“Errefuxiatuen errealitateari ez diogu benetan erreparatzen eta sufrimenduak hor jarraitzen du”

  • Migrazioaren errealitateak beren protagonisten ahotik ezagutarazteko sortu zuten Erei elkartea Miren Zubeldia Plazaolak (1984) eta Arantzazu Zubeldia Plazaolak (1987). Oñatiko ahizpa hauen ustetan, lehen pertsonan helarazitako mezu horiei esker soilik eman daiteke, irudimen kolektiboan, zenbaki huts izatetik gizaki bilakatzerako jauzia.

Erei elkarteko Miren eta Arantzazu Zubeldia Plazaola ahizpak, hurrenez hurren. (Argazkia: Jon Garate)

2022ko azaroaren 25an - 10:37
Azken eguneraketa: 15:28

Europara migratu duten asilo eskatzaileek eta errefuxiatuek sorturiko liburu, erakusketa eta dokumentalak Euskal Herriko hainbat txokotara ekartzen ari da asteotan Erei elkartea, lan horien egileekin batera antolaturiko solasaldiez lagundurik. Azaroaren 22an, Lesvosen bizi ziren zenbait errefuxiatuk egin duten Nothing about us without us dokumentalaren proiekzioa antolatu zuten Donostiako Okendo kultur etxean.

Lesboseko kanpalekuan kazetari rola hartzeko pausoa eman duten Afganistango gazte errefuxiatu batzuek egin dute dokumentala. Zergatik da hain garrantzitsua haiena haiek kontatzea?

Miren Zubeldia: Gu ezin garelako haien lekuan jarri. Jaio garen leku eta pribilegioagatik, eta normaltasuna ulertzeko dugun eragatik, ezin garelako egoera horretan jarri. Munduko enpatia guztia izanda ere.

"Errealitate migratorioak kontatzeko, zein hobeto prozesu migratorio bat azalean bizi izan duena baino?"

Arantzazu Zubeldia: Errealitate migratorioak kontatzeko, zein hobeto prozesu migratorio bat azalean bizi izan duena baino? Dokumentalean, zenbait errefuxiatuk aipatzen zuten kazetari lana egiteko pausoa eman zutela, haiekin hitz egiten zuten nazioarteko kazetariek ez zituztelako haiek ikusten zituzten gauza berdinak kontatzen.

Kritika egin zieten kazetariei, kanpalekuan istorio berezi bat sortzen zen aldiro agertu eta hortik bi egunetara berriz alde egiten zutelako, funtsezko arazoa, kanpalekua, atzean utzita.

M. Zubeldia: Kazetari modura zuk zure interesa izan dezakezu kontatzen duzuna kontatzerakoan, baina ez dakizu zein den aurrean duzun beste pertsona horren interesa. Kasu askotan, batarenak eta bestearenak ez dute bat egiten.

Eta istorioaren tonuan ere jauzi bat dago, ezta? Errefuxiatuak, biktima gisa agertzetik, subjektu aktibo izatera pasatzen dira.

M. Zubeldia: Dramatik urruntzea lortzen da, eta zu pertsona moduan agertzen zara, zure bizitzarekin, ametsekin eta gaitasunekin. Gehienetan, migratzaileei buruz hitz egiten denean, zaurgarritasun irudia helarazten da, eta uste dugu begirada hori aldatu egin beharra dagoela.

A. Zubeldia: Gurekin lan egin izan duten hainbatek esan digute ez dutela atsegin errefuxiatuaren etiketa horrekin geratzea. Badirudi horrek beste guztia estaltzen duela, hori baino ez direla. Baina beraiek ez dira horrela sentitzen. Agian une horretan errefuxiatu egoeran egon daitezke, ados, baina beste gauza asko ere badira.

M. Zubeldia: Pertsonak dira, beren osotasunean, eta hori da transmititu behar duguna.

Zenbaki hutsak baino gehiago direla, alegia.

"Esan izan digute kazetariek beti galdera sinple berdinak egiten dizkietela"

M. Zubeldia: Bai, baina azkenean beti zaku berean sartzen ditugu denak. Guri esan izan digute kazetariek beti galdera sinple berdinak egiten dizkietela.

A. Zubeldia: Arazoari buruz eta bere biktimei buruz benetako interesik gabe informatzeak eragiten du herritarrek errefuxiatuak zenbaki huts bezala hautematea, eta egoeraren aurka zerbait egiteko pausorik ez ematea.

Dokumentalaren osteko solasaldian, egileetako batek gogoratu zuen azken asteetan Greziako uretan ia 100 pertsona hil direla zenbait naufragiotan. Behar duten garrantzia ematen diegu halako albisteei?

A. Zubeldia: Bizitzak erlatibizatzen ditugu, eta hori argi ikusi dugu Ukrainako gerraren kasuan. Zer nolako babesa jasotzen dute batzuek eta zer nolakoa besteek… Hori argi dago. Eta hori informatzeko moduaren ondorioa ere bada.

M. Zubeldia: Bai, eta kopuruen inguruan hitz egiten dugunean ere bai. Batek esan dezake, “Hara! Orain soilik 1.000 errefuxiatu daude Lesbosen!” [22.000tik gora izatera heldu ziren], eta horrekin lasai geratzen gara. Baina ez diogu bizi duten errealitate horri benetan erreparatzen eta, ezer egiten ez dugunez, sufrimenduak hor jarraitzen du.

Eta zerk eraman zintuzten ahots horiei leku eman nahi izatera?

A. Zubeldia: Gure esperientzia pertsonaletatik sortu da Erei, Grezian egon garelako biok hainbatetan, boluntario modura. Eta kontua da, bueltatu izan garen aldiro, konturatu garela gure lagunek eta familiak ez dakitela benetan zer pasatzen den han. Gauzak horrela, pentsatu genuen: zein izan daiteke aldaketa bat lortzeko egin dezakegun ekarpenik onena? Ba ikusitakoa kontatzea.

M. Zubeldia: Baina betiko galdera zetorkigun gainera. Nor gara gu, gure posizio eta begirada horretatik, errefuxiatu kanpaleku batean gertatzen dena kontatzeko? Beren arazoak kontatzeko nahian zeuden pertsona migratu asko ezagutzen genituen, beraz, zergatik ez dugu hau dena haien bitartez kontatuko? Eta horretan jarri ginen.

A. Zubeldia: Beharrezkoa dela uste dugu, isilaraziak izan diren ahotsak direlako, eta Euskal Herrian bizi den norbaitentzat oso zaila delako lehenengo pertsonan kontaturiko istorio horietara iristea.

M. Zubeldia: Istorioa haien bitartez jasotzen duzunean, pertsona horiei aurpegia jartzen diezu, izena. Eta harreman zuzena sortzen duzu Euskal Herrian dagoen ikusle horren eta Grezian edo beste lekuren batean dagoen protagonista horren artean. Eta pertsona errefuxiatuak, zenbakiak izatetik, zu eta ni bezalako pertsonak izatera pasatzen dira ikusten ari denarentzat.

Erei elkartearen hurrengo ekitaldia

Yadullah Mousawi zuzendari afganiarrak Lesboseko Moria kanpalekuan grabaturiko “ASH” tele-antzerkiaren emanaldia. Obra Asturiaseko Giza Eskubideen zinemaldian estreinatu zen eta emakume afganiarren borroka islatzen du, hitzik gabeko arte eszenikoaren bitartez. Emanaldiaren ostean, filmaren zuzendariarekin solasteko aukera izango da.

Eguna eta lekua: Azaroaren 29an, 19:00etan, Hernaniko Kulturateko Plaza Feministan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


Eguneraketa berriak daude