Gazako genozidiora "ez ohitzeko" eskatu dute milaka herritarrek Donostian

  • 250 kulturgiletik gorak egin zuten deialdia “Kulturatik genozidioari stop” manifestaziorako. Milaka lagunek Alderdi Eder eta Haizearen Orrazia arteko ibilbidea bete dute martxoaren 17an. Hainbat esku-hartze artistiko izan dira tartean. Inpakturik handiena, ibilbidean zehar manifestariak lurrean etzanda lortu dute. Drone bidezko irudiek Gazako sarraskiaren irudikapena jaso dute. Albistearen bukaeran, Dani Blancoren argazki sorta.

Gazako sarraskiaren irudikapena Haizearen Orrazian. Argaqzkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

2024ko martxoaren 18an - 11:57
Azken eguneraketa: 13:12

Ez da ohiko manifestazioa izan. Errepidetik ez, baizik eta espaloietatik egin dute protesta manifestariek. Donostiako Alderdi Ederren hasi eta Haizearen Orrazian bukatu. Ibilbidean zehar musikariak, bertsolariak, dantzariak eta abeslariak aritu dira. Protestarako egindako 23 artelan ere ikusi ahal izan dira bidean. Kulturgile ugari elkartu da martxoaren 17ko manifestazioan, batzuk aritzera, (Olatz Salvador, Mikel Urdangarin, El Drogras, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi eta abar), eta beste batzuk deialdian hartu dute parte, hala nola, Bernardo Atxaga, Itziar Ituño, Gorka Otxoa, Alex Ubago, Iñaki Gabilondo, Eñaut Elorrieta, Ruper Ordorika, Toti Martinez de Lezea.

Inpaktu handiko ekintza egin dute Ondarretako hondartzaren eta Haizearen Orraziaren arteko tartean. Gernikan, 1937an, bonbardaketez ohartarazteko erabiltzen zuten sirena hotsaren antzekoak jo dueta jendea lurrean etzan da. Gazan hildako herritarrak irudikatu nahi izan dituzte horrela eta dronez grabatu dute irudia, ondoren nazioartean zabaltzeko asmoz.

“Ez ohitu, ez ahaztu”

Ibilbidean zehar “Israeli boikot, Palestina askatu”, “estatu sionista, estatu terrorista” eta “ez da gerra bat, genozidio bat da” oihuak entzun dira.

Haizearen Orrazian, ibilbidearen bukaeran, adierazpena irakurri dute Mireia Gabilondok, Aitziber Garmendiak, Josean Bengoetxeak eta Itziar Atienzak. Adierazpenaren izenburua zen, “Ez ohitu, ez ahaztu”. Adierazi dute, ez dutela nahi ohitzerik “suntsipen eta sufrimendu amaigabera”, ez dutela ohitu nahi “AEB buru duen eta Europar Batasuna atzetik duen ‘mundu libre eta zibilizatuaren’ konplizitate epelera”.

Ez dute ohitzerik nahi “egunero bonbardatzen dituzten ospitale eta anbulantzietara, anestesiarik gabeko anputazioetara, gosetera, umiliazioetara, espetxeratze eta tortura sistematikoetara”.

Ez dute ohitu nahi “Gazan hamar minutuero ume bat hiltzera, egunean hamar umek baino gehiagok hanka bat edo bi galtzera”.

Adierazpenaren bukaeran agintari politikoei eta Europar Batasunari eskaerak egin dizkiete: “Konplize bihurtzen gaitu denbora pasatzen uzteak, besoak gurutzatuta eta gauzei bere izenez deitu gabe. Izan ere, genozidioa da, apartheid sistematikoa. Horregatik eskatzen diegu gure agintari eta politikariei Israelekin dituzten harreman komertzial, militar eta diplomatiko guztiak bertan behera uzteko. Sarraskiaren aurrean, Europar Batasunari eskatzen diogu neurri sendoak har ditzala erasotzailea bere oldar bortitzari amaiera ematera behartzeko: behin betiko su-etena, okupazioa amaitzea, eta gizonen, emakumeen eta haur errugabeen aurkako indarkeria amaitzea”.

Alderdi politikoak eta sindikatuak

Kulturgileek eta milaka herritarrek babestu dute protesta, baita Gazarekin lotura duten beste elkarte batzuek ere: Gernika-Palestina Herri Ekimena, Yala Nafarroa plataforma eta Sanitarioak Palestinarekin. Hainbat alderdi politiko eta sindikatuk ere babestu dute deialdia: EH Bildu, Elkarrekin-Podemos, Sumar, Ezker Anitza, PSE-EE eta EH Bai. EAJko hainbat ordezkari ere izan da manifestazioan. Sindikatuei dagokionez han izan dira LAB, Etxalde, ELA, UGT, CCOO eta Steilas.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazaren aurkako sarraskia
Israeli boikota egitera deia Euskal Herrian, Nakbaren urteurrenean

Duela 76 urte abiatutako Nakbak martxan jarraitzen duela salatu dute hiri eta herri ugaritan. 5.500 euskal herritar inguruk egin dute bat BDZk antolatutako mobilizazioekin. Larunbatean manifestazioa izango da Iruñean, 12:30ean.


Sionistak sabotajeak egiten ari dira Gazara laguntza humanitarioa daramaten kamioietan

Ehunka sionistek eserialdia egin dute Israel hegoaldean, bidea oztopatzeko Jordaniatik datozen kamioiei. Zisjordanian laguntza humanitarioa zeraman konboi bati eraso egin eta produktuak suntsitu dituzte.


Itxialdiak egin dituzte Iruñerriko institutuetan Gazaren alde, nahiz eta Nafarroako Gobernuak espresuki eskatu ez baimentzeko

Astearte gauean Israelen genozidioaren aurkako itxialdia "normaltasunez" egin dute DBH eta Batxilergoko ikasleek Iruñerriko hainbat institututan, ARGIAri kontatu diotenez. Itxialdi horiek egin ez zitezen saiatu da Nafarroako Gobernua, astearte eguerdian... [+]


2024-05-15 | Ahotsa.info
Manifestazioa isila egin dute kandelekin Iruñeko kaleak argiztatuz, Palestinaren alde

Gauerdian manifestazio isila egin dute Iruñean, Palestinako herria jasaten ari den genozidioa salatzeko.


Eguneraketa berriak daude