Ezin da konbentzituago egon

  • Ez zegoela hilda, parrandan zegoela. Hilda? Ez, ez, kañak hartzen ari zen. Peret zenak kantatzen zuen. Irailaren 11n Diadako V erraldoiaren amaieran omendu dute abuztuan hil zen rumbaren erregea, Concert per la llibertaten jo zuen kanta baten bideoa proiektatuz. Peret joan da, baina independentismoa parrandan dabil, 1.800.000 lagun dantzara atera dituen festan.


2014ko irailaren 12an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Bozkatu eta irabazi: hori bezain sinple. 2014ko Diadako mezu nagusiak azaroaren 9ko kontsultan jarri dute letra larria.

Abuztua konplikatua izan da inguru hauetan. Galdeketaren apustua egin ondoren, Generalitateko presidente Artur Masek eta haren ingurukoek –bereziki Unióko Joana Ortegak, irailaren 11 baino juxtu hilabete lehenago Catalunya Radion egindako adierazpenekin–, kikiltze keinuak egin dituzte: Espainiako Auzitegi Konstituzionalak onartzen ez badu ikusi beharko dela, akaso atzeratu daitekeela…

Erronkan bidaide duen ERCn ez du graziarik egin epelkeria horrek, baina ez dute dibortziorik planteatu. Eta aurtengo Diadan parte-hartze eskasagoa iragartzen zuten asturu txarreko beleek –Espainiako prentsan pausatzen diren hegazti horiek–, kale egin dute. Berriz.

Kalera atera dira zaharrak, gazteak, gizenak, argalak, heteroak eta homoak, gimnasiokoak, bibliotekakoak, parkean ibili zaleak eta tabernatik irteten ez direnak; makarrak eta pijoak, mossoak eta katuak, motoan, kotxean, trenean, autobusean, gurpildun aulkian, oinez eta bizikletan etorritako punk, hipster, txoni, rasta eta bestelako jende normalak. Gizarte bat, gauza oso oinarrizko eta sinplea eskatzen, akaso pixka bat aspertuta azken urteetan mobilizazio-espektakuluetan berdina errepikatu beharraz: bozkatu egin nahi dutela.

Traidorerik ez plazan

300 biolontxelistak jarri diote melodia 2014ko Diadaren hasierari. Goizean goiz, Born kulturgunean jo dute Albert Guinovartek okasiorako konposatutako pieza. 300 urte bete dira aurten Bartzelona tropa borboitarren menpe erori zenetik eta urteurrenak pisu sinboliko handia hartu du, umiliazio historikoa independentziaren hauspo bihurtu nahi dutelako –katalanezko liburuaren astea egiten ari dira egunotan eta harrigarria da efemerideari buruz zenbat titulu ikus daitezkeen–.

Kontzertu labur hori antolatu duelako eta Rafael Casanovaren monumentuan ohiko lore-eskaintzan kuku egin duelako, gainontzean, Generalitateak ez du ia protagonismorik izan Diadan, gauez Artur Masek egin duen baloraziora arte. Asteazkenera aurreratu zituen ekitaldi gehienak, tartean, batzuek keinu esanguratsutzat hartu duten lore eskaintza Fossar de les Moreres plazan, Bartzelona 1714an defendatu zuten askoren hilobian.

Efemeride kontua? “Al Fossar de les Moreres no s’hi enterra a cap traidor” irakur daiteke han (Fossar de les Moreresen ez da traidore bakar bat ere lurperatzen), eta “betidanik” independentista direnen topaleku izan da, asuntoa bogan ez zegoen garaietan –hau da, atzo goizean–. La Vanguardia egunkariaren eguneko kronika politiko nagusiak ez dio detaile horri muzin egin.

“Erradikalak biltzen omen gara hemen, baina nik ez dut uste erradikala naizenik”, esan digu Estelada daukan kamiseta beltzarekin 40 urte inguruko gizon batek. ERCren gaztedietako talde bat ukabila jasota Els segadors kantatzen hasi da lore eskaintza egin bitartean. Inguruan mota guztietako material independentista saltzen duten postuak.

David Fernandez CUPeko parlamentariarekin hitz egin dugu han. Abuztuko mugimenduak gorabehera mobilizazio oso jendetsua iragarri digu eta abian den prozesua askok uste –edo nahi– dutena baino sakonagoa dela adierazi: “Hemen ez gara banderez bakarrik ari, gizarte berri bat osatzeaz baizik”. Erakunde asanblearioko kidea beren saltsan dago hemen. Hizketa askotan eten du lagunak, ezagunak eta “fan” gisa sailkatu behar ditugun pertsonak agurtu beharrez. Azaroaren 9koa atzeratzeko aukerei buruz galdetuta, CUP desobedientziaren alde dagoela esplikatu digu, hau da, hautestontziak ateratzearen alde. “Herritarren eta Konstituzionaleko epaileen artean erabaki behar badugu, guk argi daukagu norekin gauden”.

Butifarra jaten giltza dutenekin

Sant Pere eta Bruc kaleen arteko zati bat moztuta dago, Bartzelonako ERCren ordezkaritzak herri bazkaria antolatu duelako. Patata entsalada, butifarra eta baba dosi aparteko bat jan aurretik hitz egin dute Oriol Junqueras alderdiko presidenteak eta Bartzelonako Udalerako hautagai Alfred Boschek, eszenariora igo aurretik alderdiko militanteekin bizkarrean txapaka aritu ostean.

Junqueras “nago, baina ez nago” bat da, zita hau ez delako agian etorriko diren momentu garrantzitsuagoen atarikoa baino, eta hori ekitaldi txiki honetan ere nabari da. Mikrofono aurrean handi, presentziarekin eta jarrera didaktikoarekin publiko konbentzitua apur bat piztea lortu du, bizpahiru ideia argi utziz –argudio historikoak edo identitarioak baino, arrazoi demokratikoak erabiltzea komeni dela, adibidez–. Ohitua dago gauzak esplikatzera, ia pilotu automatikoarekin egiten du. “Ezin diogu gure buruari nekatzeko luxua onartu” eta “ez daukagu irabaztea beste alternatibarik”, esanez bukatu du.

Esku zabalarekin jotzen du eguzkiak gainontzeko kazetariekin Boschen hitzaldiaz hizketan hastean. “Oriol, zuk egin txistu eta guk Rubikon ibaia zeharkatuko dugu” esaldi epikoak eman digu joko gehien. Brometarako. Pronostikoak eskatuta, CiUk erabaki zailak hartu beharko dituela aurreikusten dute: atzera egiteko geroz eta zailago daukate, eta Madrildik galdeketa debekatuko balute, legalitatearen gainetik pasatzeko prest ote dago? Agentzia batentzat ari den lankideak muturra okertu du: “CiU eskuineko alderdia da, ordenaren alderdia. Gai honekin legeari muzin eginez gero, zer esango lioke EBri? Pentsa beste mobilizazio masibo batzuek, demagun, bankuak desjabetzeko presioa sortzen dutela. Horri ezetz esan ahalko lioke legearen izenean?”.

Ordenaren arrazoia hor dago, bai. Bestela ez da ulertzen Can Vies zentro sozial okupatuko kideen kontra duela hilabete batzuk Generalitatearen polizia autonomikoak izan zuen jarrera bortitza. Gertakarien beste ertzak baztertu gabe, Europari mezu bat egon zitekeen atzean: “Lasai, ez dugu gurean edozer gauza baimenduko. Fida zaitezkete nik kudeatutako estatu independente batekin”.

Kontsultari muzin egitea ez dute erraz edukiko ordea. Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak dioenez, oraindik debekatu ere ez dute egin. Ez dute eman kontsultarako azken urratsa ere. Hilaren 19an onartuko dute galdeketa egiteko legea: formazioz abokatua den Esquerrako buruzagiak, bere haurrari eskua emanda eta V-rako kamiseta gorria jantzita, esan du ez dagoela kontrako argudio legalik, erabaki politikoa izango litzatekeela ukatzea; eta galdeketaren aukera agortu arte ez daudela prest “B planak” eta antzekoak mahai gainean jartzeko.

Plebiszitu-hauteskundeez galdetuta, horrelako edozer adostasunetik etorri beharko dela dio. Eta kontsulta, kontsulta, kontsulta errepikatu du. Ate horretatik gertu mantendu nahi du ERCk baloia, publikoak eskatzen duelako, batetik; eta golak sartzen ari delako, bestetik.

Votarem, guanyarem

Wikipediak gezurrik esaten ez badu, Kataluniak zazpi milioi biztanle ditu. Bartzelonako Udaltzaingoak gezurrik esaten ez badu, 1.800.000 lagunek parte hartu dute Diadan. Mobilizazio masiboek mugak dituzte eta zaila izango da inoiz, ezertarako, Katalunian 2014ko irailaren 11n bezainbeste jende mugitzea. Baina begiratu berriz proportzioari: ez al dago dena oso argi?

Oraindik zalantzarik daukanak, Carme Forcadell ANCko bozeramailea entzun dezake V-aren amaierako ekitaldian. “Votarem” eta “guanyarem” hitzak konbikzioz ahoskatu ditu. Eta horretan daude herritarrak ere, lasai, irmo, benetako pazientzia demokratikoz kargaturik, euren iritzia boto-kutxan erakusteko gogoz.

Prozesu luze batek eraman ditu asko independentismoa besarkatzera, nahiz eta denbora gutxian bihurtu den aldaketa ikusgarri. Atzean Espainiako agintariek Kataluniari egindako laido-bilduma luzea dago eta sentsazio bat: kontuak ez duela hobetuko. 1978an Espainiako Estatuari oreka eman zion erregimena usteltzen ari da eta katalanak ez dira pelikula honetan Titanic-eko musikari izango.

Ideia ondo landuta daukate. Puntu amankomuna finkatuta, galdera bitan. Eta kontsultarik egiten ez baldin bada, ardurak eskatuko ditu irailaren 11n kaleak hartu dituen gizarteak.

Buruko min handiak iragarri ditu parte meteorologikoak nazio honetako politika klabe zaharretan ulertzen tematzen direnentzat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude