ETB

"ETB1 alde batera utzi dute ETB2ren mesedetan"

  • Astelehen honetan eman genuen notizia: ETB1ek aldaketa behar duela eskatzeko sinadura-bilketa abiatu dute Change.org plataformaren bidez. Ekimenak oso denbora gutxian ia 1.500 lagunen atxikimendua jaso du, baita sare sozialetan euskarazko telebistaren egoerari buruzko debatea piztu ere. Ibaiekin eta Ikerrekin hitz egin dugu e-posta bidez: 24 eta 25 urteko Iruñeko bi gazte hauek dira sinadura-bilketaren bultzatzaileak..


2020ko maiatzaren 07an - 10:10
EITBren Bilboko Egoitza (argazkia: Basotxerri).

Sinadura-bilketaren testua irakurrita ulertu dudanez, ETB1en hilabete honetako audientzia datu txarrak bultzatuta jarri duzue martxan ekimena. Ez zenuten espero euskarazko kateak hain audientzia txikia edukitzea?

Aspalditik sumatzen genuen ETB1ek izandako beherakada, bai gure etxeetan, senideen artean, baita lagun arteko elkarrizketetan ere. Programazioaren kalitatearen gainbehera ere bistan zegoen, beraz susmoak bagenituen.

Behin kezka sortuta, datuak begiratu genituen susmo horiek ziurtatuz. Hori bai, aitortu beharra dugu testua idazteko pizgarria 13TV kateak ETB1ek baino ikusle gehiago biltzea izan zela. Onartezina.

Elkarrizketa hau argitaratu dugun unean ia 1.500 lagunek sinatu dute eta ez da denbora asko pasa ekimena martxan jarri zenutenetik. Espero zenuten horrelako erreakziorik?

Ez, ez genuen inolaz ere halako oihartzuna lortzerik espero. Egia da testuan adierazitako kezkak eta sentsazioak gutaz gain euskaldun askok eta askok sentitzen zituztela argi genuela, eta zentzu honetan jendearen erantzunak ziurtatu egin digu. Baina testua haiengana helaraztea eta sinadurak lortzea beste kontu bat zen, ez baita erraza.

Gainera, badakigu badela idazkian esaten den guztiarekin ados ez dagoen jendea, eta nahiz eta eurek testua sinatu ez, kontuan izan behar dira. Beraz, ETBrekiko dagoen atsekabea sinaduren kopurua baino askoz ere handiagoa dela argi izan behar dugu. 

Orduan, sinaduren inguruan, ez, ez genuen hainbesterako erreakzioa espero, baina bai, jendeak egindako hausnarketari erantzuna emanen ziola pentsatzen genuen, agian ez esparru publikoan, baina bai eremu pribatuan, lagun eta senide artean.

Txikitan ETB1ek ikus-entzule gisa asetzen zintuzten, orain aldiz ez. Zer aldatu da zuen ustez bitarte horretan?

Gaur egungo gazte euskaldun askoren haurtzaroan ETB1ek garrantzi handia izan du. Aisialdi denboran telebista pizterakoan ez genuen beste inon bilatu behar, euskal telebistak kalitatezko edukia eskaintzen baitzigun. Hazi ahala lotura horrek jarraitasuna izan zuen hasiera batean, baina urteak pasa ahala galdu egin da. Arrazoiak hamaika izan daitezke, eta noski guztiak ez dira telebistaren ardura. Izan ere, testuan aipatu bezala, aldaketa handiak egon dira azken urteotan, batez ere entretenimenduaren kontsumo moten artean, egungo telebista ez baita soilik egongelako kaxa (edo xafla gaur egun), mugikorrean, ordenagailuan… edonon aurki dezakegu. Aukera gehiago egonda, ulertzekoa da betiko telebistaren beherakada orokorrean, batez ere gazteriaren artean, gauza eta eduki berrien bila ibili baikara.

Dena den, honek ez du esan nahi aitzakia baliatuz ETB1eko zuzendaritzaren eta erabakiak hartzen dituzten horien utzikeria justifikaturik dagoenik, izan ere, askoz ere gehiago egin dezakete gure telebistaren alde, baina bistakoa da nahiago dutela beste katearen alde apustua egin. Horregatik, euskaldunok erantzuna eman behar dugu berandu izan baino lehen.

Euskarazko kateari “eskaintza erakargarria” falta zaiola diozue. Nolako programak sumatzen dituzue faltan ikusle gisa?

Ikusle gisa programa asko datozkigu burura. Estiloari dagokionez, beti faltan sumatu dugu umore saio on bat, bere garaian Wazemank izan zen bezalakoa, heldu eta gazteek ikustekoa, nahiz eta jakin badakigun, horrelako maila itzela berdintzea oso zaila litzatekeela gaur egun.

ETBk ekoiztutako telesail originalen beharra badagoela ere uste dugu, horren adibide, denok gogoan daukagun Goenkalez gain, Pilotari telesaila, Aitaren Etxea, Martin edo Ihesaldia izan daitezke, besteak beste.

Lehiaketen aldeko apustua egitea izan liteke beste aukeretako bat. Gainontzeko kate askotan, hauek eguneko programazioaren oinarria osatzen dute, eta ETB1ek antzeko lehiaketa bat izatea primerakoa litzateke, euskal kultura eta hizkuntza oinarri edukita. Bazkalostean zehar, edo afal ordua baino lehen, albistegi lehiakor baten ikusleak aprobetxatuz, adibidez.

Lagun artean askotan aipatu dugun beste kontu bat El Conquistador del Fin del Mundo bezalako saio erakargarri bat euskaraz egitea litzateke. Hala ere, horren inguruan askotan azaldu zaigun hausnarketa izan da, ea zergatik ez den saio hori zuzenean euskaraz egin, kontuan hartuta bai aurkezlea eta bai partaide gehienak euskaldunak direla. ETBko gaztelaniazko katea gehiegi indartu nahi izan dute, euskarazkoaren kaltetan, eta saio arrakastatsu hau horren eredu argia da.

Azken finean, argi dago telebistan lan egiten dutenek guk baino hobe jakingo dutela gai honi buruz, baina argi dagoena da (jendeak ere hala adierazi du) eskaintzen diren eduki gehienen maila nahiko baxua dela eta zentzu horretan hobekuntza premiazkoa dela.

Euskara “edonolako interes politikoen gainetik” kokatu behar dela diozue. Zuen ustez horrelako interesengatik indartu da ETB2 gaztelaniazko katea, euskarazkoaren kaltetan?

Argi eta garbi. Testuan adierazten dugun moduan, ETB1 alde batera utzi dute ETB2ren mesedetan, bi kateetako programen aurrekontuak begiratzea besterik ez da behar horretaz ohartzeko, eta atzean interes politikoak badirela ez dugu uste inork zalantzan jarriko lukeenik. Kazetari batek egindako aldarrikapen bilketa sakon batean adierazten diren kontu ezberdinen harira, aurreko galderan egindako El Conquistador del fin del mundo saioari egindako erreferentziaz gain, aipa daiteke ETBk gazteleraz euskaraz baino %18 ordu gehiago ekoizten dituela, 2019ko ETBko sei saio garestienetatik bost zirela gaztelaniaz eta bakarra euskaraz, ETB2ko larunbat gauetan Cine de Éxito saioa eta bitartean kate euskaldunean Oholtzan saioa rantxera eta dantza txapelketekin...

Oso esanguratsua da baita ere, gaur egun pil-pilean dagoen Itziar Ituño aktoreak ARGIAri egindako aldarrikapena: “ETB1 helburu batekin sortu eta ez du inola ere bete. Gazteek fikzioa eskura dute gaztelaniaz... Zaila da horrekin lehiatzea. Baina saiatu ere ez egitea lotsagarria da. Lehen, ez bazen ekoizten, bikoiztu egiten zen. Orain, hori ere ez. (...) Madrilera joan nintzen lan egiteko aukerarik ez nuelako Euskal Herrian”.

Bikoizketez ere hitz egin duzue sinadurak eskatzen dituzuen testuan. Zer iritzi duzue beraien lan-baldintzak hobetzeko eskatuz duela urte eta erdi baino gehiagotik greban dauden bikoiztaileez?

Lehenik eta behin, idazkian ongi islatu ez omen den kontu bat argitu nahi genuke: euskara batuari aipamena egitean, kritika ez doa euskara batuaren aurka, baizik eta erabilitako erregistroaren kontra. Gure iritziz, euskarazko bikoizketan, gazteei bideratutako edukiei dagokienez, erregistroa gazteen hizkerara hurbiltzea falta da. Errealitatean, hizkera hiztunen arteko egoerara moldatzen da, ez baita erregistro eta forma bera erabiltzen lagun artean edo ikastetxe edota lanpostuan. Gure aipamena horren harira zetorren.

Bikoizlarien egoerari dagokionez, ulertzen dugu euren egoera latza dela, ETBk egindako erabaki eta kudeaketaren ondorioak zuzenki jasaten baitituzte. Euskaldunontzat kalitatezko euskal telebista bat eskatzen dugun heinean, ezin ahaztu proiektu horren atzean pertsonak daudela, eta beharrezko baldintzetan egon ezean, helburua lortzeko aukerarik ez dela izanen. Gainera, euskal bikoizketa funtsezkoa da, gurea bezalako hizkuntza minoritario batek telebista eta zinema aretoetan presentzia izan dezan. Atsekabez ikusten dugu egungo egoera, bai langileen ikuspuntutik, eta baita, ondorio gisa, horrek euskal edukiaren hedapenari eragiten dion kaltearen aldetik ere.

Gaur egungo ikusleengan pentsatzea ere eskatzen duzue. ETB1 ez da egokitu aro digitalera euskaldunak bezainbeste?

Esan nahi duguna da iraganean ikuslearekiko zuen hurbiltasun hori faltan sumatzen dugula. Agian duela urte batzuk gurekin lotura hori ezartzen jakin izan zuen bezala, aro berri honetan ez du konexio hori lortu. Salbuespenak badira, noski, baina orokorrean, gure egunerokotasunean ETB1eko eskaintzan aurki ditzakegun edukiak ez dira hizpide izaten. Euskal gizarteak aurrera egin izan arren, ETB1ek betiko apustu bera mantendu du, euren ustetan apustu ziurra; ikusle-datuek diotenaren arabera ez, ordea.

Idazkian aipatzen den bezala, berritu ala hil, baina bigarren aukera onartezina da guretzat, euskara kaltetuko lukeelako. Galderak dioen bezala, aro digital honetara egokitzea erabat beharrezkoa da hizkuntzak iraun dezan, eta hori ez da soilik arlo akademikoaren bidetik lortuko, ezin dugu euskara ikasketen arlora mugatu.

Sinadura bilketaz gain beste ekimenen bat martxan jartzeko asmorik baduzue?

Gure helburua hausnarketa piztea zen, bai gizartean, baita erabakiak hartu beharko lituzketen horiengan ere bai, eta horregatik sinadura bilketa martxan jartzea eta Twitter bidez zabaltzea otu zitzaigun, ikusgaitasuna ematearren. Eta uste dugu lortu dugula edo hurbildu garela behintzat.

Azken finean bi gazte besterik ez gara, eta argi dago egoerari buelta ez diogula guk emango. Olatuaren hasiera izan gara, baina ez litzateke eten beharko. Guk egindako idatzia lagun giroko elkarrizketa askotatik jaio da, eta uste genuen aukera polita geneukala gure iritzia plazaratu eta gaiaren inguruko eztabaida piztu eta sustatzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ETB
ETBk 40 urte
Ardatz bertikala, erabakien adierazle

40 urte bete ditu euskal telebistak, eta 40 urteko ibilian goitik behera aldatu dira gauzak: telebista konbentzionala etxe batzuetan egotetik, guztietan presentzia hartzera pasatu da; baina egun, ikus-entzunezkoak nahieran ikusteko gehiago baliatzen da telebista,... [+]


2024-03-21 | Euskal Irratiak
Urtzi Urkizu
"Susmoa dut gizartearen parte handi batean badagoela kezka ETB-rekin"

Berrian lan egiten duen kazetariak, Euskal Telebistaz liburua idatzi berri du Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero. Galdera batekin abiatzen du liburua kazetariak: 40 urte bete dituen Euskal Telebistak behar den gisan arrapostu ematen al dio euskal jendartearen egungo... [+]


2023-10-22 | Lander Arretxea
Unai Iparragirre, ETBko zuzendaria
"Euskara ulertzen ez dutenak ere ETBren unibertsoan nahi ditut"

2021az geroztik, ETBko zuzendaria da Unai Iparragirre. Telebista kateetako edukien ardura da berea, baina baita plazaratu berri duten Primeran plataformarena ere. Jaiotza horren aitzakian hartu gaitu Bilboko egoitzan duen bulegoan.


Eguneraketa berriak daude