"Ez dezagun ahaztu: migratzea eskubidea da, ez delitua"

  • Getxoko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideek deituta, "Itsasoak dakarkiguna" performancea egin zuten dozenaka lagunek atzo, domekan, Algortako Ereaga hondartzan eta Portu Zaharrean. Bertan, besteak beste, Greziako Moriako errefuxiatu-eremuko sutearen biktimak modu duin batean birkokatzeko eginkizunetan parte har dezaten eskatu diote Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.

Performancea egin dute Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideek. Argazkia: Iker Rincon / Hiruka.

2020ko irailaren 28an - 10:57

Joan den irailaren 8an sute batek kiskali zuen Greziako Lesbos uharteko Moriako errefuxiatu-eremua. Ondorioz, bertan nekez eta pilatuta bizi ziren 13.000 pertsona ezer gabe gelditu dira, noraezean. Ezbeharraren ondoren errepidearen bazterrean egotera behartu zituen poliziak; horixe izan zen Greziako Gobernuaren esku-hartze bakarra, artatze-lanak gobernuz kanpoko erakundeen ardura izan zen bitartean. Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideek oraindino fresko dituzte Moriako "infernuko" irudiok. Deitoratu dutenez, duintasunagaz eta osasungarritasunagaz bateraezinak ziren baldintzetan pilatuta zeuden 13.000 pertsona horiek, "aurreikus zitekeen" suteak eremua kiskali zuen arte.

Moriako kanpalekua 3.000 pertsonentzako eraiki zuten duela 4 urte, eta orain beste bat eraiki dute Mitilini hiriburutik gertu, kostaldean. Horrek 5.000 pertsonentzako tokia du, baina oraingoan ere mugak gainditu eta 9.500 errefuxiatu bideratu dituzte bertara. "Konfinatuta daude berriro, kontzertinekin hesituta. Bitartean, Europako gobernuek bildu egiten dira haien epaia ezartzeko. Bilera horren emaitza migrazio-politikak gogortzea izan da, baita eskuin muturrekoenaren proposamenerantz hurbiltzea ere. Denak iragartzen du Lotsaren Moria gehiago egongo direla", salatu zuten atzo Algortako Ereaga hondartzara hurbildutako lagunek.

Argazkia: Iker Rincon / Hiruka.

"Itsasoak dakarkiguna" performancea egin zuten atzo Algortan, "jende onaren kontzientzietara jotzeko". Beste alde batera begiratzeari uzteko deia egin zuten Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko lagunek, baita gobernuei euren politika "ankerrak" bertan behera uzteko eskatu ere: "Europa hesiekin eta harrerarako desegokiak tokiekin blindatzen da, pertsonen oinarrizko eskubide bat geldiarazten saiatzeko: duintasunez bizi ahal izateko, seme-alabak hezteko eta, lan zintzoaren bidez, komunitateari ekarpena egiteko eskubidea, alegia".

Moriako sutearen biktimak gogoan izateaz gainera, urtez urte bizitza hobeago baten bila itsasoan hiltzen diren gizon-emakumeak ere ez zituzten ahaztu atzokoan. "Beste behin ere omenaldia egin nahi diegu Mediterraneoan joan den hilera arte hil diren 500 pertsonei; baita, arrisku handiko bidaia batean, Mauritania edo Saharatik Kanarietara iristeko ahaleginetan bizia utzi zuten Saharaz hegoaldeko 200 pertsonei ere".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


2023-09-29 | ARGIA
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]


Eguneraketa berriak daude