Euskara ikastea doan izan dadila exijitu diete instituzioei AEK-k eta beste zenbait euskaltegik

  • AEK-ko ordezkariek euskara ikasteko doakotasuna aldarrikatu dute, ezagutza unibertsala izan dadin; “denon eskubidea delako”. Donibane Garazin egin dute adierazpena, Korrikaren iritsieran, eta Euskal Herriko administrazio nagusiei eskatu diete politikak ezar ditzaten euskara denon eskura jartzeko; dei berezia egin diete Ipar Euskal Herriko instituzio publikoei.


2022ko apirilaren 04an - 14:48

Korrikaren 1.062. kilometroa euskararen unibertsalizazioari eskaini diote, Donibane Garazin: AEK-ko ordezkariek adierazpena egin dute bertan, euskararen doako ezagutza bermatzeko urratsa eman dezaten eskatuz instituzioei. Dei egin diete bide-orri bat osatzera eta neurriak ezartzera, eta azpimarra egin diote elkarlanari: “Proposamen eta bide ezberdinak ezagutzen ditugu (UEMA, Euskarabidea, EEP, HPS, udalak, Kontseilua...). Elkar gaitezen eta osa dezagun, elkarlanean, eta berandu baino lehen”.

Euskararen normalizazio-prozesua azkartzeko garaia dela ohartaraziz euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa aldarrikatu dute: "Euskal Herriko herritar guztiontzat eta doakoa". Hain zuzen ere, euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzeko ezinbestekotzat jotzen dute ezagutza bermatzea. Horretan administrazioek egiteko berezia dutela nabarmendu dute adierazpenean, eta konpromisoetatik ekintzetara igarotzeko ezinbesteko giltza direla. Orain arteko aurrerapausoak esanguratsuak izan arren aurrerapauso handiagoak galdegin ditu AEK-k, hiztunen arteko desorekarekin eta desberdinkeriarekin amaitzeko eskatuz.

Euskarari prestigioa eman eta euskara lehenetsiko duten politikak abian jartzeko eskatu diete Euskal Herriko administrazio nagusiei. Hezkuntza-sisteman, helduen euskalduntzean eta hizkuntza-transmisioan eta -sozializazioan arreta jartzea beharrezkoa dela azpimarratu dute, horiek baitira euskararen ezagutza unibertsalizatzeko iturriak eta baldintzak.

Nafarroa Beherean izanik, esfortzu berezia eskatu diete Ipar Euskal Herriko instituzio publikoei: EEPri eta Euskal Elkargoari dei egin diete diru-laguntzak ematera doako helduen alfabetatzea bermatzeko, besteak beste. “Euskara ofiziala ez izanagatik ere, euskara ikasi nahi duen ororentzat eskubide gauzagarria izan dadin”, irakurri du Alizia Iribarren AEK-ko Koordinatzaile Nagusiak.

Bertaratutakoez gain, adierazpena izenpetu dute ondorengoek: BATUZ Euskaltegi Elkartea, AEK, Juan Mateo Zabala Euskaltegia, Gabriel Aresti Euskaltegia, Errioxako IKA, Bai&By, Gotzon Garitaonaindia euskaltegia, HEGOALDE euskaltegia, Bilbo Zaharra euskaltegia eta Maizpide. Adierazpenaren ostean lekukoa eraman dute AEK-k eta euskaltegiek, HitzEkin leloari jarraiki, hitzetatik ekintzetara urratsa emateko beharra nabarmentzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Korrika
2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Eguneraketa berriak daude