Faxismo berrituak baldintzatuko ditu Europako Parlamentuko politikak

  • Europako ordezkarien artean, bostetik bat baino gehiago eskuin muturrekoak izango dira. Hauteskundeen emaitzek Europar Batasunaren eskumaratze prozesua sakondu dute, baita eskuin muturra lehen mailako eragile politiko gisa sendotu ere. Alemanian alderdi neofaxista bat bigarren indarra izan da. Marine Le Penek Macronen ordezkarien bikoitza lortu ditu. Italiako Melonik erraztasunez irabazi du eta Austrian FPÖ ultraeskuindarrak hauteskundeak irabazi ditu gobernuko alderdia atzean utzita.


2024ko ekainaren 10an - 00:05
Azken eguneraketa: 12:55
Italiako ultra eskuinaren buru Giorgia Meloni eta Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen atzerakoiarekin. Argazkia: EFE

Eskuina berriz ere garaile izan da Europar Batasuneko hauteskundeetan. Europako Alderdi Popularra osatzen duten taldeek handitu dute sozialdemokratekiko aldea. Baina, azken asteotan iragarri bezala, berritasunik handiena eskuinaren eskuinetik etorri da.

Eskuin muturreko alderdiak lehen indar politikoa izan dira, momentuz, lau estatutan: Frantzian, Italian, Hungarian eta Austrian

Eskuin muturreko alderdiak lehen indar politikoak izan dira, momentuz, bost  estatutan: Frantzian, Italian, Hungarian, Belgikan –bototan, ez ordezkaritan– eta Austrian. Orohar, Europar Batasuneko potentzia nagusietan eskuin muturrak gora egin du, eskuin tradizionalarekin batera. Gauzak horrela, eskuin muturrek ordezkaritza handitu dute eta 131 eurodiputatu izango dituzte –orain arte 118 zituzten–, behin behineko datuen arabera.

Europar Batasuneko sustatzaile eta buruzagi nagusi Olaf Scholz kantziler sozialdemokratak porrot handia jaso du. Kontserbadoreek garaipen argia lortu dute Alemanian, baina kezkagarriena da bigarren indarra alderdi neonazi bat izatea: AfD, 16 ordezkarirekin (lehen bakarra zuten). Bigarren Mundu Gerraren amaieratik ez da horrelakorik ikusi. Bere zerrendaburu Maximilian Krahk duela gutxi, adibidez, polemika eragin zuen ondorengo adierazpenekin: "Ez dut inoiz esango SSetako uniformea zeukan oro automatikoki kriminala zenik".

Marine Le Penen Batasun Nazionalak Emmanuel Macron presidentearen alderdia bikoiztu du, 30 eserlekurekin. Macronen alderdiak, berriz, 14 eskuratu ditu, erdia baino gutxiago. Porrotaren tamaina ikusita, hauteskundeak aurreratzea erabaki du Macronek.

Italiaren kasuan, ez dago ezustekorik, eta Giorgia Meloni egungo lehen ministroaren ultraeskuina izan da garaile Antzeko zerbait gertatu da Hungarian, Viktor Orban lehen ministro ultraeskuindarraren alderdiak erraz irabazi ditu.

Espainiako Estatuan PPk PSOE aurreratu du, bi ordezkariren aldearekin, eta Voxeko neofaxistak hirugarren postura igo dira 6 ordezkarirekin, bi irabazita, Se Acabó la Fiesta alderdi ultraeskuindar berriak hiru ordezkari lortu ditu.

Herbehereetan bigarren indarra izan da da Geert Wildersen PVV ultraeskuindarra, 7 diputaturekin, lehen bakarra zuten. Azaroan hauteskunde nazionaletan garaipena lortu zuten.

Belgikan Alexander de Croo lehen ministroak dimisioa eman du, Frandriako Vlaams Belang ultraeskuindarra eta eskuineko Nieuw-Vlaamse Alliantie alderdien aurka galdu ostean. Tarte txikiarekin baina Vlaamseko ultraeskuindar independentista flandriarrak izan da garaile botoetan.

Austrian, Askatasunaren Alderdi ultranazionalistak (FPÖ) historian lehen aldiz irabazi ditu nazio mailako hauteskundeak, 6 ordezkarirekin.

Polonian Jartoslaw Kaczybskiren Legea eta Justizia ultranazionalista bigarren indarra izan da, Donald Tusk president sozialdemokrataren alderditik lau puntura. Letonian ere bigarren indarra izan dira ultraeskuindarrak.

Duela 20 urte, eskuin muturreko eurodiputatuak hemiziklo osoaren %8,7 ziren, baina kopuru hori etengabe handitu da ordutik: 2009 (%11,8), 2014 (%15,7) eta 2019 (%18). Orain, lehen aldiz, Europako Parlamentuko diputatuen bostetik bat muturreko eskuindarrak edota neofaxistak izango dira. Gaur arte 118 eurodiputatu zituzten bi talde ultraeskuindarrek, orain 128 izango dira.

Egungo osaketaren argazkia

Hauteskunde hauetan 720 diputatu aukeratu dira, aurreko bozketan baino 15 gehiago. Proportzioan, herritar gehien dituzten estatuek dute ordezkaritzarik handiena. Hori gertatzen da Alemanian (96 diputatu), Frantzian (81), Italian (76), Espainian (61) eta Polonian (53). Jarraian, Errumania (33), Herbehereak (31) eta Belgika (22) daude. Beste estatu guztiek 22 eurodiputatu edo gutxiago dituzte. Eurodiputatuek Europar Batasunaren menpe bizi diren 450 milioi pertsona ordezkatuko dituzte.

Diputatuen lehenengo zeregina izango da taldeak kidetasun politiko-ideologikoen arabera osatzea. Talde bat existitu ahal izateko, gutxienez zazpi herrialdetako 23 diputatu bildu behar ditu.

Pisu handiena duen taldea eskuinaren ordezkari historiko nagusia da: Europako Alderdi Popularra. Orain 185 ordezkari ditu, 9 gehiago. Europako Parlamentuko presidentea, Ursula von der Leyen, horren kidea da.

Hurrengo talde nagusia Aliantza Aurrerakoia da, sozialdemokraten taldea, alderdi "sozialista" guztiak biltzen dituena. Tartean dira PSOE eta PSF frantsesa. 137 ordezkari dituzte, lehen baino 2 gutxiago.

Ondoren, Europa Berritu taldea dago zenbait alderdi liberalek osatua,  Alemaniako Alderdi Demokratiko Liberalak, EAJk edota Espainiako Ciudadanos –hemendik aurrera ez, zortzi izatetik zero izatera pasa dira eta–, 79 diputatuk osatzen dute taldea, baina jaitsiera handia izan du, 23 galdu ditu.

Berdeek laugarren indarra dira baina eskuin muturreko talde batek gaina hartu dio. Berdeek orain 52 ordezkari dauzkate (19 gutxiago) eta laugarren talde nagusiaren domina eskuratu du ERC ultraeskuindarrak (Kontserbadoreak Eta Erreformistak, 73 eurodiputaturekin). Talde horretan daude Georgia Meloniren eta Santiago Abascalen alderdiak. 17 herrialdetako 19 alderdik osatzen dute talde hau.

Ultraeskuindarrek beste talde bat dute Europar Batasunean: Demokrazia eta Nortasuna eta 58 ordezkari izango dituzte. Horrek barne hartzen ditu, besteak beste, Frantziako Marine Le Penen Batasun Nazionala eta Herbereetako PVV. Alemaniako AFD horren parte izan da orain gutxira arte, baina bere hautagaiak SSei buruz egindako adierazpenen ondoren kanporatu egin dute.

Eta azken taldea, ezkerrena da. 36 eurodiputaturekin, bat jaitsita. Horretan daude Alemaniako Die Linke, Podemos, EH Bildu, Irlandako Sinn Fein eta Greziako Syriza, besteak beste.

Horrez gain, momentuz aurreko taldeen parte ez diren beste 100 eurodiputatu daude. Aurrerago erabaki lezakete batean ala bestean integratu ala bakarka jarraitu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Europako Hauteskundeak 2024
Ehunka lagun elkartu dira Baionan eskuin muturraren kontra

Sindikatuek eta Alda elkarteak deituta karrikara atera dira herritarrak eskuin muturraren gorakada salatzeko.


2024-06-13 | Euskal Irratiak
Mixel Esteban hautetsi ekologista
“Ekologia ez da modan, gure bozkak alderdi sozialistara joan dira”

Bigarrenetik seigarren postura erori da Berdeen alderdia Ipar Euskal Herrian, Europar legebiltzarreko hauteskundeetan. 2019ko hauteskundeen datuekin alderatuta, 10.000 boz galdu dituzte; hots, %17tik %7ra pasa dira.


Eguneraketa berriak daude