Euskal hezkuntza zerbitzua, tarteko helmuga

Euskararen erabilera gainbehera, kultur transmisioa ez da bermatzen, segregazioa areagotzen ari da, estatuen kontrola, autonomia falta, eskola publikoa ahulduta daukate, proiektu pribatu oro kontzertatzen da, eta abar. Eta zer egingo dugu? Madril eta Parisi soluzio bat eskatu? Begira gelditu? Euskal Estatua lortu arte itxaron? Pentsatu ere ez. Beharrezkoa da Euskal Eskola Publiko Bateratura bidean pausu kualitatibo bat ematea eta bide horretan, Eskola Publikoa eta Ikastolak onuradun izatea.

Orain dela hamasei urte Hezkuntzako dozenaka erreferentek sinatu genuen mugarria izan zen Oinarrizko Hezkuntza Akordioa. Sustatzaile nagusiak Hik Hasi mugimendu pedagogikoa eta euskal hezkuntzari horrenbeste eman dion Joxe Mari Auzmendi izan ziren. Gogora ekarri nahi dugu akordio hura, gaurkotasun handikoa iruditzen baitzaigu: “Hezkuntza publikoa herrien eta herritar guztien garapenerako beharrak asetzen dituen hezkuntza izango da, aukera berdintasunean eskubide guztiak ziurtatuko dituen kalitatezko zerbitzua”. Beraz, akordio hartan publikoa=eskubideak bermatzen dituen eskola dela aldarrikatzen zen. Eskubide horien zerrenda Nazio Batuen Hezkuntza Itunean oinarritua dago, hortaz, Giza Eskubide Unibertsalak dira, tokian toki gauzatu beharrekoak. Eta zeintzuk dira bada, ikastetxe batek publiko izateko bermatu behar dituen eskubideak? Tokiko hizkuntza eta kulturaren ezagutza bermatzea, gure kasuan euskara eta euskal kultura; ikasle guztiek aukera berdintasunean kalitatezko hezkuntza jasotzeko eskubidea: “hezkidetza, inklusioa, bazterketarik eza, parte hartzea, autonomia” bezalakoak aipatzen zituen dokumentuak.

"Garrantzitsua da hurrengo aste eta hilabeteotan EAErako Hezkuntza Legeak Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren ideia zuzen eta zehatz jasotzeko ahalegina egitea"

Hemen dago bigarren gakoa, hitzez hitz orain dela hamasei urteko adierazpenetik ekarria: “Euskal hezkuntza zerbitzu publikoa gauzatzeko botere publikoei eta herritarrei (hezkuntza komunitateari) dagozkien eskumenak zehaztu eta banatu egin beharko lirateke. Finantziazioak eta kontrolak, berriz, publikoak izan beharko lukete. Beraz, hezkuntza publikoaren gestioak eraginkorra, gardena eta jarraipen soziala duena izan beharko luke”. Horitutako orriei hautsa kentzea lortu dugu. Gaur, Eusko Jaurlaritzak Euskal Hezkuntza Zerbitzua proposatu du, izena orain dela hamasei urteko Oinarrizko Hezkuntza Akordiotik hartuz. Baina gakoa ez dago izenean, izanean baizik. Gure uste apalean, Euskal Hezkuntza Zerbitzua hezkuntza sistema berriaren oinarria, zutoin nagusia, zubia eta txapela izan daiteke. Hezkuntza Legeak, Hezkuntza Akordioaren letra eta espirituari jarraituz gero, potentziala izan dezake dena aldatzeko.

EAEko Hezkuntza Akordioak, apirilean eskuin muturreko alderdiek ez beste guztiek sinatuaren arabera, Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren parte izango lirateke, eskubide eta obligazio zehatzak ongi betetzen dituzten ikastetxeak. Zein eskubide eta zein bete behar? Euskalduntzea, euskal kulturaren transmisioa, segregazioari aurre egitea, aniztasuna, inklusioa, doakotasuna, autonomia... Hau da, gutxi gorabehera, orain dela hamasei urte hezkuntzako norbanakoek sinatu genuen Hezkuntza Akordioan definitutakoa. Are eta gehiago, eskubide-betebehar horiek bermatzen dituzten ikastetxeak, Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren kide izanik, finantziazio aski izango lukete beraien hezkuntza proiektua garatzeko. Gainera, akordioak diru publikoaren kontrol zorrotzerako mekanismoak zehaztea eskatzen du.

Zergatik da eraldatzailea alderdi politikoek lortutako akordioa arlo honetan? Zerbitzuaren parte izango liratekeen ikastetxeak eskubide eta betebeharrez berdindu eta espazio bera konpartituko luketelako. Abiapuntu berri honetatik, askoz errazagoa litzateke Euskal Eskola Publikoa eratzeko beharrezkoa izango den konfluentzia edo Ikastetxe Publiko, Ikastola eta bokazio publikoa duten bestelako ikastetxeen arteko bateratzea. Hau da, trantsizio prozesu baten pausu kualitatiboa izango litzateke, bateratze handi baten bidean, publikoaren esparrua adostasunez zabaltzeko urrezko aukera.

Zoritxarrez, urrian EAEko Gobernuak aurkeztutako Lege Zirriborroan, txapel hori bururik gabe, oinarri gabe, eduki gabe ageri da, duen potentziala zapuztuta. Horregatik iruditzen zaigu garrantzitsua hurrengo aste eta hilabeteotan EAErako Hezkuntza Legeak Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren ideia zuzen eta zehatz jasotzeko ahalegina egitea. Kontziente gara baita ere legea ez dela Euskal Herri osorako eta gainera, burujabetzarik gabe, ezinezkoa izango dela helmugaraino iristea. Baina bidea oinez egiten denez, jantzi oinetakoak eta aurrera.

 

Blanka Martínez de San Vicente, Galder Sierra eta Jon Urrusolo Oinarrizko Hezkuntza Akordioaren sustatzaileak dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko Hezkuntza Legea
Eraikuntza nazionala

Hezkuntza Lege berria, adostasunetik jaio behar zena, haserrean eta desakordioan onartu da. Publiko-pribatu auziak eta hizkuntza ereduek eragin dute akordio falta. Pena handia.

Horretan Espainiako ereduari jarraitzen diogu, EAEn ez garelako gai oinarri amankomun batzuk jarri... [+]


EHEko kideak legebiltzarreko atarira kateatzen saiatu dira, Hezkuntza Legea salatzeko

Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egin dute protesta Euskal Herrian Euskarazeko kideek, “iraungita” dagoen Hezkuntza Legearen onarpena salatzeko. Goizeko 9:00etan elkarretaratzea burutu dute eta bi kide Legebiltzarreko atera kateatzen saiatu dira.


Oposizio guztia aurka duen Hezkuntza Legea onartu dute EAJ-PSEk

Iritsi da eguna: Eusko Legebiltzarrean ostegun goiz honetan onartu da soilik EAJ eta PSEk babesten duten Hezkuntza Legea. Legebiltzar atarian, Euskal Eskola Publikoaz Harrok eta Euskal Herrian Euskarazek protestak egin dituzte. Duela hogeita hamar urte onartu zen azken hezkuntza... [+]


Eguneraketa berriak daude