Eten ezin den hegaldia

  • Txapelketa Nagusiaren lehen saioa jokatu zen larunbatean Baigorrin. Bertsolari hauek puntuaketa hau eskuratu zuten: Alaia Martin (712 puntu), Aimar Karrika (651,5), Beñat Ugartetxea (631,5), Ander Lizarralde (627), Mikel Artola (620) eta Xabi Maia (598,5). Hona hemen kronika.


2017ko irailaren 25an - 13:02

Euskal Herritik kanpoko hainbat artistari entzun izan diot euskaldunak ez duela txaloa debalde jotzen, publiko zaila izaten dela, hotza; behin publikoa irabazita ordea, fidela dela oso, dagoen beroena, eta hori ondo dakigu txapelketan. Baigorriko ezker paretan, sintonia berria entzun eta lehenengo bertsolariak aretoa zapalduarekin bat, txapelketako txalogintza “ON moduan” jarri eta bertaratutako 600 lagunek oraindik ikusi gabeko ikuskizuna goratu genuen bero, nolabait, sei horiek egitera zihoazena aldez aurretik balioan jarriz-edo. Eta ez ginen damutu, puntuak puntu, seien artean eman baitziguten txapelketaren gorputzaldia bertaratutakooi.

Zortziko handian hasi zen saio puntuagarria eta hortxe nabaritu genuen txapelketaren zera hori, nabaritu egiten duzunean “hau izan da ona” eta txalo bidez bertsoaren balioa (eta zure epailetasunarena) berresten duzunean. Hain zuzen, Alaia Martinen lehen bertsoarekin ohartu ginen hortxe hasi zuela hegaldia eta kolpatu ezean, metro batzuk goitik arituko zitzaigula kantuan. Eta e, hau ez dut nik esan, izan ere, oholtzako sei bertsolariez gain, hurrengo asteetan kantatu behar duten hamabi kontatu bainituen bertan, txapelketari tenperatura hartzen, nota mentalak hartzen (badakizue nolakoak diren). Hala, bertso munduko bi eminentziei entzun nien “zorteko izango ginela larunbatean entzun genituen bertsoetako batzuk BEC-en entzuteko aukera izango bagenu”. Ojo.

Zortziko txikia etorri bezala joan zen, ariketak berezko duen barrerako kolpe batzuekin, eta aurrera. Puntu-erantzunetaz ez dut ezer esango (eta ohitu zaitezte), ez dut eta ariketa hau batere maite. Beraz, hamarreko txikiarekin berriz egin zuen gora saioak. Hor Martinek, dagoeneko zapelatz itxuraz, saio hasierako hegaldiari bigarren igoaldia eman zion kartzela aurretik, hain zuzen, Laboari erreferentzian “Mila esker hegoak ez mozteagatik” horrekin. Baina nola moztu, dagoeneko?

Kartzelako gaiaren misterioa argitu genuen Mikel Artolarekin batera “Komisaldegitik deitu dizute, agertu dela erranez” entzun genuenean. Gustatu egin zitzaien nire ingurukoei (ez dira edozein, e? Nota mentalak hartzen dituzten horietakoak dira), bazuela mamia, irekiera justua… Eta sorta onak utzi zituen, esaterako, jasotako puntuen gainetik ibili zela iruditu zitzaidan Ander Lizarralde, eta bigarren egin zuen Karrika.

Ezin amaitu batzuei gorputzaldi ez hain ona utzi zien bertso eta esaldi batzuk aipatu gabe. Delikatua omen da marra gorriena, “pertsonala” batzuentzat, edonola, oraindik aurretik dugun saio mordoa ikusita, bertsolariei eta epaileei karga kendu eta entzuleon ardurari ere erreparatu behar genioke, hots, zeri egiten diogun barre eta zeri txalo. Zilegitasuna ere geuk ematen baitiogu hainbat gauzari.

Edonola, hasi da txapelketaren hegaldia, eta berandu da jada hegoak inon ezkutatzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari txapelketa 2017
Beltza nagusi

Begirazun zorrotzez ebaki zuen hitz bakoitza Maialen Lujanbiok, eta larrurik beltzenei jarri zien ahotsa euskal plaza entzutetsuenean: amabakarra, prostituta, yonkia izatea hautatu zuen eta subjektu hauen bizitzetara eraman gintuen, erru, erruki zein epai moraletatik urrun... [+]


2017-12-24 | Kattalin Miner
Bazterren aroa, behingoz

Oraindik BECekoa liseritu baino, irentsi beharrean nago. Zer nolako finala eman digun zortzikoteak! Hasi eta buka. Bejondeizuela eta eskerrik asko, egun paregabea biziarazi diguzue!

Beraz bai, pozik nago, oso pozik txapelketak utzitako gazi-gozoak kendu ditudalako... [+]


2017-12-18 | Dani Blanco
Finaleko argazki galeria

Abenduaren 17an Barakaldoko BECen jokatu zen finala, Dani Blancoren iruditan.


Eguneraketa berriak daude