HSA Habitat Sud Atlantic eta Office 64 Etxebizitza Publikoaren Pirinio Atlantikoetako Bulegoan burutu berri diren hauteskundeetan lehen indarra atera da etxebizitza eskubidearen alde borrokatzen den Alda kolektiboa. Alta, erabaki guneetatik baztertua izan da, bulegoan eta Caleol izeneko bizitegien adjudikazio batzordean ez diotelako aulkirik bideratu. Auzia konpondu nahian, HSAren zuzendari eta lehendakariarekin bildu da Aldaren ordezkaritza abenduaren 21 honetan.
Oroit gara etxebizitza sozialen esparruko bi egituretarako hauteskundeetara aurkeztu eta lehen indarra atera dela Alda mugimendua: Habitat Sud Atlantic erakundean bozen %52,76 eskuraturik, bost hautetsitatik hiru lortu zituen, eta Office 64 egituran ere lehen atera zen, bozen %39,14 eskuraturik. Emaitzak pozgarriak izan zitzaizkien, hain justu, kolektibo gazte-gaztea delako –2020an sortua– eta lehen aldikoz aurkezten zirelako bozketetara. Baina badirudi orain arteko kudeatzaileek ez dituztela gogoko: bozen biharamunean, egitura horietako beste bi batzarretan lekua lortzeko aurkeztu ziren Aldako hautetsiak –bulegora eta Caleol bizitegien adjudikazio batzordera–; baina bizkarra erakutsi eta administrazio kontseiluek gutxiengoan diren zerrendetako hautetsiak izendatu dituzte. "Eskandalu demokratikoa" salatu du etxebizitza eskubidearen aldeko taldeak.
Bazterketa hori salatzeko prentsaurrekoa egin dute abenduaren 20an Office 64aren egoitzaren aitzinean. Berez, legeak ez du behartzen gehiengoan dagoenari bideratzea aulkia, baina bozkatzaileek sostengua erakutsirik, Aldako kideei iduritzen zaie hor egon beharra daukatela. Horren alde borrokan segituko dutela argi utzi dute. Batzorde horietan hautatuak izan diren hautetsiei dimisioa aurkezteko galdetu diete, bozketa berri bat bideratzeko, "alokatzaileen bozen araberako hautaketa egiteko".
Auzia konpondu nahian, HSAren zuzendari eta lehendakariarekin bildu da Aldaren ordezkaritza abenduaren 21 honetan. Bilera giro "lasai eta adeitsuan" egin dela zehaztu du kolektiboak. Alokatzaileen beste elkarteen eta Aldaren arteko bilera bat proposatu du zuzendaritzak, eta "elkarrizketarako irekiak" direla erranik, ez dio ezezkoa erantzun parekoak.
Karrikan ere egon nahi du mugimenduak eta horri tiraka 2023ko apirilaren 1erako Herrian Bizi plataformak antolatu manifestazioan parte hartuko du.
2020ko udazkenean sortu zuten Alda mugimendua langile auzoetako herritarren behar eta nahiei erantzuteko, baina laster zentratu ziren etxebizitza eskubidearen aldeko borrokan, beharra horretan sendi zutelako. Bakarrik bi urte baldin baditu ere, izena eta izana badauzka Aldak. Orain arte, karrikara ateraz, ekintza bidez edota herritarrak banan-banan lagunduz –357 herritar edo familia 2022an– aritu bada etxebizitza eskubidearen alde lanean, urrats bat gehiago eman berri du: etxebizitza sozialen esparruko hauteskundeetarako aurkeztu. Pauso emankorra hori ere, lehen indarra atera delako.