"Gauza harrigarriak gertatzen dira hemen: Tipo batek manifestazio bat antolatu eta presidentea dela esan du"

  • Mikel Moreno Calzada bilbotarra 2012an heldu zen Venezuelara, Hugo Chavezek bere azken hauteskundeak irabazi eta hilabete gutxira. Nazioarteko elkartasunerako Pakito Arriaran Fundazioko kidea da, Caracasen bizi da eta iraultza bolibartarraren barnean kokatzen diren mugimendu herritarrekin harreman estua du. Presazko elkarrizketa egin dio ARGIAk, Venezuelan ireki den krisi politikoaren nondik norakoak ezagutu nahian. Izan ere, egun batzuk lehenago Juan Guaido oposizioko kideak estatu kolpe bat abiatu zuen bere burua presidente izendatuz. Egoera larritzen ari dela helarazi digu.


2019ko urtarrilaren 29an - 16:03
Mikel Moreno Calzadak utzitako argazki bat.

Zein da egoera kalean orain?

Giroa lasaia da orokorrean, ez dago mugimendu askorik. Aldi berean tentsioa dago estatu kolpe bat martxan dagoelako, trafiko gutxiago, dendaren bat itxita. Jendea gutxiago mugitzen da, zer edo zer gertatzekotan etxean edo hurbil harrapa dezan. Baina norbait kanpotik helduko balitz ezer jakin gabe, normaltasuna biziko luke. 23an salbu, oposizioaren eta gobernuaren aldeko martxa handien eguna, bare dago. Egunotan Caracasko bi zonalde nagusietan mugitu naiz, zonalde aberatsetan eta herritarretan, eta bietan ikusi dut egoera lasaia.

Eta zein da egoera politikoki?

Venezuelan gauza oso harrigarriak gertatzen dira beti. Azkena: tipo bat agertu da eta esan du presidentea dela. Hemen askotan diogu Garcia Marquezek errealismo magikoa ez zuela hutsetik asmatu, benetan gertatzen diren gauzak dira. Tipo batek manifestazio bat antolatu du; presidentea dela esan du; eta autoizendatzea onartu dute hainbat herrialdek. Gobernuak, noski, ezetz esan du, legediek eta konstituzioak ez dutela hori baimentzen. Ondoren, tipoa desagertu egin da eta babesten dutenek ez dute beste ezer egin. Orain hasi dira martxa batzuen deialdiak jakinarazten. Sentsazioa da barnean gertatuko dena kanpokoak baldintzatuko duela.

Oposizioak legez kanpoko saiakera ugari egin ditu chavismoa botere politikotik kanporatzeko: 2002ko estatu kolpea, blokeo ekonomikoa, magnizidioa, guarinbak… Honakoa saiakera bat gehiago da, edo beste dimentsio bat du?

Inoiz ez da hain agerikoa izan oposizioaren legez kanpoko mugimenduei emaniko babesa, prestatuta zegoela nabarmena da

2002ko estatu kolpean ere, Carmona presidente jarri zutenean, herrialde batzuek babestu egin zuten, tartean Espainiako Erresumak. Baina oraingoan aitortza beste maila batekoa izaten ari da, inoiz ez da hain agerikoa izan oposizioaren legez kanpoko mugimenduei emaniko babesa. Prestatuta zegoela nabarmena da. Autoizendapenaren aurreko egunean, 22an, AEBetako presidente ordeak publikoki babestu zuen oposizio mugimendua. Sumatzen zen 23an garrantzizko zerbait gertatuko zela. Guaidok bere burua presidente izendatzean, AEBek jarraian onartu zuten eta segidan Limako taldean bildutako herrialdeek beste horrenbeste egin zuten.

Legalitatea babestu dutenen artean Txina eta Errusia moduko mundu mailako potentziak daude, besteak beste.

Batetik interes geopolitikoak dituzte Venezuela babesteko AEBen menpe eror ez dadin, mundu multipolarraren klabean. Herrialde lagunak dira, eta lotura ekonomiko asko dute. Venezuela mundu mailan libratzen ari den borroka baten isla da zentzu horretan. Orain hogei urte AEBetatik independizatzeko prozesua hasi zuen herri honek, eta horretarako aliatu berriak bilatu ditu: Errusia, Txina, Turkia…

Noraino heldu daitezke Errusia edo Txina Venezuelaren defentsan?

Auskalo. Petrolioaren industrian presentzia handia dute, ez dut uste inola ere onartuko dutenik AEBen eskuetan geratzea. Badira bestelako aberastasunak ere, urrea, ura edo koltana kasu. Potentzia horien artean negoziazio bat gerta daitekeela Venezuela beste gauza batzuen truke uzteko? Ez dut erabat baztertzen, zaila da goi esfera horien logika geopolitikoak aurreikustea. Baina babesa egun ehuneko ehunekoa da. Ez dut uste adibidez esku-hartze militar bat onartuko luketenik. Europa eta AEBak ezartzen ari diren isun ekonomikoen aurka ezer egiterik ez dute, baina esku-hartze militarra beste kontu bat da. Errusiak orain gutxi hegazkin militar batzuk bidali zituen, Txinak barku militar bat. Badira horrelako mugimenduak, indar erakustaldiak azken batean.

Euskal Herrian izan diren erreakzioetatik zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Lehenik eta behin, lotsagarrienak EAJrena eta Eusko Jaurlaritzarena izan dira. Azkar atera ziren Madurori zilegitasuna kentzen eta hauteskunde berriak exijitzen. Ez da harrigarria dena den. EAJren barnean, batetik, Anasagastiren moduko opositore fanatikoak daude, kolpe hau, aurrekoa edo hainbat hildako eragin zituzten guarinbak ere babestu dituzte. Chavismoak negozio ugari moztu zizkion EAJko kide askori, petrolioa kontrol herritarrera pasa zuenean. Hori berreskuratzeko esperantza du. Bestetik, Repsol moduko enpresa handietan dituen interesak daude.

Euskal Herrian, Urkullu lehendakaritzara eraman zuten hauteskundeetan, bigarren indar politikoaren hautagai Arnaldo Otegik ezin izan zuen aurkeztu.

Urkulluk zilegitasuna ukatu die Maduro presidente egin zuten hauteskundeei. Hemen, nahi izan zuten arerio politiko guztiak lehiatu ziren; Euskal Herrian, ordea, bera lehendakaritzara eraman zuten hauteskundeetan, bigarren indar politikoaren hautagai Arnaldo Otegik ezin izan zuen aurkeztu.

Horrez gain, interesgarriak izan dira herri mugimendu mailan egon diren ekimenak: komunikatuak, mobilizazioak… Venezuelako herritarrek asko eskertzen dute. Elkartasun klabean mugimenduren bat izaten denean, Euskal Herria indartsuenen artean egoten da beti. Urtarrilaren 25eko mobilizazioak ikusgarritasun handia izan dute telebistan edo sare sozialetan. Euskal Herria herri solidario bezala sentitzen da hemen.

Barne mailan, estatu kolpearen alde ez dauden sektore herritarren artean, zer eragin du saiakera berriak?

Azken urteotan egoera sozial eta ekonomikoa gaiztotu egin da, hainbat arrazoirengatik: petrolioaren prezioaren beherakadak asko baldintzatzen du Venezuelako ekonomia, blokeo ekonomikoak eta isunek eragina dute, ustelkeria arazoa da, eraginkortasun eza ere bai… Egia da chavismoak babes pixka bat galdu duela kalean. Baina oraingoaren moduko operazioek, guarinbekin gertatu bezala, chavismoa batzen dute. Chavismoa hor dago: agian ilusioa eta distira galduta, desmobilizatuagoa ere bai, baina horrelakoetan batu eta kalera ateratzen da. Gehiengo soziala da. Eta kritikoek ere badakite irtenbideak ez direla eskuinetik etorriko, chavismo barnetik etorri behar dutela. Jendeak badaki oposizioa bueltatzen bada mendeku gosez helduko dela, haien nahia ez dela herritarren arazoak konpontzea. Berdin die hornikuntza arazoak dauden edo sendagaiak garestitzen diren blokearen ondorioz, nahi dutena euren negozioak eta botere politikoa berreskuratzea da.

Militarrena sektore garrantzitsua da Venezuelan. Babesa agertu dio Madurori.

Militarrak asko dira, haien artean chavistak zein oposizioaren aldekoak daude. Baina militarren buruak eta armadaren gehiengoa, nik uste, demokraziarekin dago. Batzuetan esaten da armada chavista dela, baina batez ere demokratikoa da: arauak errespetatu behar direla da esaten duena. Agertu duen iritzia ondorengoa da: presidente bat dugu hauteskundeak irabazi dituelako. Pertsona batek bere burua presidente izendatzea hauteskunderik irabazi gabe ez du onartzen. Hauteskundeetan oposizioak irabaziko balu, armadak errespetatuko luke.

Nicolas Maduro kargua zin egiten, maiatzean hauteskundeak irabazi ostean. (Argazkia: Presidencia El Salvador)

Zer agertoki aurreikusten duzu?

AEBak eta bere jarraitzaile estuak Guaidorekin daude. Europar Batasunak itxura aldetik tarteko posizio bat irudikatu nahi du, “ez dugu Guaido onartzen, baina hauteskunde berriak egin behar dituzue. 'Libreak', gure arauak errespetatuz...”. Onartezina da. 2018an hauteskundeak izan ziren gobernadoreak, alkateak eta presidentea aukeratzeko. Aurten ere izan dira, zinegotziak hautatzeko. Azkenaldian hauteskunde prozesu piloa egon da. Iaz aukeratu zuten venezuelarrek Maduro, beste bost hautagaien artean eta sei milioi bozka baino gehiagoren babesarekin. Hauteskunde-batzorde Nazionala dago, Asanblada Nazionala, araudi demokratiko bat. Zeinek du zilegitasuna Venezuelari hauteskundeak exijitzeko? Hemen epealdi presidentziala sei urtekoa da. Beraz, bost urte barru, oposizioko kideak, egin ondo gauzak, aurkeztu hauteskundeetara eta saiatu irabazten. Litekeena da gobernuak ez onartzea beste hauteskunderik, horrek krisia larriagotu dezake.

Ez duzu aski indarrik ikusten Venezuela barneko oposizioan estatu kolpea gauzatzeko. Kanpotik zer espero daiteke?

Agertoki guztiak ikusten ditut posible. Ekonomikoki, isunak eta zigorrak oso gogorrak dira jada egun. Medikamentuak edo jakiak erosteko blokeoa handia da. Horiek areagotu ditzaketela? Bai [elkarrizketa burutu eta bi egunera, hilaren 28an, astelehena, AEBetako gobernuak jakinarazi du hainbat zigor berri ezarri diola Venezuelako estatuaren PDSV petrolio enpresari. Tartean, horrek AEBetan dituen 6.100 milioi euroko funtsak izoztea]. Estrategia horren helburua, azken batean, herritarren hautua aldaraztea da. Jendeak esan dezan: “Ni chavista naiz, baina medikamentuak heldu ahal izateko oposizioak agindu behar badu, bada, agindu dezala”. Muturrekoena interbentzio militarra litzateke. Hori justifikatzeko probokazioak askotan antolatu dira. Eta ez dezagun ahaztu Venezuelak mugak partekatzen dituela Brasilekin zein Kolonbiarekin.

Internazionalismoaren aldeko fundazioa zarete. Euskal Herritik zer egin beharko litzateke elkartasun klabean?

Gauza asko egin daiteke. Edozein elkartasun keinu txikik asko laguntzen du. Garrantzitsuena, edonola ere, herri bakoitzak bere prozesu eta bere iraultza propioa egitea da. Tokian tokiko prozesu horiek dira aldi berean beste guztiak indartzen dituztenak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Venezuela
Miren Egiguren. Ez da kikiltzen
"Agortzen ez den iturburu bat daukat barrenean"

Venezuelatik itzuli zenetik, Tolosako Zuloaga auzoaren behealdeko parkean ematen ditu arratsaldeak Miren Egigurenek, bizpahiru lagunekin. Hantxe aurkitu dugu ekainaren bukaerako egun batean. Elkarrizketa egiteko lagunaren etxera igo garenean, Hugo Chavezen panpinarekin... [+]


2023-05-05 | Gedar
Nortasun zedula eskuratu du Asier Guridi iheslari politikoak

Urte luzez egin du borroka, nortasun juridikoa aitor ziezaiotela exijitzeko. Herrigabe eta heriotza zibil egoeran izan dute hamar urtez Venezuelan.


Angel Prado. Demokrazia komunala
"Ez dugu irla bat izan nahi"

Angel Prado Padua borrokalari venezuelarra Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zen hilaren hasieran, El Maizal komuna sozialistaren berri ematen, Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sareak gonbidatuta. Hernanin bildu ginen harekin, bere hitzaldiaren bezperan. El Maizalen... [+]


Eguneraketa berriak daude