Eskubideak prostituzioan

  • Eredu suediarrak eskubideak eta babes soziala eskaintzen dizkio prostituzioan dabilenari, baina haren zerbitzuak erostea kriminalizatu egiten du. Ondorioz, herrialde erregulazionisten kontrara, prostituzioak eta pertsonen salerosketak behera egitea lortu dute bertan.

(Argazkia: Ione Arzoz)

2020ko otsailaren 11n - 09:35

Euskal Herriko Mugimendu Feministak prostituzioa aztertzeko eztabaida sakon eta lasai baten beharra adierazi du, abolizionisten eta erregulazionisten arteko tentsioa gaindituko duena. Kanpora begira, zenbait herrialdek berriki prostituzioaren gainean darabilten politika birpentsatu, eta suediar ereduaren alde egin dute (beste batzuek “neoabolizionismoa” deitzen dutena). Besteak beste, Kanadak, Islandiak, Irlandak eta Norvegiak hartu dute eredu hori ezartzeko erabakia. Frantziako estatuak ekarri zuen neoabolizionismoa gurera, 2016ean Ipar Euskal Herrian ezarri zuenean. Hona hemen eredu horren oinarriak.

Salmentaren legalizazioa: eskubideak

Ukaezina da prostituzioaren eskaintza gehien bat emakumeek osatzen dutela. Gainera, talde diskriminaturen baten parte izateak prostituitzeko aukerak biderkatzen ditu. Etorkinak, umeak, LGTBI kolektiboko kideak eta indigenak nagusitzen dira merkatuan. Datu pare bat: estimazioen arabera, mundu mailan prostituzioan dabiltzanen %75 13-25 urte bitarteko neskak dira, eta, esaterako, Frantziako estatuan, %93 migratzaileak.

“Emakumeen aurkako indarkeria praktikatzeko espazio bat da prostituzioa”

Talde horien egoera zaurgarriak gogoan izanda, neoabolizionismoak prostitutei gainerako langileei dagozkien eskubideak aitortzen dizkie. Prostitutek autonomo gisa lan egin dezakete, eta prozesu administratiboetarako laguntza gehigarri bat eskaintzen zaie: osasun zerbitzuak, salaketak, ogibide alternatiboak... Bereziki puntu horretan denok etor gaitezke bat. Estatu prohibizionistari kritika: justifikaezina da zuk mantentzen duzun sistema arazotsuaren ondoriorik latzenak ordaintzen dituztenak zigortzea, bizirauteko ezinbesteko dutena egiteagatik. Oinarria argi dago: babes soziala eta eskubideak.

Kontsumoa ilegalizatzea

Kezkagarria da puteroari buruz dagoen hausnarketa urria, eskaria baita edozein komertzio sostengatzen duena. Eskaririk gabe ez legoke eskaintzarik, eta hura aztertu gabe ez dakigu zertaz ari garen. Zenbait ikerketen arabera, eskari hori gizon misoginoek osatzen dute gehienbat, emakumeenganako enpatia falta eta hauei gizatasuna erauzteko joera bereizgarri nagusi dituztenak. Beren segurtasun falta emakumeen degradazioan eta umiliazioan baretzen dute. Labur esanda eta oro har, bezeroentzat emakumeen aurkako indarkeria (nagusiki sexuala) praktikatzeko espazio bat da prostituzioa. Gizon horietako asko pornoan inspiratzen direnez, geroz eta praktika bortitz eta arriskutsuagoak exijitzen dituzte, eta baita geroz eta neska gazteagoak ere. Haien eskuetan, prostituta gehienak fisikoki erasotuak izan dira, armekin mehatxatuak, jipoituak, bahituak eta bortxatuak. Adibidez, Kanadan, prostituten heriotza-tasa bataz besteko nazionala baino berrogei bider altuagoa da.

“Prostituzioak torturak eragiten duen Trauma-ondoko Estresaren Nahasmendu berbera eragin dezake”

Horren guztiaren adierazgarri dira emakume prostituta askok pairatzen dituzten ondorio fisiko eta psikologikoak. Fisikoak argi daude, baina psikologikoak agian ez hainbeste: depresioa, inpotentzia, somatizazioa, izaeraren eta jokaeraren nahasmendua, droga-menpekotasuna, suizidio-tasa altuak eta abar. Horietaz gain, disoziazioa da bereziki deigarria. Anestesia emozional bat da hori: errealitateak dakarren estresa jasanezina denean, garunak zure burutik eta gorputzetik bereizten zaitu. Garunaren funtzio batzuk blokeatu, eta zenbait emozio zapaltzen dira: besteak beste, beldurra, nazka eta lotsa; eta sorgortasun zurrun batek ordezten ditu. Azpimarragarria da ere prostituzioak torturak eragiten duen Trauma-ondoko Estresaren Nahasmendu berbera (TOEN) eragin dezakeela, eta eragiten duela.

Harreman sexual bat izateko adostasuna bestearen askatasuna mugatzen duen nagusitasun-egoera batez baliatuz lortzen denean, abusu sexuala da legalki. Baldintza hori putazale eta putaren artean, beti ez bada, oso sarri ematen da. Emakumeen aurkako indarkeria arazo bat da, eta haren abiapuntu eta ondorioak ez dira desagertzen dirua tartean egonagatik. Erasotzailea babestea ezin da erasotuaren eskubideak errespetatzearen aldeko argumentu bat izan. Diru truke, abusu sexualaren aurkako legeari salbuespen bat egitea eskatzen digute erregulazionistek. Hori onartzean, neoliberalismoak aurrera egiten du, eta feminismoak atzera. Ezin da erantzukizuna sakrifikatu eta erasotzaileen inpunitatea indartu.

Langile sexualen, esklaboen eta tarteko guztien elkargunea

Bereizi egin behar ditugu, batetik, prostituzioan borondatez sartu direnak; bestetik, bestelako aukerarik ez eta haien burua behartuta ikusten dutenak; eta, azkenik, esklaboak. Kontuan izan behar dugu haien arteko hierarkia ere: ziur asko, langile sexual ugarik bezero eta praktika batzuei ezetza emateko aukera izango dute. Eta bezero horiek ez dira etxera lotsa-gorrituta itzuliko: ezezkorik emateko aukerarik ez dutenengana joko dute. Kontsumitzaileek ez dute saltzailearen egoerari buruzko interes berezirik, eta aitortu ohi dute berdin zaiela norengandik datorren eskaintza, kontziente izan direla esklaboen zerbitzuak erosi izanaz. Hau da, bezeroek beraiek elkartzen dituzte trata eta langile sexuala, bien zerbitzuak erosten baitituzte era axolagabean. Beste era batera esanda, baietza eman dezakezu langile sexual gisa, baina kontsumitzailearentzat ez da ezinbestekoa zure adostasuna zure gorputzarekiko duen ustezko eskubideaz gozatzeko. Beraz, saltzailea ados egon daiteke, baina hori ez da faktore erabakigarri bat salerosketa gerta dadin. Hori da funtsezko arazoetako bat.

“Kontsumitzailearentzat ez da ezinbestekoa zure adostasuna zure gorputzarekiko duen ustezko eskubideaz gozatzeko”

Ideia horri jarraiki, sexu harremanen (edo indarkeriaren) eskaera onartzeak, ezinbestean, salmenta guztia areagotzen du. Hots, bai langile sexualen kopuruak eta bai esklabo sexualenak ere gora egiten du. Tratak edo pertsonen salerosketak amaitu behar du, guztiok gatoz bat. Baina ezin da hura desagerrarazi kontsumoa legalizatuz, erregulazioaren eredua hartu duten herrialdeetan tratak gora egin baitu. Lotura zuzen hori azpimarratu du Sexual exploitation and prostitution and its impact on gender equality txostenak, Alemania eta Holandaren adibideak berreskuratuz, besteak beste. Biolentzia hori ez da prostituten egoerara mugatzen: prostituzioaren kontsumoa legalizatzeak gainerako emakumeenganako indarkeria ere bultzatzen du.

Bestalde, neoabolizionismoan erosketa zigortzeak bezeroen motibazioa ahultzen duenez, pertsonen salerosketan dabiltzanek ez dituzte herrialde horiek lukratibotzat jotzen, eta tratak behera egiten du, aipatutako txostenak aztertzen duen moduan.  Ez, Suedian ez da trata desagertu, baina Alemanian ez bezala, behera egin du. Gainera, abolizioa denez helburua, emakumeei prostituziotik irteten laguntzeko programa espezializatuak dituzte; eta baita bezeroak sentsibilizatzekoak ere.

“Erregulazioaren eredua hartu duten herrialdeetan tratak gora egin du”
Aipatu beharreko beste puntuetako batzuk

Noski, neoabolizionismoak ez du arazoa erabat konpondu, eta ideia berriek sendotu eta aberastu dezakete. Neurri osagarri asko behar ditu. Hona hemen argi dauden pare bat: hautabide errealak eskaintzea; emakumeak gailentzen diren sektore prekarioetako lan-baldintzak hobetu eta diru-sarrerak kopuru duin batera igotzea, gure gizartean duten oinarrizko eginkizuna aitortuz, behingoz; EAEn eta Nafarroan egun indarrean dagoen Atzerritartasun Lege espainola bertan behera uztea eta abar.

Hala ere, deigarria da abolizionismoari buruz gabiltzanean agertzen den ideia nagusietako bat erlijioarekin duen lotura izatea. Aipatu beharko litzateke Suedia, eredu neoabolizionistaren aitzindari, Munduko Balioen Inkestaren arabera, balio tradizionaletatik urrunen kokatzen den herrialdea dela, eta balio sekularrengandik hurbilen.

Bestalde, eztabaidan agertzen diren zenbait puntuk prostituzioaren indarkeria zuritzeko arriskua dute. Esaterako, garrantzitsua da langile sexualen ahotsak, beharrak, nahiak eta esperientziak entzutea, zalantzarik gabe. Baina ez dute prostituzioaren errealitate zabalena ordezkatzen, eta ezin da beraien bizipenetatik abiatuta, errealitate gordinenari ezikusia egiten dion diskurtso bat garatu. Behintzat kontrastatu ditzagun prostituziotik irten eta bizitako basakerietan oinarrituta, erregulazioaren aurka daudenen bertsioekin. Batzuk aipatzearren: Chelsea Geddes, Rosen Hicher, Alika Kinan, Huschke Mau, Rebecca Mott, Rachel Moran, Tanja Rahm, Sonia Sanchéz eta Amelia Tiganus.

Prostituzioa beste edozein lanekin konparatzeak ere arrisku bera izan dezake. Hain alderagarriak badira, zergatik dabil prostituzioan gehienbat beste aukerarik ez duen jendea? Mamu judu-kristaua deseraikitzeko kapazak izan diren bakarrak direlako, benetan? Edo biziraun behar dutelako baino ez? Dudak dauzkat; ez dakit testuinguru honetan “sexu” hitza erabiltzea zuzena ote den: onartzea ez baita desiratzea, eta askatasun mugatupean onartzen den harreman sexuala ez baita sexua, indarkeria baizik.

“Galdera ez da zergatik onartzen dugun edozer lantzat sexua izan ezik, baizik eta zergatik iruditzen zaigun diruak indarkeria sexuala zilegitu dezakeela”

Erregulazionismoa askatasun sexualari lotzen zaio, eskubideei. Baina ez datoz biak eskutik lotuta derrigorrez: erregulazioak promesten dituen eskubideak maila teoriko hutsean geratzen dira sarri. Esaterako, Holandan prostituten %95k ez du kontraturik izenpetzen, eta Danimarkan zergak ordaintzen dituzte, baina ez dute abantaila sozialik. Erregulazionismopean irabazle direnak ez dira prostitutak ez langile sexualak, putazaleak eta proxenetak baizik.

Horrez gain, erregulazionismoak erlijiotik askatzen den eredutzat du bere burua, baina zuzen-zuzenean erortzen da kapitalismo neoliberalaren putzu hondora. Galdera ez da zergatik onartzen dugun edozer lantzat sexua izan ezik, baizik eta zergatik iruditzen zaigun diruak indarkeria sexuala zilegitu dezakeela. Prostituzioak pertsonen eta produktuen arteko mugak desegiten ditu, eta emakumeen integritate psikologiko eta fisikoa salgai jarri. Gainera, erro patriarkal, pedofilo, arrazista, kolonizatzaile, heteronormatibo, homofobo, transfobo eta abar luze batean oinarritzen da. Hain praktika diskriminatzailea ontzat hartzeak parekidetasunaren aldeko borroka oztopatzen du. Horrela, orain arte izan ditugun adibideak aztertuta behintzat, ezinezkotzat jo behar da erregulaziopean giza eskubideen estandar minimoak errespetatzea, ezta torturaren eta pertsonen salerosketaren aurkako konbentzioak ere.

Feminismoak askatasun sexuala defendatu behar du, baina baita definitu ere, askatasuna indarkeria sexualetik eta esplotaziotik bereizten duten mugak zehaztuz. Erregulazionisten diskurtsoak sexualitate disidente eta askatzaileen espazio gisa aurkezten digu prostituzioa. Baliteke norbaiti normatik at irteteko balio izatea, baina hala balitz, kasu anekdotiko batez ariko ginateke. Denoi dagokigu sexualitate, harreman eta praktika normatibo eta patriarkalekin apurtzeko erantzukizuna. Ezin dugu lanketa hori gizarteko talde zaurgarrienen eskuetan utzi eta esperoan gelditu, ea munduko industria zapaltzaileenetakoa den honek salbatzen gaituen.

Hortaz bai, izango dira nahi dutelako langile sexualak diren emakumeak, baina haien diskurtsoak ez du prostituzioaren errealitate osoa ordezkatzen eta azaltzen. Neoabolizionismoak denoi ematen digu langile sexual izateko eskubidea. Baina ezin da trata eta emakumeen aurkako indarkeria areagotuko dituen neurririk hartu, soilik haien negozioak funtziona dezan. Hori ez da eskubide bat.

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#2
Zigor Olabarria Oleaga
#3
Estitxu Eizagirre
#4
Gorka Bereziartua
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prostituzioa
Carolina Clemente, sexu langilea
"Puta estigma emakume guztiok kontrolatzeko dispositibo bat da"

Ogibidea eta izatea bereizi ezin bizi da Carolina Clemente (Bartzelona, 1985). Sexu langilea da, eta duela hiru urte Donostiara etorri zen lanera eta bizitzera: «Euskaldunok duzuen indarra gustatzen zait, antolatzeko eta protestarako. Nire estigma borrokatzeko inspirazio... [+]


Bi pertsona atxilotu dituzte Gasteizen emakumeak prostituitzera behartzea leporatuta

Haien ia biktima guztiak egoera irregularrean dauden atzerritarrak dira, bizirauteko euren borondatearen kontra prostituitu behar izan direnak.


2023-09-07 | Irutxuloko Hitza
Venezuelako zazpi emakume Donostiako pisuetan prostituitzeaz akusatutako talde bat epaituko dute

Irailaren 14tik aurrera, bost gizon eta bi emakume epaituko dituzte, talde espainiar-venezuelar bateko ustezko kideak, ustez egunean 24 orduz, astean zazpi egunetan, Donostiako pisuetan “edozein motatako sexu zerbitzuak” ematera behartzen zituzten Venezuelako zazpi... [+]


Sexu langileen hitzak erdigunean

Puta zikinak liburua sexu langileen baldintza materialez, burutazioez, antolakuntzaz eta problemez mintzo da. Nerea Fillatek eta Hedoi Etxartek, Katakrak argitaletxeko editoreek, Iruñean aurkeztu dute liburua.


2023-03-14 | Euskal Irratiak
Sexu langileen lekukotasunak biltzen dituen liburu baten kontra oldartu da CAPP kolektibo feminista Baionan

Katakrak argitaletxearen Puta zikinak liburuaren kontra oldartu da CAPP Collectif Abolition Porno Prostitution kolektibo feminista Baionan, Elkar liburudendan. Juno Mac eta Molly Smith idatzi liburuaren azalak urratu eta "Prostituzioa: bezeroak, bortxatzaile... [+]


Eguneraketa berriak daude