) antolatu duten emanaldirako. Euskadiko Filmategiaren emanaldi ofizialaren ondoren proiektatuko dute Loyarteren lana eta kezka bat plazaratzeko tresna izan nahi du: berriz ere emakumeen lanak baztertu ondoren, “zein da ospatzen ari garen euskal zinemaren historia?”, galdetu dute prentsari igorritako oharrean. “Nola eraikiko dugu etorkizuna emakumezkoen erreferentziarik gabe?”, gaineratu dute.

Emanaldia kartel honekin iragarri dute.

“Garrantzitsua da urteurrenak ospatzea historiaren atzera begirako bat egiteko. Askotan ekimen hauek egindako ibilbidean etenaldi bat dira eta momentu ezin hobeak dira, elkarrekin burututako lanaz jabetzeko eta indarberrituta etorkizunari aurre egiteko”, azaldu dute antolatzaileek. “Espero dugu etorkizunean zinema egiten duten eta egin zuten emakume guztiak aintzat hartzea”.

Aldarrikapen-kutsua izango du 26ko emanaldiak beraz, baina antolatzaileen esanetan ospakizun ekitaldi bat egitea da beraien asmoa, “gu ere historiaren parte garela ozen aldarrikatzeko eta zinemaren genealogietan parte hartu nahi dugula adierazteko”.

Ekimenarekin 42 lagunek egin dute bat oraingoz: Irati Gorostidi Agirretxe, Arantza Santesteban Perez, Lur Olaizola Lizarralde, Irati Cano Alkain, Irati Crespo Manjarres, Nora Alberdi Odriozola, Itziar Zorita Agirre, Maddi Barber Gutiérrez, Maren Gonzalez Zubeldia, Maider Oleaga, Begoña Vicario, Sara Hernández, Kristina Zorita Arratibel, Lara Izagirre Garizurieta, Itxaso Espinal Etxabarren, Leire Etxeberria Villalón, Leire Abaigar Elorza, Olatz Beobide Egaña, Jone Karres Azurmendi, Elena Gozalo, Aintzane Pérez del Palomar, Maru Solores, Ainhoa Andraka, Zuri Goikoetxea, Maider Fernández Iriarte, Iratxe Fresneda, Saioa Etxebarria, Ana Angulo Umaran, Itxaso Frau Terradillos, Marina Lameiro, Ana Hormaetxea, Estibaliz Sádaba Murguia, Itxaso Díaz, Yurre Ugarte, Amaia Lizarralde, Ane Zamora, Miren Manias, Mirari Echávarri, Ione Atenea, Olatz González, Mercedes Álvarez eta Izibene Oñederra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskadiko Filmategia
2021-10-05 | ARGIA
Euskal Herriko emakume zinemagileen zikloak abiatuko du Euskadiko Filmategiaren programazioa

Euskal emakume zinemagileak zikloa gutxienez hiru urtetan egingo da eta lehenengo honetan bederatzi zinemagileren lan bana ikusi ahal izango da, Gasteizko Artium Museoan, Bilboko Arte Ederren Museoan eta Donostiako Tabakaleran.


2020-03-10 | ARGIA
Ipar Euskal Herriko film eta bideo ez profesionalak berreskuratu nahi dituen proiektua aurkeztu dute

“Gure irudi galduak” proiektua aurkeztu dute Baionan astelehen honetan, XX. mendean Ipar Euskal Herrian filmatutako pelikulak berreskuratu nahi dituen egitasmoa. Manuel Ynchaustik grabatutako pelikulen funtsa berreskuratuz abiatu da.


Yannick Bellon: aldarrikatzeko moduko zinegile biarriztar bat

Yannick Bellon Hego Euskal Herrian jaio izan balitz, segur aski gutako askorentzat izen ezagunagoa izango zen. Baina Biarritzen jaio zen eta ibilbide zinematografiko osoa Frantziako Estatuan egin zuen 2019an hil zen arte.


Eguneraketa berriak daude