Euskara “proportzionalki” baloratua izan dadin aukerak sortu dira Nafarroako Gobernuak Foru dekretu berria onartutakoan.
Nafarroako Gobernuak Foru dekretu berria onartu du, zeinak herritarren eskubideekiko errespetua, errealitate soziolinguistikoa eta aukera berdintasuna uztartzen dituen, Foru Gobernuaren eledun Amparo Lopezen esanetan.
Nafarroako Gobernuak Foru Dekretuaren proiektu berria onartzea erabaki du asteazkenean egindako gobernu bilkuran. Dekretu horrek ezarriko ditu Nafarroako gobernu-erakundeetan lanpostuak eskuratzeko merezimenduak ebaluatzeko arauak. Euskara izango da meritu moduan baloratuko den auzietako bat, Nafarroako eremu mistoan. 2019an epai judizial batek indarrik gabe utzi zuen 2015eko Uxue Barkosen gobernuaren foru dekretua, eta ordutik euskara eremu euskaldunean soilik baloratzen zen administrazioko lanpostuak lortzeko oposizio eta lehiaketetan. Hala ere, euskara baloratu gabe geldituko da, oraindik ere, eremu ez euskaldunean.
Dekretu berria indarrean sartzen denean, eremu mistoko oposizioetan euskarazko C1 maila dutenek 2,1 puntura arte jaso ahal izango dute administrazioko lanpostuetan, eta eremu euskaldunean, aldiz, 3,3 puntura arte, Euskalerria Irratia-k jaso duenez. Izan ere, dagoeneko funtzionarioak direnen lekualdaketetan, euskarak gehienez 6,9 puntu ematen ditu eremu mistoan, eta 11,5 euskaldunean. Aurrerapauso esanguratsutzat jotzen da.
Tira-bira handiak eragin ditu dekretu honek PSN eta Geroa Bai gobernukideen artean. Geroa Baik dekretu berria “berandu” etorri izana salatu, eta “osatu gabea” dela ziurtatu du. Ordea, Foru Gobernuaren eledun Amparo Lopezek dio dekretuak “herritarren eskubideekiko errespetua, errealitate soziolinguistikoa eta aukera berdintasuna” uztartzen dituela.