Europar Batasunetik ateratzea erabaki du Erresuma Batuak ostegunean egin zuen erreferendumean. Boto emaileen %51,9k ateratzearen alde egin du eta EBn %48,1ek geratzearen alde. Brexit-aren aldekoek 1,2 milioi boto gehiago atera dituzte. Partehartzea %72,2koa izan da.
Eskozia eta Ipar Irlandako herritarren EBn geratzearen alde egin dute eta SNP alderdiak iragarri du jada Eskoziaren independentziaren aldeko beste erreferendum bat deituko dutela.
Aukera hor zegoen, baina oro har, baietzak ezustean harrapatu du Europako Batasuna. Ateratzea ez da automatikoa izango eta bi urteko epea izango da hau ordenaz egin ahal izateko.
Erreakzio gisa, Europako burtsak erortzen ari dira; iragarpenek diote %11ra arte erori daitezkeela. Asiako burtsek ere beherakada izan dute. Librak ere bere historiako erorketa handienetakoa izan du eta 1985ean zuen baliora itzuli da. Euroa ere erortzen ari da eta dagoeneko 1,10 dolarretik behera egin du.
Sky News kateari egindako deklarazioetan Tony Blair lehen ministro ohiak laboristen gaurko buru Jeremy Corbyni aurpegiratu dio ez duela aski indarrez lan egin Britainia Handia Europar Batasunaren barruan gelditzearen alde, ez dituela laborista bozkatu ohi duten herritarrak nahikoa mobilizatu ulertu zezaten Brexitaren benetako funtsa.
Kezkatuta dagoelako Galesek lanpostu asko galdu ditzakeela eta, Galesek negoziaketa mahaian egon behar duela esan du.
Ipar Irlandako gehiengoak (%54) Europar Batasun barruan jarraitzearen aldeko botoa emanda baina Britainia Handiak osotasunean irtetea bozkaturik, bi balorazio arras kontrajarriak erreferendumaren ostean egin dituztenak Belfasteko gobernutik.
Arlene Foster lehen ministroa (unionista) pozik agertu da britainiarrak Europar Batasunatik irtengo direlako. Aldiz, lehen ministro ordea den Martin McGuinessek (Sinn Fein) emaitza deitoratzeaz gain iradoki du Ipar eta Hego Irlanda osoaren arteko bozketa bat Europan jarraitzeari buruz.

Azken hamarkadotako paniko unerik urduritsuena bizi izan da Londresko burtsan ostiral goizean, Europar Batasunatik ateratzeko botoak nagusitu ostean. FTSE 100 indizea %8ko jaitsierarekin abiatu zen. Ordu eta erdi beranduago, David Cameronek dimitituko duela iragarri ostean, gauzak zerbait baretu dira Londresko finantzen merkatuan. Ingalaterrako Bankuko buru Mark Carneyk adierazpen ofizial bat egin du egoera berria kontrolpean daukala, beharrezko neurri guztiak hartuta zeudela aurretik.

BBC Scotland irratiari egindako deklarazioetan adierazi du Alex Salmondek erreferendumaren emaitzak errotik aldatzen duela Eskozial Britainia Handian daukan leku konstituzionala. Eskozian irabazi dute Europar Batasunean segitzearen aldeko botoek. Nicola Sturgeon liderrak gaur goizean zehaztuko du bere posizioa.
