"Gaztetan punkia nintzen eta horri eusten saiatu naiz: pikutara eliteak!"

  • Nazioartean sona lortu du Gorka Hermosa akordeoilariak (Urretxu, 1976) eta hamaika proiektutan murgilduta dabil. Azkenetako bat, Gorka Hermosa & Blanchard Strings diskoa, zeina online aurkeztu behar izan duen COVID-19ak eragindako egoeraren erruz. Lan berezi eta pertsonal horretatik abiatuta, bere ibilbidea errepasatu dugu elkarrizketa honetan.


2020ko maiatzaren 29an - 11:20
Gorka Hermosa akordeoilaria (argazkia: Oscar Sánchez).

Maiatzaren 24ean Berlingo Filarmonikan aurkeztu behar zenuen disko hau, baina COVID-19ak eragindako egoera dela-eta, streaming bidez aurkeztu behar izan duzu. Baldintzapen horiekin, nolako harrera izaten ari da diskoa?

Ba, sorpresa handia hartu dut egia esan... baina itzela ari da izaten. Oso disko pertsonala da. Nire pieza ezagunenak biltzen ditu soka orkestra eta akordeoirako moldaketan. Ez da mainstream, ezta gutxiagorik ere... baina sekula nire musika iritsi den baino jende gehiagorengana iristen ari da. Harrituta nago oso: TVE1eko Telediarioan erreportaje bat egin ziguten, baita Canal 24H TVEn ere; RNE1eko “El ojo crítico”-n ere egon gara eta Pepa Fernández-en goizeko magazinean; Catalunya Músican eta Euskal Herriko irrati pila batean ere bai (Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Euskal Irratiak, Arrate, Segura, Bilbo Irratia...) eta Kantabriako gehienetan ere. Euskal Herriko egunkari gehienek ere orri bat atera dute gure diskoari buruz (Berria, El Diario Vasco, Gara, Deia, El Correo, Noticias de Gipuzkoa...), baita Diario Montañés-ek, El Norte de Castilla-k... Ez nuen inondik inora ere ez imajinatzen horrelako harrera bat. Oso kritika eta hitz politak jaso ditugu. Udazkenerako kontzertu batzuk ere itxi ditugu eta Berlingo Filarmonikakoa martxoan egin ahal izango dugu. COVID egoera honetan... askoz gehiago imajinatzea oso zaila zen diskoa atera baina lehenago.

Pentsatzen dut gogor samarra izaten ari dela konfinamendua musikarientzat. Zuzenean aritzeko abstinentzia sindrome handiarekin zaude dagoeneko?

Izugarri. Jotzeko gogoaz gain, ekonomikoki ere kristoren kolpea izaten ari da... Baina beno: beti atera beharra dago alde ona eta konposatzeko aprobetxatzen ari naiz. Aste hauetan gauza politak idatzi ditudala uste dut. Berlinen akordeoi eta orkestrarako pieza berri bat aurkeztu beharra nuen (oraintxe bukatu dudana) eta ezinaren aurrean Castelfidardoko PIF konposizio lehiaketara aurkeztu dut eta lehen saria eman didate justu joan den asteburuan. Munduko akordeoi jaialdi handiena eta prestigiodunena da eta bertan horrelako sari bat jasotzea... kristoren sorpresa eta poza. da Urretxutik Mundura Iparragirreren omenezko akordeoi, soka orkestra eta abesbatzarako obra luzea (40 minutukoa) ere bukatzen ari naiz. Urretxun estreinatu beharra genuen ekainean, baina hau ere atzeratu da. Alde ona: konposatzeko denbora pixka bat gehiago izaten ari naizela. Sekula ez dut pieza hain “handi” bat idatzi: bai luzeragatik, bai instrumentazioagatik eta bai sentimenduagatik –Iparragirreren etxetik 200 metrora jaio nintzen eta horrelako omenaldi bat zor niola sentitu det beti–.

Diskoaren oinarrietako bat sokazko instrumentuen eta akordeoiaren arteko elkarrizketa aberatsa da. Zer bilatu duzu biak uztartuz?

Ni musika klasikoaren mundutik nator eta gaur egun ere Kontserbatorioko irakaslea naiz. Hogeitapiko urte nituen arte ia hori bakarrik jotzen nuen: musika klasikoa. Gero rock, techno, tango, fado, musika keltiarra, flamenkoa, jazza eta beste munduetako musikariekin joaz begiak asko ireki ditut eta nire musika ere asko aberastu dela uste dut, baina oraingoan sokazko instrumentuez inguraturik aire klasikoagoa eman nahi nien nire konposizioei. “Etxera” (musika klasikora) itzultze bat izan da neurri handi batean.

Gernika 26/4/1937 kantarekin ireki duzu diskoa. Aurretik Jon Maiarekin eta Pittirekin grabatutako Ele, Lauaxeta - Lorca diskoan argitaratu zenuen bertsioa ezagutzen genizun, moldaketa diferenteekin. 1994an konposatu zenuen Picassoren koadroan eta Gernikako bonbardaketan oinarritzen den kanta hau. Bertsio berri honetan zer aurkituko du entzuleak?

17 urte nituela konposatu nuen eta agian mundu mailan nire obrarik ezagunetarikoa da. Mila moldaketa egin ditut obra honekin. Nire musika ez dago instrumentazio konkretu baterako pentsatua eta erraz moldatzen ditut nire piezak instrumentazio desberdinetarako. Oraingoan, bertsio “nobleago” bat bilatu dut, sokak ematen dion “klase” handi horrekin.

Oso pieza biziak eta kitzikagarriak ditu diskoak, Galiano en Santiago adibidez. Inpresioa daukat musika kultuaz aritzean askotan oso gauza zerebraltzat jotzen dugula. Aurreiritzi gehiegi dago zentzu zabal batean pop gisa izendatzen dugun musikatik kanpoko guztiarekiko?

Aurreiritziak libreak dira. Bakoitzak ditugunak ditugu, guk aukeratu ditugulako edo, gehienetan, entzuten ditugun komunikabide edo inguruneak hori transmititu digutelako. Beti saiatu naiz nire bizitzako atal guztietan aurreiritziak apurtzen eta are gehiago akordeoiaren munduan. Beti akordeoiaz espero ez dena egiten saiatu naiz, instrumentu honekin normalean jorratzen ez diren estiloak joaz. Eta musika klasikokoaz... ba, hein handi batean aipatu duzun “aurreiritzi” hori ulertzen dut. Askotan gaur eguneko musika garaikidea egiten duten konpositore (eta interprete) askok entzulea ahazten dutelako (nahita askotan). Elite batentzako idazten dute askotan (ez beti), musika klasikoko mundua zuzentzen duen musika garaikideko elite batentzako. Ni gaztetan punkia nintzen eta jarrera hori mantentzen saiatu naiz beti: pikutara aurreiritziak, pikutara eliteak! Nire musika “musika klasikoa” dela pentsatu nahi dut, baina “musika garaikideko” kanonetatik at dago, irekiagoa da, “edozeinek” (musika formazio bat izan ez arren) entzun eta gustura dastatu dezakeena.

Bide batez, badu zentzurik gaur egun musika kultua eta popa banatzen dituen sailkapen horrek zure ustez?

Ez. Musika, musika da. Gero eta zailagoa da mugak jartzea. Musika “moderno”-ko estilo guztiak (jazz, folk, pop...) intuiziotik datoz eta garai batean estilo hori jorratzen zuten musikariek ez zuten inongo ikasketarik, baina gaur egun oso desberdina da. Ikasketez gain, musika estilo guzti horietan aurkitu daitezke oso musika garatuak eta jorratuak egiten dituzten artistak. Mugak jartzea oso zaila da. Nire musika entzutean estilo guztietako “puristek” esaten dute: folkekoek jazza dela, jazzekoek musika klasikoa dela eta musika klasikokoek folka dela. Baina estilo guzti horietako jaialdietan jotzen dut, hiru estilo horien artean nagoelako, uste dut. Bere garaian Astor Piazzollak musika argentinarra, jazza eta musika klasikoa nahasten egin zuena dut modelotzat. Noski, ni ez naiz Piazzolla eta ez naiz bere nibelera sekula iritsiko, baina, hein handi batean, bere estilo eklektiko eta ireki hori bai da nire norabidea.

Kanta horrekin lotuta, zer da Richard Galliano Gorka Hermosarentzat?

Galliano Piazzollaren ikaslea izan da, musika frantsesarekin Piazzollak argentinarrarekin egin zuena egiten ari da... eta gainera nire instrumentua joaz. Idolo bat da niretzako. Ikaragarri ikasi dut bere diskoak entzuten eta izugarri emozionatu naiz (oiloipurdia eta askotan negar ere bai) bere kontzertuetara joan naizen bakoitzean. Inspirazio iturri bat da niretzat, dudarik gabe.

Ekia guztiz aurreiskustezinak diren bideetatik joaten den kanta iruditu zait, ñabarduraz betea, garapen luzekoa. Eta lehen aipatzen genuen musika kultua/popularra banaketa horri buruz zerbait ere erakusten digu agian: Poloniako Got Talent saioan jo zuten. Nola izan zen historia hori?

Bai... pieza hori jotzen gaztetxo batek, Lukas Gogolek, programa hori irabazi zuen Polonian. Pieza “arraro” bat da eta asko harritu ninduen pieza hori momentu horretarako aukeratu zuenean... eta are gehiago irabazi zuela jakin nuenean. Beti pentsatu izan dut nire musika jende “gutxirentzako” dela, baina momentu hark nire barruan nituen pentsamolde asko apurtu zizkidan eta bai, modu batean edo bestean, konturarazi zidan nire musika jende gehiagorengana iritsi zitekeela.

Milonga del vent kanta argitsua iruditu zait. Jorge Morelen Milonga del viento-ren bariazio moduko gisa ulertu behar dugu?

Milonga eta Bossa nova arteko pieza bat da, oso irekia bai. Inozentzia puntu bat du, melankolia eta pozaren artekoa. Ez dut sekula Jorge Morel entzun, baina elkarrizketa hau erantzuten nagoen bitartean entzuten nago... eta bai eduki lezake aire bat. Gitarrarako milonga askok bezala. Agian nobedosoena nire milongan Bossarekin egiten dugun fusio hori da eta Richard Gallianok maiz erabiltzen dituen harmoniekin nahastuta, estrofetan lortzen dugun aire iluna, gero estribilloetan argi bihurtzen dena.

Bestalde, Enrike Zelaiari egindako omenaldia ote da ¿Zelaya...? pieza?

Kriston meritua du Enrikek egin zuen lanak. 1950etatik 1980etara izar bat izan zen, euskal musika modu birtuoso batean jo zuen lehen musikaria izan zen agian. Eta milaka disko saldu zituen. Berak jotzen zituenetako melodietako batzuk bilduz eta nire beste batzuk, pieza hau idatzi nuen bera erreibindikatu nahian. Flamenco Etxea diskoan grabatu nuen bulería flamenkoaren erritmoaz eta Los Conciertos de Radio 3-en jo genuen TVEn. Berak ikusi zuen eta deitu egin zidan: kristoren ilusioa egin zion. Gero pieza hau berarekin jotzeko aukera ere izan dut Altsasuko Haize Berriak bandaz lagundua eta orain soka orkestrarako moldaketa egin dut, aire klasikoago bat emanez.

Akordeoiaren historialaria ere bazara, duela gutxi ARGIAren irakurleek Juan Bautista Buscari buruzko artikulua irakurrita ikusi ahal izan dutenez. Joan den mendean popularitate handia izan zuen instrumentuak gure herri eta hirietan; gaur egundik, nola ikusten duzu zure lan tresnaren geroa?

Bai, akordeoiaren historiari buruz 4 liburu eta artikulu asko idatzi ditut eta mundu guztian zehar (Txina, Hego Amerika, Europa...) konferentziak eman ditut gai honi buruz. Izugarri gustatzen zait historia eta are gehiago gure instrumentuarena. 1829an sortu zenetik mundu guztitik hedatu zen oso azkar: 1830ean Errusiara iritsi zen, 1836ean Kabul-era, 1839an Zeelanda Berrira... Segituan sartu zen munduko jende guztien bihotzean eta haien folkloreetan. 20. mendearen lehen erdian “modako” instrumentua izan zen. 1950ean Italian (akordeoi gehienak egiten diren lurraldean), akordeoiaren industria Italiako bigarren industria izatea iritsi zen, kotxeenaren (FIAT) atzetik. Gero The Beatles iritsi ziren, modako instrumentua gitarra elektrikoa izan zen eta akordeoiaren beherakada itzel bat etorri zen 20. mende bukaerara arte. Geroztik nahiko egonkor mantendu da kantitatez, baina kalitatez asko igo dela uste dut, beste esparru batzuetan sartzen: kontserbatorioetan, musika klasikoan, jazzean... eta noski herri musikan mantenduz. Gaur egun sekula baino akordeoilari hobeak daude esparru guztietan eta etorkizuna den Txinan oso hedatua dago: akordeoilari gehiago dago Txinan beste mundu guztian batera baino. Bertan hiru aldiz egon naiz jotzen eta ikusgarria da zenbat akordeoilari dauden eta batez ere ze mailakoak. Nik uste, beraz, etorkizun oparoa duela instrumentuak.

Zure ibilbide musikalean denetik egin duzula ikusten da: RTVEren orkestra sinfonikoarekin aritu den lehen akordeoilaria izan zara, mundu osoan jo duzu, baina etxea ahaztu gabe, horren erakusgarri Jon Plazaolarekin batera Urretxu-Zumarragan egin zenuten herri opera. Bilaketa etengabe horretan, zein da hurrengo geltokia?

Zorte handia izan dut estilo oso desberdinetako maisu handiekin jo izanagatik eta beraiengandik zuzenean ikasteagatik. Aldi berean, beti Urretxutik oso gertu mantentzen saiatu naiz eta bai, aipatzen duzuen Herri Opera itzela izan zen: Jon Plazaola protagonista bezala edukita, herriko 700 artista izan ginen oholtza gainean musika, antzerkia eta beste zenbait arte nahastuz. Espektakulu hori zuzentzea egin dudan gauza politenetarikoa izan zen. Agian politena. Herriko jendearekin egin izanagatik batez ere. Hurrengo geltokiei buruz... oso proiektu desberdinak ditut martxan: orain gutxi Atlantia Ë Ria diskoa atera dugu flamenkoa, euskal musika eta musika afrikarra nahastuz; Malandro Club jazz fusio trioarekin kontzertu asko ditugu munduan zehar; Hezurbeltzakekin (Jon Maia eta Pitti gitarristarekin) kontzertu piloa ematen ari gara Euskal Herrian; bi azken proiektu hauekin diskoak prestatzen ari gara; akordeoi soilaz grabatutako disko bat bukatu berri dut, udazkenean argitaratuko dudana; Banda desberdinekin (Santander, Barakaldo..) kontzertuak ditugu; Berlingo Filarmonikan soka orkestrarekin ere joko dut hurrengo 2021eko martxoan nire azken diskoa Blanchard Strings aurkezten eta Blanchardekin beste zenbait kontzertu ere baditugu; Garikoitz Mendizabal txistulariarekin errepertorio eder bat prestatzen ari gara aurki aurkeztu ahal izateko; Edurne Zabalo klarinetistarekin ere dezente jotzen ari gara duoan: lehen esan bezala Iparragirreren omenezko Urretxutik Mundura obra konposatzen ari naiz eta Urretxun, Donostian eta beste zenbait lekutan (Kanada, Errusia...) aurkezteko lanean ari gara... baita beste zenbait proiektu gehiago ere. Beraz, aspertu, ez naiz asko aspertzen (barre egin du). Hilabete oso politak datozkit gainera, COVID nazkante honek uzten badigu behintzat (barre egin du).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


2024-03-24 | Lander Arretxea
Musika iruditan (I)
Bideoklipei begira, lentearen beste aldetik

Mundualdi honen soinu-banda osatzen duten abesti gehien-gehienek propio filmatutako irudiak izan ohi dituzte: bideoklipak. Musikariengandik oso gertu, ikus-entzunezko egileen belaunaldi gazteago batek lan horretan aurkitu du zineman edo telebistan ez duen hori: trebatzeko... [+]


Anari Alberdi. Zazpigarren azalberritzea
"Nire eremua soziopoetika da"

Martxoaren 1ean elkartu gara Anarirekin, Giza zarata argitaratu eta biharamunean. Andoaingo poligono batean egin dugu hitzordua: han dauka taldeak entsegu-gela. Poster zaharrez eta instrumentuz inguratuta hitz egin dugu, alboko gelakoen erritmoez lagunduta. Larunbatean, hilak... [+]


2024-03-17 | Xalba Ramirez
'In' salto mesedez

Katuzaldia
Ezezez
Autoekoizpena, 2023

----------------------------------------------------

Inoiz ez dut jakin oso ondo zein den “rollo british” musikan, sekula ez naizelako bereziki zalea izan, akaso. Ezezez entzutean, ordea, ez dut dudarik zer esaten duten... [+]


Eguneraketa berriak daude