Faxismoaren gorakada aztertuko du Hedoi Etxartek martxoaren 20an Azpeitian

  • Azpeitiko Elkar-ekin taldeak eta ARGIAk Hedoi Etxarteren "Faxismoa hemen eta orain" hitzaldia antolatu dute elkarlanean. Hitzaldi hau ARGIAren mendeurrena ospatzeko ekitaldietako bat da, eta Elkar-ekinek Arrazarekiaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren (martxoak 21) inguruan antolatu duen egitarauaren zati ere bai.


2019ko martxoaren 15an - 07:55

Zein dira Europan gorantz doan olatu faxistaren kausak, eta zein bere ondorioak? Hedoi Etxartek horiek izango ditu hizpide martxoaren 20an (asteazkena) Azpeitiko Sanagustin Kultur Gunean, 19:00etan hasita.

ARGIAk mendeurrena ospatzeko ekitaldien artean, pil-pilean diren lau gairi buruzko hitzaldi eta mahai-inguruak antolatu ditu, bakoitza Euskal Herriko txoko banatan, eta bakoitza eragile batekin elkarlanean. Hitzaldi ziklo horietan lehenengoa izango da Azpeitikoa. Elkar-ekin taldearekin elkarlana oso gustura hasi du ARGIAk, bat egiten baitu Azpeitiko taldeak lantzen dituen gaiekin (gaurkotasunezkoak, justizia sozialaren balioei lotuak), lantzeko moduarekin (ikuspegi orokorraz eztabaidatu, eta tokian eta zehatzean ekin, "txikitik") eta helburuarekin, alegia, eraldaketa sozialarekin. Zure herrian ere elkarte edo eragileren batek (edo ARGIA Jendea talde batek) ARGIAren mendeurrena ospatzeko ekitaldirik egin nahiko balu, jarri harremanetan (argiak100urte@argia.eus)

ARGIAren mendeurrenaren baitako hitzaldia izango da Hedoi Etxartek faxismoaz emango duena, baina Elkar-ekinek arrazakeria eta xenofobiaren aurka antolatu duen egitarau zabalagoaren zati ere bai. Hona hemen Elkar-ekinek burutuko dituen beste ekintzak:

"Azpeitian xenofobiarik ez, inor ez da ilegala":

- Martxoaren 21ean, osteguna, "Azpeitian xenofobiarik ez, inor ez da ilegala" leloarekin elkarretaratzea, 19:00etan plazan. Ondoren, janari ezberdinekin mokadua eta Horacio txiletarraren kontzertua udaletxeko arkupeetan.

- Martxoaren 24an, igandea, musikari afrikarrak kalez kale, eta ondoren hauen emanaldia Sanagustinen.

"Faxismoaren mamua indartsu agertu da azken hilabeteotan"

Hona hemen ekintza hauek aurkezteko Elkar-ekinek zabaldu duen irakurketa:

"1960ko martxoaren 21ean, Hegoafrikako Sharpeville herrian, milaka eta milaka herritar atera ziren kalera herrialdean bizi zuten apartheid eta arrazakeria egoera bortitza salatzeko. Protesta baketsua bortizki sakabanatu zuten poliziek, 69 pertsona hil eta 186 zauritu eraginez.

Mende erdi igaro da gertaera haietatik, baina egun horretan kalera ateratzeko arrazoiek bere horretan jarraitzen dute. Arrazakeria eta xenofobia errealitate gordina dira gaur egun ere, milioika direlarik beraien koloreengatik, sinesmenengatik, kulturagatik edo ohiturengatik jazarriak eta erasotuak diren biztanleak.

Faxismoaren mamua indartsu agertu da azken hilabeteotan, Europan eta Espainiako estatuan eskuin muturra izaten ari den gorakada ikusi besterik ez dago.

Azpeitian bertan ere badira pertsona migratzaileen gaineko aurreiritzi eta jarrera desegokiak. Arrazakeria eta xenofobia zantzuak presente daude elkarrizketa askotan, eta komunitate zenbaiten aurkako iritziak entzuten dira han eta hemen.

Horretaz guztiaz hitz egiteko eta xenofobiarik gabeko herri bat aldarrikatzeko baliatu nahi dugu martxoaren 21a, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna".

Beste hiru eragilerekin elkarlanean, ARGIAren hiru hitzaldi mamitsu martxo-apirilean

Hauek dira ARGIAren mendeurrena ospatzeko antolatutako beste hiru hitzaldiak:

- Martxoaren 27an Bilboko Kafe Antzokian 18:30ean: “Zaintzako langileen borrokak” mahai-ingurua, Manu Robles-Arangiz Institutuarekin elkarlanean. Zaharren egoitzetako langilea (Soraya García), Kellya (Elena Vasconez) eta baserritarra (Arantza Arrien) mintzatuko dira beren borrokez eta sektorearen egoeraz, langile ikuspegia eta ikuspegi feminista uztartuz.

- Apirilaren 4an Arrasaten, Kulturate gunean, 19:00etan: “Hizkuntza eskubideak, norenak?!” mahai-ingurua, Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearekin elkarlanean. Eneka Alvarez eta Arkaitz Zarraga arituko dira hizlari, udaltzainekin eta ertzainekin izan duten esperientzia oinarri hartuta.

- Apirilaren 5ean Gasteizen, Hala Bediren egoitzan, 19:30ean: “Kataluniako prozesua eta garaipenaren ikasbideak” hitzaldia, Hala Bedi Irratiarekin elkarlanean. Directa hedabideko kazetari Jesús Rodríguezek zorrotz jarraitu du azken urteetan Kataluniako politika eta berak azalduko du prozesuaren bilakaera. 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIAk 100 urte
2019-12-22 | Jakoba Errekondo
Barietatea eta aniztasuna

Duzunaritzeko kultura ezagutzeko aukera izan dugu 111 hostoz eta orriz jantzi liburuaren aurkezpen egunean. Argiak mendea bete duen ospakizun saila borobiltzeko egun gustagarria. Ehun urtetako kazetaritza goratzeko nekazaritzaren alorrean oinetakoak zikinduz ibiltzea baino bide... [+]


2019-12-22 | Estitxu Eizagirre
Mendeurrenak hiru opari: bata jendeari, bestea ARGIAri, handiena Euskal Herriari

Urte biribil honek opari bana egin digu Argia Jendeari, Euskal Herriari eta komunikazio proiektuari. Zabalduko ditugu?

 


2019-12-22 | Garazi Zabaleta
Duzunaritze argiaren mendeurrenaren lekuko

2019a urte berezia izan da ARGIArentzat, esku artean duzun ale hau ere bada horren adibide. Ehun urte betetzea ez baita lorpen makala, are gehiago euskarazko hedabide txiki batentzat. Ospakizunek forma ezberdinak hartu dituzte urte oso honetan zehar eta, nola ez, landa eremuko... [+]


Eguneraketa berriak daude